2024-2026 urteetan migratzaileak eta errefuxiatuak hartzeko eta haiei laguntzeko proiektuetarako irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeentzako dirulaguntzak

2024ko maiatzaren 10, ostirala

Boluntarioak izatea proiektuak baloratzeko irizpideetako bat da.

30E/2024 EBAZPENA, apirilaren 5ekoa, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntza honen deialdia: "Irabazi-asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateentzako dirulaguntza, migratzaile eta errefuxiatuei harrera eta lagun egiteko proiektuak egin ditzaten 2024-2026 urteetan". Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 749761.

 

Urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren 2 ter artikuluan arautzen da etorkinen integrazioa, lege horren bidez arautu baitziren atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunak, bai eta etorkin horien gizarteratzea ere.

Bestalde, urriaren 30eko 12/2009 Legeak, asilo-eskubidea eta babes subsidiarioa arautzen dituenak, bere 30. eta 31. artikuluetan jasotzen ditu nazioarteko babesa eskatzen dutenen gizarte eskubideak eta harrera.

Horrela, bada, dirulaguntza hauen xedea da egoera oso ahulean dauden migratzaileen gizarte inklusioa lortzea, kontuan izanik irregulartasun administratiboa faktore erabakigarria dela gizarte bazterketaren egoera larrietan eta pertsonen inklusioa mugatzen duela.

Deialdi honek bidea ematen die entitate interesdunei berdintasunez parte hartzeko eta, era berean, bermatzen du dirulaguntzak irizpide objektiboei jarraikiz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politikaren esparru orokorrean ezarritako jarraibideen arabera lehenetsiko dira.

Espedientean jasota daude Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuaren proposamen txostena eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren txosten juridikoa eta onespena, bai eta kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea dirulaguntza deialdi bat, irabazi-asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateek migratzaileei eta errefuxiatuei harrera eta lagun egiteko proiektuak egin ditzaten 2024-2026 urteetan, eta, orobat, deialdiaren oinarri arautzaileak eta balorazio irizpideak ere onestea, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jaso bezala.

2. 200.000,00 euroko gastua baimentzea, zeina 2024ko gastuen aurrekontuko "Migratzaileei harrera eta lagun egiteko entitateentzako dirulaguntzak, PE EGIF+ 21-27" izeneko 350001 35100 4819 231905 (PEP EE-23/000611-01 elementuarekin) partidaren kargura finantzatuko baita. Halaber, 275.000,00 euroko gastua baimentzea, 2025 eta 2026ko ekitaldietan xede berdinerako gaitzen diren gastuen aurrekontuen partiden kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzura, Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira; Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzailetza delegatura; eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN).

Iruñean, 2024ko apirilaren 5ean.–Migrazio Politiketako zuzendari nagusia, Marisol de la Nava Martín.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

 

 2024-2026 urteetan migratzaileak eta errefuxiatuak hartzeko eta haiei laguntzeko proiektuetarako irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeentzako dirulaguntzak