30E/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 10ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, kirolaren eta jarduera fisikoaren arloko boluntariotza entitateei edo boluntariotza programak dituztenei dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 754115.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak sustatzen duen kirol politikaren xedeen artean daude (3.c artikulua), besteak beste, kirol elkarteak sortzea eta, oro har, parte-hartze soziala eta kirol arloko boluntariotza bultzatzea eta kirol elkarteen egituren funtzionamendu demokratikoa eta parte-hartzailea zaintzea.
Horrela, kirol arloko foru arauak xedatzen du 11. artikuluan "kirol administrazioak guztientzako kirol jarduera sustatuko duela, eta jarduera fisiko libre eta bat-batekoa eta jarduera antolatua erraztuko dituela; halaber, prestakuntzako, sormeneko, parte-hartze sozialeko, oneratze fisikoko eta mantentzeko jarduera ahalik eta gehien eskainiko dituela, Nafarroako herritar guztiek bizi-kalitate hobea izan dezaten".
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak ezartzen du erakunde autonomo horri dagokiola Kirolari buruzko Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitzen dizkion eskumenak erabiltzea, betiere Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren goi mailako plangintzaren, zuzendaritzaren eta babesaren menpe.
Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzari dagozkion eginkizunen artean dago boluntariotza sustatzea eta erregularizatzea, Nafarroako Gobernuko beste unitate batzuekin elkarlanean.
Era berean, Kirola Sustatzeko Atalaren eginkizunetako bat da boluntarioen parte-hartzea sustatzea eta jarduera fisikoak eta kirol jarduerak antolatzen laguntzea.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Kirolaren eta jarduera fisikoaren arloko boluntariotza entitateei edo boluntariotza programak dituztenei dirulaguntzak emateko deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.
3. Dirulaguntza horiek eskuratzeko aurkezten diren eskaeren baloraziorako baremoa eta irizpideak (foru agindu honen II. eranskina) onestea, baita gainerako eranskinak ere.
4. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:
Ikus taula osoa
AURREKONTUKO PARTIDA
EKITALDIA
ZENBATEKOA
A50002-A5100-4819-336104: Dirulaguntza boluntariotza entitateentzat edo boluntariotza programak dituztenentzat, kirolaren arloan.
2024
8.000,00
5. Foru agindu hau eta I. eta II. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatutako agiriak eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren web-orrietan.
6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko apirilaren 10ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)