Desgaitasuna duten pertsonen arloko gizarte-ekimeneko erakundeentzako diru-laguntzak, desgaitasuna duten pertsonentzako familia-atsedeneko programak garatzeko

2025ko maiatzaren 29, osteguna

Diruz lagundu beharreko programaren begiraleak erakundeak edo desgaitasuna duen pertsonak emandako boluntarioak izan daitezke.

563E/2025 FORU AGINDUA, apirilaren 24koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita 2025. urterako, desgaitasuna duten pertsonen arloan ari diren gizarte ekimeneko entitateek desgaitasuna duten pertsonen familiei atseden emateko programak garatu ditzaten. DDBN identifikazioa: 829490.

 

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Orobat, xedatzen du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Agindu hori Nafarroako Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboaren arabera eman zen, bat etorriz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluan xedatutakoarekin. Agindu hori Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluan xedatutakoarekin lotu behar da; izan ere, horren arabera, botere publikoek desgaitasuna duten pertsonen autonomia pertsonal osoa eta inklusio soziala bermatuko duten politikak bultzatuko dituzte, ingurune zeharo irisgarrietan. Era berean, kolektibo horretako erakundeen parte-hartzea sustatuko dute, legeak ezartzen duen moduan. Bereziki artatuko dira emakumeen eta desgaitasuna duten adingabeen premia espezifikoak.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. Haren "Bermatu gabeko prestazioak" izeneko II. eranskinean, C) 16 atalean, desgaitasuna duten pertsonen arloan aritzen diren gizarte zerbitzuetako entitateentzako dirulaguntzak ezartzen dira, eta xedatzen baliabidearen helburua dela desgaitasuna duten pertsonen autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko programak gauzatzea eta horrelako programak garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateetan asoziazionismoa sustatzea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez ezartzen da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzekoa zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Arau horren 17. artikuluak norgehiagokako araubidea ezartzen du, eta halakotzat jotzen du dirulaguntza emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz eskaeren arteko lehentasun ordena ezartzeko, eta ordena horren arabera esleitzea dirulaguntza, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe. Salbuespenez, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, dirulaguntzetarako bideratu den gehieneko zenbateko osoa dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatzea proposatuko da.

Azaroaren 28ko 31/2022 Foru Legeak, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzkoak, ezartzen du nahitaezkoa dela klausula sozialak sartzea dirulaguntzen oinarrietan edo horiek emateko arauetan. Kontuan izanda deialdi hau desgaitasunaren sektoreko entitateei zuzenduta dagoela, zeinetan deialdi honen xedeko programek helburu baitute berariaz erantzutea desgaitasuna duten pertsonen premiei, haien autonomia eta bizi-kalitatea bermatuta, bai eta mendekotasunari arreta ematea eta aurrea hartzea ere, baldintza hori osorik betetzen da.

Ekainaren 5eko 60/2024 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari lotutako txosten teknikoa eta juridikoa ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea foru agindu honen I. eranskinean ageri diren oinarriak, zeinen bidez arautzen baita desgaitasuna duten pertsonen arloan ari diren gizarte ekimeneko entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat, desgaitasuna duten pertsonen familiei atseden emateko programak garatu ditzaten 2025. urtean.

2. 150.000 euroko gastua baimentzea, 2025eko gastu-aurrekontuko "Desgaitasuna duten pertsonen familiei atseden emateko programa" izeneko 920005-93100-4819-231B45 partidaren kontura.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

Desgaitasuna duten pertsonen arloko gizarte-ekimeneko erakundeentzako diru-laguntzak, desgaitasuna duten pertsonentzako familia-atsedeneko programak garatzeko