Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, dirulaguntzen deialdi bat argitaratu du, toki-erakundeek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek mugaz gaindiko lankidetza-jarduerak gara ditzaten, Nafarroaren eta Pirinio Atlantikoetako departamenduaren (Frantzia) arteko harremanak garatzen eta indartzen laguntzeko.
Eskabideak aurkezteko epea martxoaren 11ra arte dago irekita, eta 50.000 euroko aurrekontua du. Besteak beste, kirolaren arloko ekitaldiak edo mugaz gaindiko esperientziak zabaltzeko ekitaldiak; gazteak eta, oro har, hezkuntza-arloko truke programak, turismo-azoketan edo merkataritza-azoketan parte hartzea edo mugaz haraindiko oztopoak antzemateko azterlanak egitea hartzen ditu barnean. Berariaz kanpo geratzen dira merkataritzarako, irabazi-asmoetarako edo erabilera profesionalerako jarduerak, bai eta diruz lagundutako beste laguntza batzuek ere. Era berean, ez dira diruz lagunduko aurreko deialdietan finantzatutako beste proiektu batzuen berdinak diren proiektuak.
Erakunde bakoitzeko proposamen bakarra lagunduko da diruz, eta, hautatua izanez gero, bidaia-gastuen eta horiek egiteko gastu zuzenen % 100eko finantzaketa lortuko du, gehienez ere 5.000 eurokoa. Eskabideak baloratzean, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan: aurkeztutako jarduera-programaren kalitatea, mugaz gaindiko lankidetzaren intentsitatea, proiektuaren iraunkortasuna edo bere aurrekontua. Diruz lagundu ahal izateko, proposamenek gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte 100etik.
Web-mintegi informatiboa
Parte hartu nahi duten erakundeek deialdiaren inguruko zalantzak argitu ahal izan ditzaten, otsailaren 21ean, ostirala, goizeko 11etan, Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak web-mintegi bat antolatu du deialdiaren xehetasun guztiak azaltzeko.
Bilkura Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok aurkeztuko du, eta Kanpo Ekintzako zuzendari nagusi Sergio Perezek emango dio amaiera. Parte hartuko dute, halaber, Iñaki Martínez de Vírgala Eskualdeen Arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren zerbitzuburuak eta Marina Roncal Eskualdeen Arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzaren atalburuak. Gainera, 2024ko deialdian finantzatutako bi esperientzia ezagutu ahal izango dira, Eslabako Udalaren proiektua bata, eta Enpresari Gazteen Elkarteko ('LABAJERA') bestea.
Erakunde interesdunek aldez aurretik eman beharko dute izena, horretarako prestatutako internet bidezko formulario baten bidez.