Boluntarioak izatea eta esleitutako funtzioak aztertzea proiektuaren balorazio irizpideen parte da.
417E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 20koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita irabazi-asmorik gabeko entitateek 2025. urtean talde ahulenen gizarte-sustapenaren eta gizarte-inklusioaren arloko proiektuak egin ditzaten. DDBN identifikazioa: 822439.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak xedatzen du botere publikoen jarduketek, besteak beste, funtsezko helburu hauek izanen dituztela gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan, autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea, kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea, pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea, eta gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezala bultzatzea, batez ere giza talde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateen bidez.
Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroan (ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua), gizarte-inklusioaren arloan bermatu gabeko prestazioen artean agertzen dira arlo horretan jarduten duten gizarte-ekimeneko entitateentzako dirulaguntzak.
Bestalde, ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak, Foru Komunitateko zergadunek gizarte intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzen duenak, %0,7 horretan sartzen den diruaren azken destinoa ezartzen du, jarduerak eta jardueren hartzaileak finkatu eta lehenesten ditu eta Nafarroako Foru Komunitateko GKEei eta irabazi-asmorik gabeko entitateei parte hartzeko eta inplikatzeko aukera ematen die.
Halaber, deialdia PFEZaren %0,7ko Funtsetik ateratako funtsez hornitutako partida baten bidez finantzatuta dagoenez hein handi batean, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak, 2024ko abenduaren 16ko bilkuran, egokitzat jo du funts hori goiburuan aipatutako deialdian erabiltzea, ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak ezarritakoarekin bat.
Bestalde, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jarduketa-printzipio gidari batzuk ezartzen ditu Nafarroako Foru Komunitatean Konstituzioan jasotako emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eskubidea egiazkoa eta eraginkorra izan dadin bizitzaren eremu eta etapa guztietan. Halaber, aipatu legeak eskatzen du dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berdintasun klausulak jaso daitezela.
Arau horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean bildutako aurreikuspenekin bateragarri izan behar dute. Foru lege horretan ezarrita dago onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei dagokien araubide juridiko orokorra. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.
Deialdi honen xedea da dirulaguntza batzuk emateko oinarri arautzaileak ezartzea, irabazi-asmorik gabeko entitateek gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonen gizarte-inklusiorako jarduketak egin ditzaten.
Deialdiak bidea ematen die entitate interesdun guztiei berdintasunez parte har dezaten eta, era berean, bermatzen du dirulaguntzak irizpide objektiboei jarraikiz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politikaren esparru orokorrean ezarritako jarraibideen arabera lehenetsiko dira.
Ikusirik espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, zeinek adierazten baitute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek ematea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak, legezkoak.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)