Garapenerako eta sentsibilizaziorako hezkuntza-proiektuak egiteko dirulaguntzak 2024

2024ko apirilaren 25, osteguna

Herritarren parte-hartzea eta boluntariotza sustatzea proiektuaren kalitatearen parte dira.

2024an Garapenerako Hezkuntzako eta Sentsibilizazioko proiektuak egiteko dirulaguntza-deialdia. DDBN identifikazioa: 755899.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2024ko apirilaren 15ean egindako bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen, besteak beste:

Nafar gizarteak askotan erakutsi izan du behartsuenekiko elkartasuna; ildo horretan, urrats garrantzitsuak egin dira, bai araugintzaren alorrean, bai zeregin exekutiboetan.

Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Egunaren oroitzapenerako ekitaldien artean, eta talde parlamentario guztien baterako elkarlanari esker, Nafarroako Parlamentuko Eskubide Sozialetako Batzordeko kideek Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna (2021-2030) sinatu zuten Gizarte Entitateen Plataformarekin. Itunaren helburua da, besteak beste, aurrera egitea Nazio Batuen Biltzar Nagusiak 2015eko irailean onetsitako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak ezarritako norabidean. Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Itunean (2021-2030) jasotakoari jarraikiz, Nafarroako Parlamentuaren 2024ko ekitaldirako aurrekontu osotik %0,7 bideratzen da Garapenerako Hezkuntzaren alorreko proiektuak eta sentsibilizazio-ekintzak aurrera eramateko dirulaguntzetarako dei egitera.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntza guztietarako araubide amankomuna ezartzen duena, eta bertan adierazten dira printzipio orokorrak, bai eta dirulaguntzak erabaki eta kudeatzeko eta haien jarraipen eta kontrola egiteko prozedura ere. Horiek horrela, Garapenerako Hezkuntzako eta Sentsibilizazioko proiektuak egiteko dirulaguntzen araubidea ezartzen duten oinarriak ezarri eta argitaratu beharra dago, horrela bermatze aldera bete egiten direla, dirulaguntza horietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezarritako printzipioak.

Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du, 2024ko ekitaldian zehar Garapenerako Hezkuntzako proiektuak eta sentsibilizazio-ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdiaren eta horren oinarri arautzaileen onespenerako (11-24/SDC-00001). Espedientea txosten juridikoarekin eta Kontu-hartzailetzak egindako gastu-fiskalizazioarekin osatu da.

Horiek horrela, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduko 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak honako hau,

ERABAKITZEN DU:

1. 2024ko ekitaldian zehar Garapenerako Hezkuntzako proiektuak eta sentsibilizazio-ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Guztira 112.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Parlamentuaren 2024ko ekitaldirako gastu-aurrekontuko "Garapenerako eta elkartasunerako jardueretarako dirulaguntzak" 48207 partidaren kargura.

3. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, erabaki honen eranskinean jasoak.

4. Agintzea erabaki hau eta bere eranskinak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen.

5. Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuaren esku uztea oinarri arautzaileak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuak izateko beharrezkoak diren izapideak egitea.

6. Erabaki hau eta bere eranskinak helaraztea Nafarroako Parlamentuko Argitalpen, Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzuari eta Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuari.

Iruñean, 2024ko apirilaren 15ean.–Lehendakaria, Unai Hualde Iglesias.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

 

 Garapenerako eta sentsibilizaziorako hezkuntza-proiektuak egiteko dirulaguntzak 2024