Boluntariotza proiektuaren ebaluazio-irizpideen parte da.
323E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez 2025eko dirulaguntzen deialdia onesten baita irabazi-asmorik gabeko entitateek gizarte intereseko programa komunitarioak egin ditzaten langabeentzat. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 818085.
Ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak, Foru Komunitateko zergadunek gizarte intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzen duenak, %0,7 horretan sartzen den diruaren azken destinoa ezartzen du, jarduketak eta ekintzen hartzaileak finkatu eta lehenesten ditu eta Nafarroako Foru Komunitateko GKEei eta irabazi-asmorik gabeko entitateei parte hartzeko eta inplikatzeko aukera ematen die.
Ondorio horretarako, lege horren 3. artikuluan tributuen %0,7ko esleipenetik ateratzen diren diru-sarreren bidez lagunduko diren taldeak jasotzen dira, eta horien artean dago "Prestaziorik gabeko langabeentzako arreta" izeneko taldea. Hortaz, deialdi honen onuradun izanen dira langabe egonik Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SEPE) kotizaziopeko prestazioak hartzen ez dituztenak.
Halaber, deialdia PFEZaren %0,7ko Funtsetik ateratako funtsez hornitutako partida baten bidez finantzatuta dagoenez, Nafarroako Gizarte Ongizateko Kontseiluak, 2024ko abenduaren 16ko bilkuran, egokitzat eman du, aho batez, funts hori goiburuan aipatutako deialdian erabiltzea, ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak ezarritakoarekin bat.
Bestalde, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak xedatzen du botere publikoen jarduketek, besteak beste, funtsezko helburu hauek izanen dituztela gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea; eta gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezala bultzatzea, batez ere giza talde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateen bidez.
Gure erkidegoa jasaten ari den krisi ekonomikoaren ondorioz zuzenean, talde horien barrenean asko ugaritu dira bazterketa sozialeko egoeran izanik oinarrizko errenta jasotzen ari diren pertsonak; horregatik, beharrezkoa da jarduketa horietatik batzuk aipatu prestazioa jasotzen ari diren familia unitateetara bideratzea.
Egoera sozioekonomikoak neurri handiagoan kanporatu ditu lan merkatutik gizarteratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonak, dela adinarengatik, prestakuntza maila eskasarengatik, gutxiengo etnikoetakoak izateagatik, osasun mentaleko prozesuetan egoteagatik, etab.
Batzuetan, kolektibo ahulenek ez dituzte baldintzak betetzen prestakuntza arruntera iristeko (lan merkatura sartu aurreko ohiturak, prestakuntza maila gutxienekoa, gaztelaniaz jakitea, etab.), eta beharrezkoa izaten da aldez aurreko lan handia, sektore ahulenen gaitasun pertsonalak, prestakuntzakoak eta enplegukoak hobetzeko, enplegagarritasuna eta lan merkaturako sarbidea hobetze aldera.
Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroan (ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua), gizarte-bazterketaren arloan bermatu gabeko prestazioen artean agertzen dira arlo horretan jarduten duten gizarte-ekimeneko entitateentzako dirulaguntzak.
Orobat, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jarduketa printzipio gidari batzuk ezartzen ditu Nafarroako Foru Komunitatean Konstituzioan jasotako emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eskubidea egiazkoa eta eraginkorra izan dadin bizitzaren eremu eta etapa guztietan. Halaber, aipatu legeak eskatzen du dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berdintasun klausulak jaso daitezela.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko xedapenekin bateragarri izan behar dute arau horiek. Foru lege horretan ezarrita dago onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei dagokien araubide juridiko orokorra. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.
Deialdi honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea dirulaguntza horiek emateko, hots, irabazi-asmorik gabeko entitateek gizartetik baztertuta eta lanik gabe dauden pertsonak gizarteratzera eta lanean hastera bideratutako jarduketak egin ditzaten.
Deialdiak bidea ematen die entitate interesdun guztiei berdintasunez parte har dezaten eta, era berean, bermatzen du dirulaguntzak irizpide objektiboei jarraikiz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politikaren esparru orokorrean ezarritako jarraibideen arabera lehenetsiko dira.
Ikusirik espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, zeinek adierazten baitute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek ematea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)