Programa bakoitzeko gehienez 500 euroko dirulaguntza emango da boluntarioen eta begiraleen prestakuntza eta eguneraketarako.
Aldi berean, boluntarioak programak baloratzeko irizpideen parte dira.
1786E/2023 EBAZPENA, azaroaren 21ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi bat, toki erakundeei dirulaguntzak emateko 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era arte sustantzia-adikzioek eta sustantziarik gabeko adikzioek eragindako ondorioen prebentzio komunitariorako programak egiteko. DDBN identifikazioa: 725282.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritakoarekin bat, dirulaguntza deialdi honen xedea da toki erakundeek ekintza espezifikoak gauzatzea osasunaren arloan prebenitu, sustatu eta mantentzeko programa komunitarioak garatzeko, herritarren parte-hartzearen testuinguruan, bat etorriz Osasun Departamentuak osasun politikaren esparru orokorrean sustatzen dituen irizpideekin, bereziki, ekintza horien xedea denean Osasun Plan indardunean, Nafarroako Osasun Publikoaren 2022-2025 aldiko Planean, Drogen eta Adikzioen III. Prebentzio Planean eta Drogei buruzko Plan Nazionalean aipatzen diren helburuak betetzea, eta bat datozenean Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak bizimoduei buruz ematen dituen gomendioekin.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 artikuluaren bidez, Osasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 30eko 269/2019 Foru Dekretuaren 8.v) artikuluaren bidez eta Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 30eko 68/2023 Foru Dekretuaren bidez emanik ditudan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea toki erakundeei 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era arte sustantzia-adikzioek eta sustantziarik gabeko adikzioek eragindako ondorioen prebentzio komunitariorako programetarako dirulaguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak, ebazpen honen 1., 2. eta 3. eranskinetan deskribatuta dagoen bezala.
2. Ebazpen honetatik sorturiko konpromisoei erantzuteko, 310.419 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastu-aurrekontuko "Adikzioen prebentziorako udal planetarako dirulaguntzak" izeneko 520001-51200-4609-313902 partidaren baliokidea izateko, 2024ko aurrekontuetan gaitzen den aurrekontu-partidaren kargura, kreditu egokia baldin badago.
Orobat, 200.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
3. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
4. Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio bidea, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da haren aurka, Osasuneko kontseilariari zuzenduta. Hilabeteko epea izanen da horretarako, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
5. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Osasun Departamentuko Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko azaroaren 21ean.–Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio López Andrés.
1. ERANSKINA.–TOKI ERAKUNDEEI 2023KO ABENDUAREN 1ETIK 2024KO AZAROAREN 30ERA ARTE SUSTANTZIA-ADIKZIOEK ETA SUSTANTZIARIK GABEKO ADIKZIOEK ERAGINDAKO ONDORIOEN PREBENTZIO KOMUNITARIORAKO PROGRAMETARAKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Dirulaguntzaren xedea.
Deialdi honen xedea da toki erakundeei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, sustantzia-adikzioek eta sustantziarik gabeko adikzioek eragindako ondorioen prebentzio komunitariorako programak egin ditzaten beren eskualdeko zerbitzu eta baliabideekin elkarlanean, esku-hartzeko esparruak (familia, komunitatea, elkarteak, eskola...) artikulatzen dituzten taldekako ekintzen eta ekintza komunitarioen bidez; ekintza horiek erantzuna ematen diete populazioaren beharrei prebentzio ekimenen bitartez (giroko prebentzioa, unibertsala, selektiboa eta/edo adierazia), metodologia komunitarioak erabiliz eta komunitatea inplikatuz, populazioan adikzioen aurreko arrisku faktoreak gutxitzeko eta babes faktoreak eta bizimodu osasungarriak indartzeko, aisialdi moduak ere kontuan hartuz, aisialdi digitala horien artean dagoela, nerabe eta gazteen artean gero eta garrantzia handiagoa duelako.
Ulertzen da sustantzia-adikzioek eta sustantziarik gabeko adikzioek eragindako ondorioen prebentzio komunitariorako programa komunitarioak direla talde eta komunitateen osasuna sustatu eta hobetzeko helburua dutenak eta, horretarako, taldeetan dauden dinamiketan bermatzen direnak (talde informalak, elkarteak, baliabideak eta zerbitzuak, administrazio publikoak, etab.). Era berean, talde eta komunitate horien ahalmenak garatzea bilatzen dute, eta ongizatera eta bizi-kalitatera bideratutako ekintza- eta jarduera-aukerak sortzen laguntzen dute, betiere argi izanik funtsezkoa dela xede-komunitateak parte hartzea prozesuetan eta gizarteko sektoreen arteko lan partekatua, hau da, sareko lana.
2. Erakunde onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen bidez ezartzen diren dirulaguntzen onuradunak toki erakundeak izaten ahalko dira, deialdiaren epean osasunaren prebentzio, sustapen eta mantentzeko ekintzak edo programak egiten badituzte Nafarroako Foru Komunitatean, eta Osasun Departamentuak zehazturiko lehentasunekin bat etortzen badira.
Erakunde eskatzaileak ezin dira egon dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten gainerako egoeretan, zeinak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarrita baitaude.
Baldintza horiek guztiak diruz laguntzen den jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira. Erakunde onuradunaren erantzukizuna da, aldaketarik bada, horien berri ematea.
3. Gastu diruz lagungarriak, diruz lagungarriak ez direnak, eta laguntzen zenbatekoak.
1. Gastu diruz lagungarriak.
a) Programako jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren zuzeneko gastuak, hala nola honako hauek:
a.1) Higiezinen alokairuak eta horiek erabiltzearen ondoriozko gastu arruntak, diruz lagundutako jarduerak erakundearen jarduketa guztiei eragiten dien zati proportzionalean.
a.2) Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak eta hornidurak.
a.3) Bidaiak eta dietak. Langileen mugigarritasunari lotutako gastuak dira, jarduerak egitearekin lotura zuzena dutenak, betiere gainditu gabe Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuak (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa).
a.4) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak. Erakundeaz kanpoko profesionalen kontratazioari dagozkion gastuak dira, diruz lagundutako proiektuan jasotzen den jarduera jakin bat egiteko.
a.5) Gastu diruz lagungarritzat joko dira finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako programa egiteko peritu gastuak eta berariazko administrazio gastuak, baita banku-bermerako gastuak ere, baldin eta zuzeneko lotura badute dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatu nahiz gauzatzeko. Bankuetako kontuen zor interesak ez dira inoiz diruz lagungarriak izanen.
b) Zeharkako gastuak, emandako dirulaguntzaren %15 edo gutxiago direnean. Proiektuaren zeharkako gastutzat hartuko dira, ondorio horietarako, erakunde onuradunaren funtzionamendu orokorreko gastuak (langileriaren beste gastu batzuk, lokalenak, bulego materialak eta beste gastu arrunt batzuk). Zeharkako gastu horien %85, gutxienez, Nafarroan egin beharko dira.
2. Diruz lagungarriak ez diren gastuak:
Gastu hauek ez dute dirulaguntzarik izanen:
a) Gastu inbentariagarriak. Gastu inbentariagarriak dira erabileragatik azkar hondatu ezin direnak eta erosteko prezioa 600 eurokoa edo hortik gorakoa dutenak.
b) Inbertsioak.
c) Erakundearen beraren publizitateari edo sustapenari loturiko gastuak.
d) Aurreikusitako jarduerak betetzeaz bestelako helburua duten bidaiak.
e) Instrukzio organoaren ustez, programan sartutako jardueren garapenari loturik ez dagoen prestakuntza.
f) Deialdiaren 2. eranskinean ezarritako moduluak gainditzen dituzten kopuru unitarioak. Eranskin horretan jaso gabeko kasuetan, ez da dirulaguntzarik emanen Foru Komunitateko Administrazioan indarra duten tarifetatik gorako jardueren kostuetarako.
g) Material inprimatua edo digitala: materialerako dirulaguntza emanen da, bakar-bakarrik eta salbuespenez, instrukzio organoaren iritziz ezinbestekoa bada programaren helburua lortzeko.
h) Jardunaldi, kongresu eta kanpamenduetara joate hutsa, monitoreak eta boluntarioak izan ezik.
i) Monitoreak, laguntza edo segurtasunerako pertsonak jaibusetan.
j) Langileak edo adikzioen tratamendua osatzeko laguntzak, tokiko dirulaguntzak eta hirugarrenentzako dirulaguntzatzat hartzen ahal diren transferentziak.
k) Ikasleekin ikasgeletan egiten diren jarduerak.
l) Eskola sustatzaileek egindako jarduerak.
m) Lan osasuneko jarduerak eta lanbide prestakuntza, salbu eta monitoreen eta boluntarioen kasuan.
3. Laguntzen zenbatekoa.
Ebazpen honetatik sorturiko konpromisoei erantzuteko, 310.419 euroko gastua eginen da 2023ko gastu-aurrekontuko "Adikzioen prebentziorako udal planetarako dirulaguntzak" izeneko 520001-51200-4609-313902 partidaren baliokidea izateko 2024ko aurrekontuetan gaitzen den aurrekontu-partidaren kargura, kreditu egokia baldin badago.
Orobat, 200.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko.
Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik.
Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
4. Eskabideak.
1. Noiz eta non aurkeztu.
a) Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Eskabideak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian argitaratutako deialdiaren fitxatik (hemendik aurrera "laguntzen fitxa"), "Tramitatu" atalean (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).
Horretarako, nahitaez eduki behar da ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo cl@ve.
Dokumentazioa agiri bereizietan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela, laguntzen fitxan eskuragarri dauden artxiboen zenbakiak eta izenak aldatu gabe.
Eskabideek helbide elektroniko gaitu bakarra adieraziko dute, eta hura baliatuko da komunikazio eta jakinarazpenetarako bide gisa Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalaren eta erakunde eskatzaileen artean.
c) Adierazitako epetik kanpo aurkezten diren eskabideak ez dira onartuko.
d) Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Inprimakiak laguntzen fitxan egonen dira eskuragarri.
Toki erakundeek programa bakarra aurkezten ahalko dute dirulaguntza lerro honetan, arlo edo departamentu bakoitzeko, haien egituraren arabera.
a) Eskabide ofiziala.
b) Dirulaguntza eskatzen duenaren ordezkaritza frogatzen duen dokumentazioa.
c) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, erakundearen ordezkariak egina, adierazten duena erakundea, haren administratzailea eta/edo ordezkaria dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten egoeretatik bakar batean ere ez daudela. Egoera horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.
e) Transferentzia bidezko ordainketa eskatzeko inprimakia, behar bezala betea.
f) Dirulaguntzaren aurrerakinik eskatuz gero, deialdiaren 9. oinarriko 1. puntuan xedaturikoarekin bat, erakunde eskatzaileak, oinarri horretan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak aldez aurretik behar dituela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.
g) Erakundearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, helburu bererako beste dirulaguntzarik eskatu edo jaso ote duen adierazten duena.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoetako Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedaturikoarekin bat, ez dago b), c), d) eta e) letretan eskatzen diren dokumentuak aurkeztu beharrik, baldin eta horiek Foru Komunitateko Administrazioak dagoeneko dauzkan datuak badira, betiere datu horiek ageri diren espedientea edo deialdia adierazten bada eta ez bada gertatu aldaketarik aurkeztu zirenez geroztik.
Eskaera aurkezteak berekin dakar erakundeak Osasun Departamentuari baimena ematea Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan, jakiteko eskatzaileak bete dituen bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
3. Eskabideko akatsak zuzentzea.
Eskabideak ez baditu betetzen adierazi diren betebeharrak, instrukzio organoak erakunde interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, hala egin ezean, haren eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 68. artikuluan xedatzen den bezala.
5. Prozedura instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak.
1. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak izapidetuko ditu eskaerak, eta Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atala izanen da instrukzio organoa, zeinak dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen diren egiaztatuko baitu eta eskaerak ofizioz baloratuko baititu, deialdi honen arabera.
Instrukzio organoak programak ebaluatzeko eta bidezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egiteko argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, eta diruz lagundutako jardueraren gaineko frogagiri guztiak eskuratzen ahalko ditu.
2. Osasuneko zuzendari nagusia da dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Ebazpen hori 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatuta. Epe hori iragan eta ebazpena berariaz jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat joko dira.
6. Dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazioko arau orokorrak.
1. Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
2. Eskaerak 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera baloratuko dira, deialdiko 3. eranskinean ezarritako irizpideak kontuan hartuta.
Ikusten bada programak edo jarduerak 3. oinarriaren 2. puntuaren arabera dirulaguntza jaso ezin dezaketen gastuak dituela, edo deialdi honen eremuari ez dagozkion jarduerak dituela, horiexek kendu eta berriz eginen da eskaeraren ebaluazio ekonomikoa, hura baloratu baino lehen.
7. Erakunde onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntza hartzen duten erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza jasotzen duten jarduerak eskaeretan eta dirulaguntza ematen duen ebazpenean adierazitako baldintzetan gauzatzea, bai eta hala egin izana frogatzea ere. Diruz laguntzen diren jarduerak 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitarte eginen dira, Nafarroako Foru Komunitatean.
b) Osasun Departamentuari beste erakunde batzuek helburu eta xede bererako emaniko laguntza edo dirulaguntza guztien berri ematea, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen. Beste laguntzarik jaso ezean, hori ere adieraziko da justifikazio memoriarekin batera. Eskaera egiteko inprimaki ofiziala eskuratzeko bide berberak erabiliz lor daiteke erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.
c) Oro har, deialdi honen kargura egiten diren ekintzetan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala jarri beharko da, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren 2. artikuluan eta hura aldatzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Horren berri aurretiaz eman behar zaio instrukzio organoari.
Web-helbide honetan deskarga daitezke logoen zenbait bertsio: (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala).
d) Dirulaguntza jasotzen duten toki erakundeak behartuak egonen dira "Adikzioei buruzko udal programetako jardueren memoria teknikoa" aurkeztera, eta erraztasunak emanen dituzte beren profesionalek Drogen eta Adikzioen Prebentzio Planean proposatzen den prestakuntzan parte har dezaten.
e) Jarduerak egin bitartean gertatzen diren aldaketa guztien berri ematea instrukzio organoari, baldin eta dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzei eragiten badiete.
f) Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz, bermatuko da hizkuntza inklusiboa erabiltzen dela programa erredaktatzeko eta proposamenak aurkezteko sortzen diren dokumentu eta material guztietan, baita programa hedatu eta gauzatzeko sortzen direnetan ere, eta bermatuko da, halaber, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun balioak, estereotipatu gabeko genero-rolak eta zainketen erantzukidetasuna erakusten dituzten irudiak erabiltzen direla.
g) Jardueretan talde ariketa fisikoak proposatzen dituzten eskaeretan, horiek zuzentzen dituzten teknikariek Nafarroan kirol lanbidean hasteko eta jarduteko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean eskatzen diren kualifikazio profesionalak izan beharko dituzte.
h) Orobat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak betetzea.
8. Aldaketak.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, haren berri eman beharko zaio instrukzio organoari, eta emandako laguntza aldatzeko eskatu beharko da.
Gertatzen diren gorabeherak behar adina arrazoituko dira aldaketaren eskaeretan; gertatu bezain laster formulatuko dira eta, betiere, dirulaguntzaren xedeko jarduera gauzatzeko epea bukatu baino lehen; aurkezten direnetik beranduenez hilabeteko epean ebatzi beharko dira eta, bidezkoa bada, laguntza aldatuko da eta, zein den kasua, dagokion diru kopurua itzuliko.
Programa gauzatzeko diruz lagundutako gastu-moten artean gehienez ere %5eko desbideratze ekonomikoa onartuko da, haren osotasunari eragiten diola ulertu gabe.
Erakundearen borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik erakundeak ezin badu diruz lagundutako programetako bat garatu, instrukzio organoari jakinaraziko dio. Aurrerakinik kobratu ez badu, dirulaguntza osoa edo partziala kobratzeko eskubidea galduko du. Aurrerakinik kobratu badu, kopuru osoa itzuliko da.
9. Dirulaguntzaren ordainketa.
1. Ordainketa aurreratua.
Erakunde onuradunek hala eskatzen dutenean, eta frogatzen dutenean beharrezkoa dela funts likidoen hornidura egitea dirulaguntzaren xedeak betetzeko, aldez aurretik ordaintzen ahalko da emandako dirulaguntza, Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
Horretarako, erakundeak, dirulaguntzaren eskabidearekin batera, kontuen egoera orria aurkeztu beharko du, aurreko urteko bukaerari dagokiona, bai eta 2024ko diru-sarrera eta gastuen mugimenduen aurreikuspena ere, edo beste edozein egiaztagiri, dirulaguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretik funtsez hornitu beharra duela frogatzeko.
Beharrezkotzat jotzen bada, Idazkaritzak emaniko ziurtagiri bat aurkeztuko da, aurreko paragrafoan aipatutako alderdiak adierazita, hots: diru sarrera eta gastuen aurreikuspena, eta programa gauzatzeko aldez aurretiko funts horniduraren beharra.
Ordainketa aurreratua jaso duten erakundeen kasuan, 2024ko abenduaren 18an amaituko da justifikazioa aurkezteko epea.
2. Ordainketa jarduera osorik justifikatu ondoren.
Erakundeak ez badu eskatzen ordainketa aurreraturik, Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eginen da ordainketa, jardueraren justifikazio tekniko eta ekonomikoa 10. oinarrian xedatutakoaren arabera aurkeztu ondotik.
Ordainketa aurreraturik jaso ez duten erakundeen kasuan, 2024ko azaroaren 30ean amaituko da justifikazioa aurkezteko epea.
10. Dirulaguntzaren justifikazioa.
1. Memoria tekniko batek eta memoria ekonomiko batek osatuko dute justifikazioa, non adieraziko baita jarduera egin dela, baita 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era egin diren gastuak ere.
2. Erakundeak bitarteko telematikoen bidez aurkeztu beharko du justifikazioa, eredu ofizialean (laguntza-fitxan dago eskuragarri) eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalari zuzenduta.
3. Diruz lagundutako programa edo jardueraren memoria ekonomikoari fakturen eta ordainagirien kopiak erantsiko zaizkio. Fakturekin batera, haien zerrenda zenbakitua eta kontzeptuka zehaztua aurkeztuko da, euskarri informatikoan (kalkulu-orri elektronikoa). Fakturak bat etorri behar dira Fakturazio-betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin.
Memoria ekonomikoan dirulaguntza jaso duen programari dagokion gastua azaldu behar da. Langileak kontratatuz gero, Gizarte Segurantzaren eta PFEZen gastuak onartzen ahalko dira, 2025eko otsailaren 5era artekoak.
4. Jasotako dirulaguntzaren erabilera justifikatzeko, memoria teknikoaz gainera, gastuak diruz lagundutako jarduerari egoki aplikatu zaizkiola adierazten duen ziurtagiria aurkezten ahalko da, udaleko idazkariak sinatua eta kontu-hartzaileak ikus-onetsia, toki erakundean kontu-hartzailea egonez gero; gainera, programari loturiko fakturen zerrenda gehitu ahalko zaie.
5. Memoriak aurkezteko epea bukaturik, eta horiek diruz lagundutako jarduerarekin bat datozela egiaztatu ondoren, instrukzio organoak espedientea itxiko du, aldez aurretik fiskalizazioa eginda.
11. Azpikontratazioa.
Erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera batzuk hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko ditu, baina diruz lagundutako zenbatekoaren %50era bitarte gehienez, baldin eta behar bezala justifikatuta badago.
Azpikontratazioa egiteko asmoa nahitaez adierazi beharko da aurkezten diren eskaeretan, xehetasunez.
Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, erakunde onuradunak frogatu beharko du efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituz hautatu duela enpresa hornitzailea, hiru hornitzaileren aurrekontu bana aurkeztuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedaturikoarekin bat.
Beste entitate batzuekin itundutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa. Azpikontratazioetan, orobat, nahitaez betetzekoak izanen dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 26. artikuluan aurreikusitako gainerako betebeharrak.
Entitate kontratatuek erakunde onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.
Kontzeptu horretatik kanpo geldituko da erakunde onuradunak diruz laguntzen den jarduera bere kasa aurrera eramateko egin behar dituen gastuak kontratatzea –hala nola monitoreei edo profesionalei ordaintzea zerbitzu bat eman dezaten–, betiere erakunde onuradunak egiten badu programaren plangintza eta jarraipena.
12. Bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateragarriak izanen dira beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin, salbu xede bererako erabiltzen ahal diren Osasun Departamentuaren dirulaguntzekin.
Nolanahi ere, programa baterako jasotako dirulaguntzen guztirako zenbatekoa (estatuko zein nazioarteko administrazio publiko, erakunde publiko, entitate pribatu eta norbanako guztiek emandako dirulaguntzak) inolaz ere ezin da izan haren kostu osoa baino gehiago.
13. Itzulketak eta ez-betetzeak.
1. Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
2. Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
3. Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
4. Behar den dokumentazioa ez bada aurkezten justifikazioa egiteko epeetan, baina bai ondoko 5 egunen barruan, hauxe izanen da atzerapenagatiko penalizazioa: %5 murriztuko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Atzerapeneko seigarren egunetik aurrera, penalizazioa %1 handituko da igarotzen den egun bakoitzeko, 15 egunera arte gehienez ere.
14. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren erakundeak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
15. Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.
16. Bidezko diren administrazio-errekurtsoak.
Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da aplikatzeko egintzen aurka, Osasuneko kontseilariari zuzenduta eta hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.b) artikuluarekin.
17. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Osasun Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren http://www.nafarroa.eus webgune ofizialean eta Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean, honako hauek adierazirik: deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.
18. Datuen babesa.
Eskaeran eta deialdi honetan aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira deialdia ebazteko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Datuen tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren Atarian dago ikusgai, zehazki, Osasun Departamentuaren "Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa" izeneko atalean, web helbide honetan: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datuen-babesa.
2. ERANSKINA.–DIRUZ LAGUNTZEN AHAL DIREN GEHIENEKO MODULUAK
a) Langileei, kilometroei eta irakaskuntzari dagokienez, diruz laguntzen ahal diren gehieneko ordainsariak Foru Komunitateko Administrazioan indarrean daudenak izanen dira: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/langile-publikoen-ordainsariak edo haien lan hitzarmenean indarra dutenak.
b) Jardunaldietan, irakaskuntza eta prestakuntza saioetan, jardueretan eta antzekoetan, hauexek izanen dira gehieneko tarifak:
–Hitzaldia, tailerreko irakaskuntza edo hezkuntza-jarduera: irakasteko gehienekoa Foru Komunitateko Administrazioarentzat indarrean dagoena izanen da orduko, 16 ordu tailer edo hezkuntza-jarduera bakoitzeko, eta 72 ordu gehienez programa bakoitzeko.
–Hitzaldiak, jardunaldiak, mahai-inguruak, antzerkiak, zineforumak: gehienez 155 euro saioko, 55 euro mahai-inguruan parte hartzeagatik eta 500 euro programa bakoitzeko; salbuespena dira zenbait eskualdetan garatzen diren programak (behar bezala egiaztatu behar da).
–Boluntarioen eta monitoreen prestakuntza eta eguneratzea: 500 euro gehienez ere programa bakoitzeko.
–Jaibuseko ekintzetan: eskatutako zenbatekoaren herena gehienez ere.
–Eskolako laguntza jardueretan, behar bezala justifikatuta badaude: eskatutako zenbatekoaren erdia gehienez ere.
–Adikzioen prebentzioa berariaz lantzen ez duten baina haiekiko babes faktoreak bultzatzen dituzten jardueretan: eskatutako zenbatekoaren erdia gehienez ere.
–Ariketa fisikoko taldeak: gehienez 250 euro taldeko eta hilabeteko, eta, gehienez, 3 talde programako, salbu eta toki erakundeek oinarrizko laguntzako zentroen laguntzarekin egiten dituzten programetan, zeinetan taldeen kopurua oinarrizko laguntzako zentroek esaten dutenaren araberakoa izanen baita. Garraiorako dirulaguntza eskualdeko programetan baizik ez da emanen.
–Jardueren zabalkunde gastuak: gehienez 250 euro programa bakoitzeko.
–Jardueretarako paper-gauzen gastua: gehienez 350 euro programa bakoitzeko. Behar bezala justifikatutako eta zehaztutako beste material batzuk, gehienez ere 2.000 euro programa bakoitzeko.
Eranskin honetan ezartzen direnak baino tarifa handiagoak aurkezten badira, beharrezkoak direla justifikatu beharko da, eta instrukzio organoak jarduerak egin baino lehen onartu beharko ditu. Bestela, eranskinean aurreikusitakoak ordainduko dira, edozein dela ere haien egiazko kostua.
3. ERANSKINA.–PROGRAMEN BALORAZIOA
Programa bat dirulaguntza jasotzeko modukotzat jotzeko, 30 puntu lortu beharko dira gutxienez. Horietarik 15 gutxienez 2. atalean lortu beharko dira (programaren kalitatea).
Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko da programaren kostuari portzentaje bat aplikatuta, lorturiko puntuen adinakoa, betiere gutxieneko puntuazioa gainditzen bada, eta aurrekontuko kontsignazioaren arabera. Kreditu erabilgarria gaindituz gero, dirulaguntzak hainbanatuko dira, baremoa aplikatzetik ateratzen diren kopuruen arabera.
Balorazio irizpideak.
Irizpide hauek erabiliko dira balorazioan:
1. Aurkezturiko programa bat etortzea eta/edo osagarria izatea Osasun Departamentuaren lehentasunezko arlo eta helburuekin: 25 puntu arte.
1.1. Nafarroako edo Estatuko plan eta estrategia indardunekin bat etortzea: 15 puntu arte.
–Bat etortzea Drogen eta Adikzioen III. Prebentzio Planarekin: 8 puntu arte.
–Bat etortzea Drogei buruzko Plan Nazionaleko Drogen kontrako Ekintza Planarekin: 5 puntu arte.
–Bat etortzea Osasun Sistema Nazionaleko Osasunaren Sustapenerako eta Prebentziorako Estrategiarekin toki eremuan: 2 puntu arte.
1.2. Osasun Departamentuaren eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren lehentasunezko osasun-helburuak (Drogei buruzko Plan Nazionalaren deialdiaren arabera aurkeztutako eskaeretarako, deialdi horretan zehaztutako helburuak ere hartuko dira kontuan): 5 puntu arte.
–Haurren eta nerabeen osasuna sustatzea: 2 puntu arte.
–Guraso eskola: puntu bat arte.
–Gazteen osasuna sustatzea. Foru Plana: 2 puntu arte.
1.3. Ekitatearen ikuspegia edo lehentasuna duten beste ikuspegi batzuk sartzea: 5 puntu arte.
–Adikzioetarako arrisku faktoreen ikuspegia sartzea, Droga eta Toxikomanien Europako Behatokiaren arabera (prebentzio selektiboaren eta adieraziaren estrategiak): 3 puntu.
–Genero ikuspegia kontuan hartzea: 1 puntu.
–Kultura arteko ikuspegia kontuan hartzea: 1 puntu.
2. Aurkeztutako programaren kalitatea: 40 puntu arte.
2.1. Hasierako egoeraren deskripzioa eta helburuak: 13 puntu arte.
–Beharren hasierako analisia informazio kuantitatiboarekin eta kualitatiboarekin: 4 puntu arte.
–Baliabide komunitarioen hasierako analisia: 3 puntu arte.
–Helburu orokorren argitasuna eta garrantzia: 3 puntu arte.
–Berariazko helburuen zehaztasuna: 3 puntu arte.
2.2. Populazioa eta espero den eragina: 13 puntu arte.
–Erreferentziako populazioaren definizioa, kontuan izanda diruz lagundu beharreko programak programa komunitarioak direla: 3 puntu arte.
–Xede-populazioa: 5 puntu arte.
–Parte-hartzaileengan duen eraginaren analisia: 5 puntu arte.
2.3. Metodologia eta ebaluazioa: 14 puntu arte.
–Helburuen, metodologiaren eta planteatzen diren jardueren arteko koherentzia: 7 puntu arte.
–Ebaluazioa adierazle kuantitatibo eta kualitatiboekin: 7 puntu arte.
3. Erakundeak programa aurrera eramateko duen egokitasun maila: 35 puntu arte.
3.1. Osagarritasuna eta integrazioa beste programa eta entitate batzuekin: 9 puntu arte.
–Integrazioa eskatzailearen beste ekimen batzuekin: 3 puntu arte.
–Integrazioa eskualdean garatzen diren beste programa batzuekin: 3 puntu arte.
–Pertsona guztientzat hurbileko prebentzio-egiturak garatzea, prebentzio unibertsal, selektibo eta adierazia bultzatzen duten esku-hartzeekin: 3 puntu arte.
3.2. Komunitatearen eta xede-populazioaren parte-hartzea sustatzea, esku hartzeko eta autolaguntzarako eremuak askotarikoak izatea: 10 puntu arte.
–Prebentzio komunitarioaren estrategiak erabiltzea: 3 puntu arte.
–Sareko lana: 3 puntu arte.
–Bitartekaritza soziala erabiltzea: 2 puntu.
–Berdinen arteko hezkuntza: 2 puntu.
3.3. Erakunde eskatzailearen kofinantzaketa: 5 puntu arte.
–Konfinantzaketa ≥ %50: 5 puntu.
–Konfinantzaketa < %50: 2 puntu.
–Ez dago kofinantzaketarik: 0 puntu.
3.4. Programa gauzatzeko gaitasun teknikoa: 8 puntu arte.
–Erakunde eskatzaileko profesionalen arduraldia programan: 5 puntu arte.
–Erabilitako baliabideak aurkeztu den programarako egokiak izatea: 3 puntu arte.
3.5. Boluntarioen parte-hartzea: 3 puntu arte.
–Aurkeztutako programak boluntariorik badu guraso elkarteekin, bitartekariekin, haur eta gazteen aisian eta abarrekin egindako esku-hartzeetan: 2 puntu.
–Erakunde eskatzailean boluntarioak izatea: 1 puntu.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)