20E/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 19koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntzen deialdi bat onesten duena 2024an turismo elkarteek, toki erakundeek eta turismo partzuergoek, Turismoaren Plan Estrategikoaren ondorioz, turismo arloan egiten dituzten garapen eta marketin jarduketetarako. DDBN identifikazioa: 750150.
2018-2025 aldirako Nafarroako Turismoaren Plan Estrategikoa (TPE, hemendik aurrera) Nafarroan turismo jarduera sendotzeko plangintza tresna da, eta bost helburu nagusi ditu:
1. Hurbileko merkatuetan Nafarroaren posizioa sendotzea.
2. Nafarroa eta Iruña Europako merkatu turistikoan posizionatzea, eskari-fluxu deseztazionalizatuak erakartzeko, destinoan batez besteko eguneko gastua handia dutenak.
3. Lehiakortasun turistikoa zentratzea segmentuen eta produktuen desberdintzapenean eta Nafarroa-Iruña destinoaren esparruan, lurraldeko ondare natural eta kulturaleko elementuetan eta pertsonetan lagundurik, jasangarritasunean exijentzia-maila altua duen testuinguruan.
4. Enpresaburuen arteko lankidetza eta entitate turistikoekikoa bultzatzea, horrela baterako ekintzaren eraginkortasuna eta egitura produktiboen egokitzapena indar dadin.
5. Espazio turistikoaren kudeaketaren lurralde-egituraketa hobetzea, lurralde mailako entitateen arteko lankidetza bultzatuz eta administrazioen arteko koordinazioa hobetuz.
Deialdi honek Turismoaren Plan Estrategikoaren helburuak eta turismoaren jasangarritasuneko planen helburuak elkartzen ditu, eta, toki erakundeen, partzuergoen eta elkarteen ekintzen orientazioaren bidez, ahaleginak batu nahi ditu lurralde kohesionatua, lehiakorragoa, inklusiboagoa eta turistikoki jasangarriagoa lortzeko.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak zehazteko, ehuneko jakin bat aplikatuko zaio jarduketa diruz lagungarrietarako gastuari, oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideen arabera. Aurrekontuan dagoen dirua ez bada aski kalkulu hori eginda ateratzen diren dirulaguntzen guztirakoa ordaintzeko, haien artean hainbanatuko da deialdiaren konpromisoei erantzuteko baimendutako gastua.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea turismo elkarteek, toki erakundeek eta turismo partzuergoek turismo arloan egiten dituzten garapen eta marketin jardueretarako.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:
AURREKONTUKO PARTIDA |
EKITALDIA |
ZENBATEKOA |
A30001-A3100-4819-432100: Turismoko dirulaguntzak elkarteentzat |
2024 |
194.000,00 |
A30001-A3100-4609-432100: Turismoko dirulaguntzak toki erakundeentzat eta partzuergoentzat |
2024 |
200.000,00 |
"Turismoko dirulaguntzak toki erakundeentzat eta partzuergoentzat" izeneko A30001 A3100 4609 432100 partidaren kontura baimendutako kreditua handitzen ahalko da, gehienez beste 50.000 euro gehituta, 2024ko gastuen aurrekontuko "Turismoko dirulaguntzak toki erakundeentzat eta partzuergoentzat" izeneko A30001 A3100 4609 432100 partidaren kontura, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3) artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin, eta aldez aurretik eginda behar diren aurrekontu aldaketak.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko martxoaren 19an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)