"Joan, Parte hartu eta kontaiguzu" gazte lankideak sentsibilizatzeko programarako diru-laguntzak

2025ko apirilaren 8, asteartea

324E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, 2025eko dirulaguntzen deialdia onesten duena gazte kooperanteentzako "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" sentsibilizazio programarako. DDBN identifikazioa: 817870.

 

Nafarroako Lankidetzaren III. Plan Gidariak beharrezko tresnak zehazten ditu garapenerako hezkuntzaren ardatz estrategikoa egituratzeko, eta eskatzen du gazte kooperanteen programa martxan jartzeko berriz, lehenago (1995-2011) egin zena Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin batera. "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" programaren helburua da Nafarroako gazteen artean sentsibilizazioa eta elkartasunaren balioa sustatzea. Horretarako, boluntario gisa parte hartuko dute nazioarteko lankidetza programetan, edo garapenerako lankidetzari buruzko tokian tokiko ikastaro teoriko-praktikoetan, hori guztia garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek sustatuta eta gauzatuta.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak, apirilaren 6ko 4/2010 Foru Legearen bidez aldatutakoak, ezartzen du, besteak beste, zer printzipiok, helburuk eta bitartekok gidatu behar duten nazioarteko ekintza solidarioaren arlo hori. Izan ere, 13. artikuluak, beste ekintza eremu batzuen artean, Nafarroako gizarte guztia hezi eta sentsibilizatzeko programa eta proiektuak aipatzen ditu, garapen bidean dauden herrialdeetako errealitatea ulertu eta elkartasuna sustatzeko. Era berean, 26. artikuluan eta hurrengoetan, garapenerako lankidetzako langile gisa sailkatzen dira boluntarioak, eta honela definitzen: interes orokorreko jarduera altruistak eta solidarioak askatasunez egiteko konpromisoa hartzen duten pertsona fisikoak, integratuta daudenak irabazi-asmorik gabeko erakundeetan, zeinek nortasun juridiko propioa izanen baitute eta parte hartuko baitute garapenerako lankidetzaren programa zehatzak kudeatzean edo gauzatzean. Era berean, zehazten da zer betebehar duten garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek boluntarioei dagokienez. Bestalde, foru lege horren 14. artikuluan adierazten denez, funts publikoak izanen dira, besteak beste, garapenerako lankidetza-ekintzak sustatzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Horrenbestez, beharrezkoa da gazte kooperanteentzako "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" sentsibilizazio programarako dirulaguntzen araubidea arautzeko oinarriak ezartzea eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, dirulaguntza horietan publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak bermatzeko, baita administrazio emaileak finkatutako helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eragimena ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu zaizkidan ahalmenak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2025eko dirulaguntzen deialdia onestea gazte kooperanteentzako "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" sentsibilizazio programarako.

2. Deialdiaren oinarriak onestea, foru agindu honen eranskinetan jaso direnak.

3. 85.000,00 euroko gastua baimentzea, aurrekontu-partida honen kargura aplikatuko dena: "(E) Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko 901001 91100 4819 143102 partida, 2025eko gastu-aurrekontukoa.

4. Foru agindu hau eta haren oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)