Onuradunek lan-planean parte hartzeko dituzten mekanismoak (parte hartzeko metodologiaren deskribapena, aurreikusitako talde eragileak, aurreikusitako partaidetza-taldeak, boluntariotza, mentoretza, idatzizko akordioak, gogobetetze-inkestak edo beste batzuk) ebaluazio-irizpideen parte dira.
203E/2025 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena toki entitateei dirulaguntzak emateko, 2026. urtean, kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren nahiz xenofobiaren aurkako borrokarako teknikariaren figura (TECIR) finantzatzeko. DDBN kodea: 867462.
Nafarroako biztanleen aniztasun soziokulturalean izandako hazkunde prozesu biziak errealitate berri bat ekarri du Nafarroako gizartera. Hori horrela, askotariko aldaketak egin beharra dago, Foru Komunitate osoari zeharka eragiteko. Dirulaguntzen deialdi hau egiturazko errealitate berri horri erantzutera dator, xede baitu kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren nahiz xenofobiaren aurkako borrokarako teknikariak finantzatzen laguntzea, figura horien bidez kulturen arteko bizikidetza hobetzeko Nafarroako Foru Komunitateko eskualde guztietan.
Esku-hartze komunitariorako figura honen sorrera, beraz, plangintza estrategiko bati dagokio, zehazki honi: Nafarroako Kulturen arteko Bizikidetzaren Estrategia (2021-2026). Estrategia hori partaidetza-prozesu zabal bati esker garatu zen, eta Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 2021eko abenduaren 22an hartutako Erabakiaren bidez. Horrela, bada, estrategia horren esparruaren barnean daude Nafarroako Gobernuak, hurrengo urteetan, kulturen arteko bizikidetzaren arloan garatuko dituen politika publikoak.
Figura hori oso lagungarria izaten ari da Nafarroako herritar guztien inklusioaren alde egiteko, haien jatorria edozein dela ere; izan ere, esku-hartze komunitarioak egiten dituzte, eta prestakuntza, aholkularitza eta laguntza ematen diete tokiko esparruko bestelako eragile eta erakundeei. Eragin positiboa atzeman da, baita ere, Nafarroan bizi diren guztien parte-hartzean eta elkarreraginean, hobetu baita. Hori ikusita, dirulaguntzen deialdi hau egiten da, kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren nahiz xenofobiaren aurkako borrokarako teknikarien kontratazio berriak, toki entitateenak, finantzatu daitezen 2026an. Izan ere, deialdi honen bidez handituko da Nafarroako Foru Komunitateko eskualdeetan dauden kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren nahiz xenofobiaren aurkako borrokarako teknikarien guztizko kopurua.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren nahiz xenofobiaren aurkako borrokarako teknikariak finantzatzeko, 2026. urtean. Deialdiarekin batera, haren oinarri arautzaileak eta balorazio irizpideak onesten dira (ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jaso dira).
2. 116.000 euroko gastua erreserbatzea eta baimentzea, 2026ko gastuen aurrekontuan 2025eko gastuen aurrekontuko honako partida honen baliokide gisa gaituko den partidaren kargura: 350002 35200 4609 231902 partida, "Toki entitateentzako dirulaguntzak, kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren aurkako borrokarako teknikarietarako" izenekoa. Dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2026ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.
3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzura, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzailetza delegatura.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)