Diru-laguntzak suhiltzaile boluntarioen udal elkarte bat duten eta Nafarroako Gobernuarekin lankidetza hitzarmena sinatu duten Nafarroako udalei

2025ko otsailaren 24, astelehena

14288E/2024 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza deialdi bat onesten duena suhiltzaile boluntarioen udal talde bat duten Nafarroako udalentzat, 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra arte haien funtzionamenduan laguntzeko. Deialdian parte hartzeko baldintza da Nafarroako Gobernuarekin lankidetza-hitzarmena sinatua izatea. DDBN identifikazioa: 806158.

 

Babes zibila zerbitzu publiko bat da, eta helburua du arrisku larrietan, hondamendietan edo lazeria publikoetan pertsonak eta ondasunak babestea, pertsonen ondasunak, segurtasuna eta bizia arriskuan badaude. Zerbitzu publiko hori antolatzen, jarduten eta betetzen bateko eta besteko administrazio publikoek hartzen dute parte, baita herritarrek ere, bete beharrekoak konplituz eta borondatezko laguntza emanez.

Azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak babes zibilaren eta larrialdien arloetan dituen zerbitzuak kudeatzea.

Bestalde, udalak dira larrialdi egoera bati aurre egiteko oinarrizko eta lehen instantzia. Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko 8/2005 Foru Legearen 27. artikuluak udalei aitortzen die babes zibilaren udal egitura bat sortzeko ahalmena.

2021eko otsailaren 9an izenpetu zen lankidetza-hitzarmen bat Barne Zuzendaritza Nagusiaren eta Agoitz, Bera, Goizueta, Izaba, Leitza, Lesaka eta Luzaideko udalen artean, babes zibilaren arlokoa, suhiltzaile boluntarioen taldeentzat. Hitzarmen horren arabera, taldeok sartzen dira larrialdiei aurre egiteko sistema publikoan.

Horien ondorioz, Nafarroako Gobernuak, Barne Zuzendaritza Nagusiaren bidez, konpromisoa hartzen du suhiltzaile boluntarioen etxeen jarduerak ekonomikoki laguntzeko, gastu arruntak eta inbertsioak finantzatzen dituzten dirulaguntzen bidez, baldin eta Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren jarraibideen arabera beharrezkotzat jotzen badira suhiltzaile boluntarioen etxearen funtzionamendu edo hobekuntzarako.

Beren aldetik, udalek hainbat betebehar hartzen dituzte beren gain, operatiboan eraginkorki txertatzeko, beste profesional eta boluntario batzuekin batera.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte, eta segurtatuko dira publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta kontrolaren printzipioak.

Suhiltzaile boluntarioen etxeen jarduera etenik gabe garatzen da denboran zehar, gertatzen diren larrialdien eta eman behar dituzten zerbitzuen arabera; hortaz, jarduera hori ez dagokio aurrekontu-ekitaldi jakin bati. Horrenbestez, beharrezkoa da suhiltzaile boluntarioen taldea duten Nafarroako udalei ematen zaizkien dirulaguntzen araubidearen oinarriak ezartzea eta argitaratzea, aurretiko tramitazioaren bidez, suhiltzaile boluntarioen etxeen funtzionamendu normala bermatuko duten mantentze-lanak eta inbertsioak egiteko, dirulaguntza horietan publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta kontrolaren printzipioak betetzen direla bermatuz, baita administrazio emaileak finkatutako helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia ere.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuaren aldeko txostena izanik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Suhiltzaile boluntarioen udal taldea duten Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko deialdia onestea, 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean haien funtzionamenduan laguntzeko. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. 203.000,00 euroko gastua baimentzea, kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintzarekin, ondoren aipatzen diren xehetasunekin:

  • 181.000,00 euro, 2025. urtean Nafarroako 2024ko aurrekontu orokorretako partida honen baliokidea izanen den partidaren kargura: F43000 F4300 4609 134200, "Dirulaguntzak udalei suhiltzaile boluntarioentzat".
  • 22.000,00 euro, 2025. urtean Nafarroako 2024ko aurrekontu orokorretako partida honen baliokidea izanen den partidaren kargura: F43000 F4300 7609 134200, "Dirulaguntzak udalei suhiltzaile boluntarioentzat".

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Deialdi honen, oinarrien eta haren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin bat.

5. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzura, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko Boluntarioen Bulegora, Suhiltzaileen eta Babes Zibilaren arloetako Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu honetan duen kontu-hartzailetza delegatura eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

Diru-laguntzak suhiltzaile boluntarioen udal elkarte bat duten eta Nafarroako Gobernuarekin lankidetza hitzarmena sinatu duten Nafarroako udalei