Boluntarioak izatea proiektuak baloratzeko irizpideetako bat da.
258E/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 22koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzetarako 2024ko deialdia. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 751401.
Gure Foru Komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, Nafarroako erakundeek funtsak ematen dituzte Garapen Jasangarriaren Helburuak (Nazio Batuek 2015eko irailean hitzartuak) betetzeko. Funts horiek herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako ekarpen solidarioak dira, eta garapenerako laguntza ofizial gisa ematen dira.
Bestalde, Europar Batasuneko Kontseiluak irizten dio sendotu behar dela nazioarteko elkartasun sentimendua, eta Europan kulturen arteko gizarte bat ezartzearen aldeko ingurune bat sortu behar dela. Horretarako, Europar Batasuneko estatuetan babesa eman behar zaio garapenerako hezkuntzari eta hari lotutako komunikazio politika garatzeari, eta sustatu behar da laguntza eman dakien, aurrerantzean ere, garapenerako hezkuntzaren arloan lanean diharduten GGKEen ekimenei. Ildo berean, "Garapenari buruzko Europako kontsentsua" zehaztu du, zeinak adierazten baitu, besteak beste, Europar Batasunak bultzatzen duela ugari parte har dezaten herrialdeen garapenean interesa duten eragileek, eta sustatzen duela gizarteko sektore guztiek parte har dezaten.
Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak garapenerako lankidetzari buruzko printzipio gidariak, helburuak eta baliabideak ezartzen ditu Nafarroan. Horrela, 1. artikuluan adierazten du Nafarroako Foru Komunitateak bere egiten duela beste herrialde batzuekin lankidetzan aritzeko erantzukizuna, haien garapen integrala bultzatzeko, herritarren bizi baldintzak hobetzen laguntzeko eta pobretasun egoerak arindu eta zuzentzeko, giza garapen solidario eta egonkorra bultzatuta, askatasun kuota handiagoak eta hazkunde ekonomikoaren fruituen banaketa zuzenagoa barne direla.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere. Orobat, haren 30. artikuluaren arabera, dirulaguntzaren xedeko jarduerak gauzatzen direnean aurrekontuko ekitaldiarekin bat ez datorren urteko aldi batean (ikasturtean, adibidez), hurrengo ekitaldirako behar den gastu konpromisoa eskura daiteke, eta ez da nahitaezkoa horretarako Nafarroako Gobernuaren baimena.
Horrenbestez, beharrezkoa da oinarriak ezartzea eta argitaratzea, garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzak arautzeko. Dirulaguntza horietan bermatu behar da printzipio hauek beteko direla: publikotasuna, gardentasuna, konkurrentzia, objektibotasuna, berdintasuna, diskriminaziorik ez izatea eta kontrola, baita eraginkortasunaren printzipioa ere, administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko orduan, eta efizientziaren printzipioa, baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko garaian.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu zaizkidan ahalmenak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzetarako 2024ko deialdia.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinetan jaso direnak.
3. 1.185.000 euroko urte anitzeko gastua baimentzea. Horietatik, 860.000 euro 2024. urtean erabiliko dira, eta 2024ra luzatutako 2023ko gastu aurrekontuko "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko 901001 91100 4819 143102 partidaren kargura finantzatuko dira; 325.000 euro 2025 ekitaldian erabiliko dira, "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko 901001 91100 4819 143102 partidaren kargura edo 2025eko gastu aurrekontuan horretarako gaitzen den partidarenera, baldin eta horretarako kreditu nahikoa badago.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
6. Foru agindu hau igortzea Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko martxoaren 22an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)