Diru-laguntzak babes zibilaren arloan kualifikazio eta jarduera espezifikoa duten eta Nafarroako Gobernuarekin lankidetza hitzarmena sinatu duten boluntariotzako entitateei

2025ko otsailaren 24, astelehena

14286E/2024 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza deialdi bat onesten duena babes zibilaren arloan kualifikazio eta jarduera espezifikoa duten boluntariotza entitateentzat, 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean haien funtzionamenduan laguntzeko. Deialdian parte hartzeko baldintza da Nafarroako Gobernuarekin lankidetza-hitzarmena sinatua izatea. DDBN identifikazioa: 806166.

 

Babes zibila zerbitzu publiko bat da, eta helburua du arrisku larrietan, hondamendietan edo lazeria publikoetan pertsonak eta ondasunak babestea, pertsonen ondasunak, segurtasuna eta bizia arriskuan badaude. Zerbitzu publiko hori antolatzen, jarduten eta betetzen bateko eta besteko administrazio publikoek hartzen dute parte, baita herritarrek ere, bete beharrekoak konplituz eta borondatezko laguntza emanez.

Ulertu behar da sistema publiko hau multzo egituratu eta koordinatu bat dela, ahalegin publiko eta pribatuak batzera bideratzen dena, larrialdietan arreta eta laguntza materiala emateko. Hala jasota dago Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 39. eta 39 bis artikuluetan, eta sistemaren parte dira, besteak beste, boluntariotzako entitateak.

Azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak babes zibilaren eta larrialdien arloetan dituen zerbitzuak kudeatzea.

Nafarroako Gobernuak lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu boluntariotza elkarteekin eta beste entitate batzuekin, horiek Nafarroako babes zibilaren sisteman integratzeko helburuz, halako moduz non, boluntariotza sustatuz, boluntarioen etengabeko prestakuntza eta laguntzaren kalitatea zainduko dituzten, hain zuzen ere honako hauetan aritzen diren boluntarioen kasuan: zakurren bidezko salbamendu espezializatuan, haitzulo eta leizeen ingurune zailean aritzen diren espezialistekin jarduten, ingurune naturalean bilaketak egiten eta larrialdi handietan, eta mendiko prebentzioa ere barnean dela, betiere jarduteko prozedurak aginte bakarraren printzipioari jarraituz antolatuta.

Hitzarmen horien ondorioz, Nafarroako Gobernuak, Barne Zuzendaritza Nagusiaren bidez, konpromisoa hartu du entitate horien jarduerak diruz laguntzeko, gastu arruntak eta inbertsioak finantzatzen dituzten dirulaguntzen bidez, baldin eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuaren jarraibideen arabera beharrezkotzat jotzen badira entitate horien eta haien instalazioen funtzionamendu edo hobekuntzarako. Beren aldetik, entitateek hainbat betebehar hartzen dituzte beren gain, operatiboan eraginkortasunez txertatzeko, beste profesional eta boluntario batzuekin batera.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte, eta segurtatuko dira publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta kontrolaren printzipioak.

Babes zibileko boluntariotza entitate horien jarduera etenik gabe garatzen da denboran zehar, gertatzen diren larrialdien eta eman behar dituzten zerbitzuen arabera; hortaz, jarduera hori ez dagokio aurrekontu-ekitaldi jakin bati. Horrenbestez, beharrezkoa da Nafarroako udalei eta babes zibileko toki elkarteei ematen zaizkien dirulaguntzen araubidea arautzen duten oinarriak ezartzea eta argitaratzea, aurretiko tramitazioaren bidez, haien funtzionamendu normala eta etenik gabea bermatuko duten mantentze-lanak eta inbertsioak egiteko, dirulaguntza horietan publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta kontrolaren printzipioak betetzen direla bermatuz, baita administrazio emaileak finkatutako helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia ere.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuaren aldeko txostena izanik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Babes zibilaren arloan kualifikazio eta jarduera espezifikoa duten boluntariotza entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onestea, 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31 arte haien funtzionamenduan laguntzeko. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. 70.000,00 euroko gastua baimentzea, kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintzarekin, ondoren aipatzen diren xehetasunekin:

  • 55.000,00 euro, 2025. urtean Nafarroako 2024ko aurrekontu orokorretako partida honen baliokidea izanen den partidaren kargura: F43001 F4400 4819 134100, "Irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzak".
  • 15.000,00 euro, 2025. urtean Nafarroako 2024ko aurrekontu orokorretako partida honen baliokidea izanen den partidaren kargura: F43001 F4400 7819 134100, "Irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzak".

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Deialdi honen, oinarrien eta haren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin bat.

5. Ebazpen hau igortzea Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko Boluntarioen Bulegora, Suhiltzaileen eta Babes Zibilaren arloetako Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu honetan duen kontu-hartzailetza delegatura eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

Diru-laguntzak babes zibilaren arloan kualifikazio eta jarduera espezifikoa duten eta Nafarroako Gobernuarekin lankidetza hitzarmena sinatu duten boluntariotzako entitateei