Boluntarioak izatea eta esleitutako funtzioak aztertzea proiektuaren balorazio irizpideen parte da.
307E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez 2025erako dirulaguntzen deialdi bat onesten baita gizarte integraziorako errentako etxebizitzen programaren entitate laguntzaileentzako. DDBN identifikazioa: 818101.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak xedatzen du botere publikoen jarduketek, besteak beste, funtsezko helburu hauek izanen dituztela gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea; eta gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezala bultzatzea, batez ere gizatalde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateen bidez.
Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroan (ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak arautua eta martxoaren 20ko 30/2019 Foru Dekretuak aldatua), gizarte inklusioaren arloan bermatu gabeko prestazioen artean agertzen dira gizarte integraziorako errentako etxebizitzak eskuratzeko laguntzak eta gizarte bazterketaren arloan jarduten duten gizarte ekimeneko entitateentzako dirulaguntzak.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko xedapenekin bateragarri izan behar dute arau horiek. Foru lege horretan ezarrita dago onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei dagokien araubide juridiko orokorra. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak horien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.
Era berean, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, gizarte integraziorako etxebizitzen araubidea finkatzen du V. kapituluan.
Bestalde, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jarduketa printzipio gidari batzuk ezartzen ditu Nafarroako Foru Komunitatean Konstituzioan jasotako emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eskubidea egiazkoa eta eraginkorra izan dadin bizitzaren eremu eta etapa guztietan. Halaber, aipatu legeak eskatzen du dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berdintasun klausulak jaso daitezela.
Deialdi honen xedea oinarri arautzaileak ezartzea da, gizarte-integrazioko etxebizitzen programaren baitan jarduketak gauzatzen dituzten gizarte-ekimeneko entitateei dirulaguntzak emateko.
Deialdiak bidea ematen die entitate interesdun guztiei berdintasunez parte har dezaten eta, era berean, bermatzen du dirulaguntzak irizpide objektiboei jarraikiz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politikaren esparru orokorrean ezarritako jarraibideen arabera lehenetsiko dira.
Ikusirik espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, zeinek adierazten baitute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek ematea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz.
AGINTZEN DUT:
1. Irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntza deialdi bat onestea, 2025. urterako, gizarte integraziorako errentako etxebizitzen programarako, foru agindu honen eranskinean agertzen diren oinarri arautzaileei jarraikiz.
2. Gastu bat baimentzea, 250.000,00 eurokoa, 2025eko gastu-aurrekontuko partida honen kargura: 901003 91600 4819 231605 partida, "Gizarte integraziorako errentako etxebizitzen programa" izenekoa.
3. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
4. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Foru agindu hau igortzea Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzura, Aurrekontuak Kudeatzeko Atalaren Kontabilitate Zentrora eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) ere, behar diren ondorioak izan ditzan.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)