Irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeentzako dirulaguntzak, Europako babeslekuaren eta migrazioen eremuko jarduera humanitarioen proiektuetarako, 2024. urterako

2024ko maiatzaren 3, ostirala

Esku-hartze jakin baterako dirulaguntza jasotzen duten erakundeek Garapenerako Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 25., 27. eta 28. artikuluetan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte, bai lankideei, bai boluntarioei dagokienez.

24E/2024 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita 2024rako, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko entitateek ekintza humanitarioko proiektuak egin ditzaten Europako babesaren eta migrazioen arloan. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 751466.

 

Urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren 2 ter artikuluan arautzen da etorkinen integrazioa, lege horren bidez arautu baitziren atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunak, bai eta etorkin horien gizarteratzea.

Bestalde, urriaren 30eko 12/2009 Legeak, asilo-eskubidea eta babes subsidiarioa arautzen dituenak, bere 30. eta 31. artikuluetan jasotzen ditu nazioarteko babesa eskatzen dutenen gizarte eskubideak eta harrera.

Bada, dirulaguntza hauen helburua da larrialdi egoeretan edo berehalako arrisku egoeretan laguntzea Europan barna migrazio bidean daudenei, bereziki talde zaurgarrienei (haurrak eta emakumeak).

Deialdi honek bidea ematen die entitate interesdunei berdintasunez parte hartzeko eta, era berean, bermatzen du dirulaguntzak irizpide objektiboei jarraikiz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politikaren esparru orokorrean ezarritako jarraibideen arabera lehenetsiko dira.

Espedientean jasota daude Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuaren proposamen txostena eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren txosten juridikoa eta onespena, bai eta kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea 2024rako, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko entitateek ekintza humanitarioko proiektuak egin ditzaten Europako babesaren eta migrazioen arloan. Orobat, deialdiaren oinarri arautzaileak eta balorazio-irizpideak onestea, zeinak jasotzen baitira, hurrenez hurren, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan.

2. Guztira 150.000 euroko gastua baimentzea 2024ko gastuen aurrekontuko "Dirulaguntza Europako babesaren eta migrazioen arloan ekintza humanitarioak egiteko" izeneko 350000-35000-4819-231900 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzura, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera eta Idazkaritza Tekniko Nagusira; Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Kontu-hartzailetza Delegatura; eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN).

Iruñean, 2024ko martxoaren 27an.–Migrazio Politiketako zuzendari nagusia, Marisol de la Nava Martín.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

 

 Irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeentzako dirulaguntzak, Europako babeslekuaren eta migrazioen eremuko jarduera humanitarioen proiektuetarako, 2024. urterako