Deialdiak langile boluntarioek balorazio-irizpideen barruan parte hartzea aurreikusten du, eta, gainera, boluntarioen prestakuntza eta eguneratzea finantzatzeko aukera ematen du, baita begiraleena ere, programa bakoitzeko 500 euro gehienez ere.
105E/2025 EBAZPENA, abenduaren 19koa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita, fundazioei, gizarte-ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei dirulaguntzak emateko, zahartze osasuntsua sustatzeko programa komunitarioak egin ditzaten 2025eko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era arte. DDBN kodea: 870407.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarri behar dituela, eta horiek argitara eman beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.
Aipatu Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, dirulaguntza-deialdi honen xedea da fundazioek, gizarte-ekimeneko kooperatibek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek, herritarren parte-hartzearekin, zahartze osasuntsua sustatzeko programa komunitarioak garatzea, bat etorriz Osasun Departamentuak politika sanitarioaren esparru orokorrean sustatzen dituen irizpideekin, bereziki, ekintza horien xedea bada Osasun Plan indardunean, 2022-2025 Nafarroako Osasun Publikoaren Planean eta Zahartze Aktibo eta Osasuntsurako Estrategian aipatzen diren helburuak betetzea, eta bat badatoz Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (aurrerantzean, NOPLOI) bizimoduei buruz ematen dituen gomendioekin.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.
Azaldutakoarekin bat, NOPLOIren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 248/2023 Foru Dekretuaren 10.g) artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat onestea, fundazioei, gizarte-ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei dirulaguntzak emateko, herritarren zahartze osasuntsua sustatzeko programa komunitarioak egin ditzaten 2025eko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era arte, bai eta haren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen 1., 2. eta 3. eranskinetan azaldutakoarekin bat.
2. Ebazpen honetatik sorturiko konpromisoei erantzuteko, 150.000 euroko gastua erreserbatu eta baimentzea, oraingo "Gizarte-erakundeentzako dirulaguntzak, zahartze osasuntsua sustatzeko" izeneko 520001-51200-4819-313907 partidaren baliokide gisa 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaituko den partidaren kargura, kreditu egokia eta nahikoa badago.
Orobat, 20.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu-gehikuntza eginez gero, dirulaguntzak emateko ebazpenaren aurretik baimendu eta jakinarazi beharko da, eta ez du ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ez eta laguntzak emateko ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea berriz zenbatzen hastea ere.
3. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
4. Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da haren aurka, Osasuneko zuzendari nagusiari zuzenduta. Hilabeteko epea izanen da horretarako, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
5. Ebazpen hau igortzea NOPLOIko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Osasun Zuzendaritza Nagusira, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)