Herritarren parte-hartzea sustatzeko proiektuak garatzen dituzten herritar-erakundeentzako diru-laguntzak

2025ko otsailaren 3, astelehena

Deialdi honetan herritarren entitateek bultzatutako parte-hartzea aipatzen denean, era honetako ekimenei buruz ari gara: entitateok bultzatzen dituzten ekimenak, beren bazkideek edota boluntarioek barruko nahiz kanpoko dinamiketan modu aktiboan parte har dezaten eta gobernu organoen erabakiak demokratikoak izan daitezen sustatzeko. Multzo horren barruan sartzen dira, era berean, komunitate garapena bultzatzeko asmoz entitate horiek sustatzen dituzten ekimenak, eta sustatzen dituzten beste ekimen batzuk, herritarrek jarrera aktiboa izan dezaten bai inguruko arazo ekonomikoen, ingurumenekoen eta sozialen berri izateko eta horiei erantzuteko –nork bere aldetik zein taldean–, bai beren bizi baldintzak hobetzeko.

906E/2024 EBAZPENA, abenduaren 2koa, Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntza deialdi hau onesten baita: "Herritarren entitateei dirulaguntzak emateko deialdia, gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean herritarren parte-hartzea bultzatu eta sustatzeko proiektuak". DDBN identifikazioa: 801826.

 

Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuak ditu Nafarroako Gobernuaren herritarren parte-hartzearen arloko politikaren eskumenak, eta Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez aplikatzen ditu. Zuzendaritza nagusi horrek esleiturik ditu, beste eskumen batzuen artean, herritarren partaidetza, arreta eta informazioa; horiek guztiak gauzatzeaz Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzua arduratzen da, halaxe baitagokio Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legeak, partaidetzazko gizarte bat sendotzeko asmoz, sentsibilizazio neurri batzuk ezartzen ditu 60. artikuluan, horien artean honako hau (b letran): gizarte entitateen eta herritarren elkarteen jarduera sustatzeko dirulaguntzen deialdia, urterokoa.

Herritarrei kudeaketa publikoan parte hartzeko aukera ematen bazaie, konfiantza sortzen da; izan ere, horrela, gobernuak indartzen dira, politika publikoak legitimatzen dira, gizarteko pluraltasuna integratzen da, interes sozialak agenda publikoan sartzea errazten da, herritarrak inplikatzen dira bizitza publikoa antolatzeko prozesuetan, eta gizarte zibilaren funtzioa indartzen da. Jakin badakigu herritarren entitateek zeregin garrantzitsua dutela, herritarrengandik hurbilen diren erakundeak dira-eta; hori horrela, Nafarroako Gobernuak, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuaren bidez, eta lan hori sustatu eta erraztu nahian, asmoa du finantza laguntza ematen segitzeko Foru Komunitatean herritarren entitateek bultzatzen dituzten partaidetza prozesuei.

Departamentu honetan Ekonomia eta Ogasun Departamentuak duen kontu-hartzaile delegatuak horretarako adostasuna eman du.

Horrenbestez, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuaren bidez esleituta ditudan ahalmenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea herritarren entitateei dirulaguntzak emateko, 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean proiektuak gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean herritarren parte-hartzea bultzatzeko eta sustatzeko. Herritarren entitatetzat ulertuko dira toki ekintzako taldeak, garapenerako lankidetzako GKEak, herritarren elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuk.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, 75.000 euroko gastua baimentzen da "Parte-hartzea sustatzeko proiektuak, irabazi-asmorik gabeko elkarte eta bestelako entitateentzako dirulaguntzak" izeneko 010005 01700 4819 924900 partidan edo 2025eko gastuen aurrekontuan gaitzen den antzeko partidan, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago. Aldaketak egiten ahalko dira, 5. oinarrian ezarritako moduan eta gehieneko zenbatekoan.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta eranskinen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

Herritarren parte-hartzea sustatzeko proiektuak garatzen dituzten herritar-erakundeentzako diru-laguntzak