Ingurumen-hezkuntza eta -sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen-boluntariotzako proiektuetarako eta herritarren zientzia-proiektuetarako laguntzak

2024ko urtarrilaren 29, astelehena

97/2023 EBAZPENA, abenduaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako eta zientzia herritarreko proiektuetarako laguntzen 2023-2024 ikasturteko deialdia eta oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 734351.

 

Ingurumen hezkuntza, sentsibilizazioa eta boluntariotza norbanakoen eta taldeen ardurakidetza garatzeko tresnak dira, ingurumenaren egoerari eta bilakaerari dagokienez, eta jarreren, balioen eta jokabideen aldaketa soziala sustatzen dute jasangarritasunerantz aurrera egiteko. Zientzia herritarra da jendeak oro har (bai zientzia ikasketak dituztenak, bai horrelakorik ez dutenak) bere borondatez parte hartzea antolatutako jarduera zientifikoetan, eta honako hauek dakartza berekin: galderak egitea eta datuak jaso eta interpretatzea eta jendeak oro har ikerketa zientifikoko jardueretan konpromisoa hartzea. Hori gauzatzen da herritarrek zientzian aktiboki parte hartzen dutenean ahalegin intelektuala eginez edo jakintzari euskarria emanez beren tresna edo baliabideekin, betiere biodibertsitatea eta haren kontserbazioa aztertzeari lotuta.

Nafarroako Gobernuak ingurumen hezkuntzaren tratamendua zeharka indartu nahi du maila guztietan, eta ingurumen arloko boluntariotza eta zientzia herritarraren arloetako ekimenak babestu. Helburu nagusia da herritarren sentsibilizazioa eta ezagutza handitzea ingurumen arloan, eta balioak eta trebetasunak berengana ditzaten, ingurumen arloko arazoen konponketan parte hartzeko gai izan daitezen banaka zein taldeka.

Nafarroako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak xedatzen du Nafarroako Gobernuaren politikak, programak eta jarduketak ebaluatu behar direla urtero, Garapen Jasangarriaren 2030 Agendak dakartzan erronkei aurre egin ahal izateko. Laguntzen deialdi honek Garapen Jasangarriko Helburu batzuen (GJH) xedeak lortzen lagundu nahi du:

–12.8 xedea. Jasangarritasunaren kultura sustatzea gizarte sentsibilizaziorako ekintzen bitartez (12. GJHa);

–13.3 xedea. Ingurumen heziketa eta gizarte sentsibilizazioa hobetzea klima-aldaketaren aurrean (13. GJHa);

–15.5 xedea. Habitat naturalen degradazioa murriztea eta dibertsitate biologikoaren galera etetea (15. GJHa).

Foru Komunitateko zergadunek gizarte intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzeari buruzko ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legearen 4 bis artikuluaren arabera, deialdia Nafarroako Ingurumen Kontseiluari igorri zaio, horren berri izan eta onets dezan.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura onesten duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia onestea.

Ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako eta zientzia herritarreko proiektuetarako dirulaguntzen 2023-2024 ikasturteko deialdia onestea.

2. Oinarri arautzaileak onestea.

Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinetan ageri dira.

3. Gasturako baimena ematea.

289.866,00 euroko gastu konpromisoa baimentzea, 2024ko ekitaldian horretarako gaituko den 2023ko aurrekontu orokorretako partida honen baliokidearen kargura: "PFEZaren %0,7ko Funtsa. Ingurumen hezkuntza, boluntariotza, lurraldearen zaintza" izeneko 740002 74200 4819 456200 partida. Horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa egotea.

Gastuaren banaketa honako hau izanen da proiektu motaren arabera:

–173.919,60 euro ingurumen hezkuntzako proiektuetarako.

–115.946,40 euro ingurumen arloko boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuetarako.

Dirulaguntza ematen den unean taldeetako batean ez bada bukatzen zehaztutako zenbatekoa, gastua beste proiektu motan egitea baimenduko da.

4. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari (NGDDB) jakinaraztea.

Deialdi hauek bidaltzea Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN), bete dadin azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Dirulaguntzei buruzkoa.

6. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beraren kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren aurrean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

7. Ebazpena jakinaraztea.

Ebazpen hau jakinaraztea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari eta Ekonomia Aferetarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpena argitaratzea.

Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko abenduaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

 

Ingurumen-hezkuntza eta -sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen-boluntariotzako proiektuetarako eta herritarren zientzia-proiektuetarako laguntzak