Boluntariotza proiektuaren ebaluazio-irizpideen parte da.
19/2025 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita haur eta nerabeen babesaren esparruan aritzen diren irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzen deialdia eta gastua baimentzen baita 2025. urterako. DDBN identifikazioa: 810666.
Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legeak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa da, bere lurralde esparruan, haur eta nerabeen prebentzio eta babesaren arloan eskumena duen erakunde publikoa. Bestetik, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak, bere jarduketa programen artean, haur eta familiei oinarrizko arreta emateko programa bat du.
Horri dagokionez, ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko zergadunek gizarte intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzen duenak, jasotzen du funts horien bidez lagundu beharreko taldeen artean dagoela babesik gabe dauden adingabeena.
Bestalde, hala xedatzen baitu apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, balorazioa egiteko, berdintasuneko klausulak txertatuko dira dirulaguntzen oinarri arautzaileetan, baita laguntza publikoak ematea eragozten dutenak ere sexua edo generoa dela-eta lan-jardunbide baztertzaileak izateagatik edo onartzeagatik zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileei.
Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuek xedatzen dutenez, Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzari dagokio Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legearen betearazpena eta garapena sustatzea.
Azkenik, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak kontseilariari esleitzen dio aipatu departamentu horren aurrekontuen kargura emanen diren dirulaguntzen deialdia egiteko eskumena.
Espedientean jaso dira Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzaren proposamen txostena, txosten juridikoa, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren eta Haur eta Nerabeen Nafarroako Kontseiluaren ziurtapena eta kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. 2025eko deialdia onestea dirulaguntzak emateko Nafarroako Foru Komunitatean haur eta nerabeen babesaren arloan aritzen diren entitateei, foru agindu honen eranskinean azaltzen diren oinarrien arabera.
2. 703.550 euroko gastua baimentzea, 2025eko gastuen aurrekontuko "%0,7ko funtsa. Adingabeen esparruko dirulaguntzen deialdia" izeneko 920008 93300 4819 231702 partidaren kargura.
3. Foru agindu hau, deialdiaren oinarriak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Deialdi honen eta haren oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
5. Foru agindu hau igortzea Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Ituntze Atalera, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzara eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)