Irakasle erretiratuen borondatezko lankidetza unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako hainbat jardueratan, bai eta Esperientziaren Sarean ere

2025ko urtarrilaren 16, osteguna

113/2024 FORU AGINDUA, abenduaren 12koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko irakasle erretiratuen borondatezko lankidetza arautzen duena unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen jardueretan eta Esperientziaren Sarean.

Irakasleek hezkuntza administrazioak herritarren esku jartzen duen funtsezko zerbitzu publikoa ematen dute. Egiten duten jarduera, Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluan aitortutako hezkuntzarako eskubidearen esparruan, gizarte demokratiko bateko bizikidetzaren oinarrizko printzipioei eragiten dien kontuetako bat da.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak honako hau ezartzen du 104. artikuluko 1. apartatuan: "Irakasleek beren eginkizunaren gizarte-garrantziagatik merezi duten tratua, begirunea eta errespetua jasotzeaz arduratuko dira hezkuntza administrazioak".

Irakasleak dira Nafarroako hezkuntza sistema eraikitzeko oinarri nagusietako bat. Hala ere, azken urteotan irakasleen erretiroen kopuruak gora egin duenez, galdu egin da urte askotako esperientziari esker metatutako ezagutza transferitzearen balio erantsia.

Hezkuntza Departamentuak funtsezkotzat jotzen du irakasle erretiratuen lana aintzat hartzea eta aintzatestea, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen bizitzan irakasle horien borondatezko lankidetza arautzeko erabakiak hartzea ere, haien ezagutzak eta esperientzia alde batera ez uzteko. Faktore horiek aktibo ezin hobea dira ikastetxeetan egiten diren jardueren kalitatea hobetzeko. Era berean, Hezkuntza Departamentuak uste du irakasle erretiratuei on egiten ahal diela beste belaunaldi batzuekin harremanetan egoteak, eta beren autoestimua indartzen ahal dela gizartearentzat zalantzarik gabe erabilgarriak diren jardueretan zuzenean parte hartzeagatik.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da esperientzia duten irakasleen talentua indartzeko baldintzak ezartzea, erretiroa hartze hutsagatik egiten duten ekarpen baliotsua alde batera ez uzteko; hori guztia Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitate eta hobekuntza irizpideei jarraikiz. Horretarako, beharrezkoa da arau esparru bat ezartzea, erretiratutako irakasleen eta Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen arteko lankidetza eraginkorra bermatu eta bultzatzeko, bai eta irakasle horien esperientzia profesionalari probetxu ateratzeko ere.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

Irakasle erretiratuen borondatezko lankidetza unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako hainbat jardueratan, bai eta Esperientziaren Sarean ere