Laguntzen helburua da elkarteek arreta-defizitaren nahasmendua (hiperaktibitatearekin edo gabe) duten ikasleen familiei aholku eta sostengua emateko jarduerak sustatu eta bultzatzea, familia berriei harrera egitea eta haientzako orientazioa sustatzea, guraso eskola sustatzea, gaitasun kognitibo eta sozialak garatzeko lantegiak egitea, eskola-laguntza ematea, profesionalak eta boluntarioak trebatzea eta arreta-defizitaren nahasmenduak (hiperaktibitatearekin edo gabe) zuzenean edo zeharka ukitzen dituen pertsonentzako eta profesionalentzako mintegiak egitea.
400/2024 EBAZPENA, irailaren 25eko, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, laguntza deialdi bat onesten duena arreta-defizitaren nahasmendua (hiperaktibitatearekin edo gabe) duten ikasleen beharrei erantzuteko asmoz Nafarroan lan egiten duten elkarteentzat, 2023-2024 ikasturtean gauzatzen dituzten jarduera eta proiektuen ondoriozko gastuak ordaintzen laguntzeko. DDBN identifikazioa: 787428.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 72.5 artikuluak hauxe dio hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleei buruz: "Hezkuntza administrazioek beste administrazio batzuekin, irabazi asmorik gabeko beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin eta beste erakunde edo elkarte batzuekin lankidetzan jardun ahal izango dute ikasle horien eskolatzea errazteko eta ikasle horiek ikastetxean hobeto txertatzeko".
Halaber, hezkuntza arloan ikasleen aukera berdintasuna benetakoa dela bermatzeko asmoz, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 18ko 65/2012 Foru Agindua argitaratu zen, ikaskuntzaren nahasmenduengatik eta arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduagatik hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei eman beharreko erantzuna arautzen duena Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan.
Arreta-defizitaren nahasmendua (hiperaktibitatearekin edo gabe) duten ikasleen beharrei erantzuteko Nafarroan lan egiten duten elkarteek jarduerak sustatu, bultzatu eta gauzatzen dituzte, hainbat helbururekin: arreta-defizitaren nahasmendua (hiperaktibitatearekin edo gabe) duten ikasleen familiei aholku eta sostengua ematea, familia berriei harrera egitea eta orientazioa ematea, guraso eskola, lantegiak gaitasun kognitibo eta sozialak garatzeko, eskola-laguntza, profesionalak eta boluntarioak trebatzea eta arreta-defizitaren nahasmenduak (hiperaktibitatearekin edo gabe) zuzenean edo zeharka ukitzen dituen pertsonentzako mintegiak, profesionalak izan edo ez.
Horregatik guztiagatik, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak laguntza deialdi bat onestearen aldeko txostena eman du. Deialdi horren bidez, laguntzak emanen zaizkie arreta-defizitaren nahasmendua (hiperaktibitatearekin edo gabe) duten ikasleen beharrei erantzuteko asmoz Nafarroan lan egiten duten elkarteei, 2023-2024 ikasturtean gauzatzen dituzten jarduera eta proiektuen ondoriozko gastuak ordaintzen laguntzeko.
Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Laguntza deialdi bat onestea arreta-defizitaren nahasmendua (hiperaktibitatearekin edo gabe) duten ikasleen beharrei erantzuteko asmoz 2023-2024 ikasturtean Nafarroan lan egiten duten elkarteentzat, baita deialdi horren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen I. eranskinean bildu direnak.
2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den gehieneko gastua baimendu da, 2024ko gastu-aurrekontuko 420004-42700-4809-322400 partidaren kargura ("Hezkuntza berezirako laguntzak").
ZENBATEKOA |
AURREKONTU-PARTIDA |
EKITALDIA |
12.000 euro |
420004-42700-4809-322400 |
2024 |
3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzaile delegatuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko irailaren 25ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)