Fundazioentzako, gizarte-ekimeneko kooperatibentzako eta irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako dirulaguntzak, pazienteen eta senideen osasun-programetarako

2024ko apirilaren 12, ostirala
Boluntariotza programa baloratzeko irizpide bat da. Boluntariotzaren prestakuntza eta eguneratzea diruz lagundu daitekeen modulua da.
 

252E/2024 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, pazienteen eta ahaideen osasun programetarako dirulaguntzen deialdi bat onesten duena, fundazioei, gizarte ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei zuzendurik, osasun arazoak hobetzeko helburuarekin gauzatu ditzaten, 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitarteko aldian. DDBN identifikazioa: 750668.

 

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Aipatu 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, dirulaguntza deialdi honen xedea da fundazioek, gizarte ekimeneko kooperatibek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek autolaguntza taldeak eratzeko eta talde horien funtzionamendurako berariazko ekintzak egitea, eta, orobat, Osasun Departamentuak osasun arloko politikaren esparru orokorrean sustatzen dituen gidalerroekin bat etorrita eta herritarren partaidetzarekin, prebentzioko eta osasuna sustatu eta mantentzeko programak garatzen dituzten ekintzak, zehazki, indarreko Osasun Planean eta, bereziki, Paziente Kronikoei eta Pluripatologikoei Arreta Integratua emateko Nafarroako Estrategian jasotako xedeak betetzeko helburua dutenak.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 artikuluak eta Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren 8.t) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea, ebazpen honen 1., 2. eta 3. eranskinetako oinarri arautzaileekin bat, pazienteen eta ahaideen osasun programetarako dirulaguntzen deialdi bat, fundazioei, gizarte ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei zuzendurik, osasun arazoak hobetzeko helburuarekin gauzatu ditzaten, 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitarteko aldian.

2. Osotara 569.307 euroko gastua baimentzea, 2024ko gastuen aurrekontuko "(E) Osasun arazoak hobetzeko dirulaguntzak, pazienteen eta ahaideen elkarteentzat" izeneko 511000 51100 4819 311100 aurrekontu partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzura, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Ogasunak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura eta, halaber, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

5. Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio bidea, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da haren aurka, Osasuneko kontseilariari zuzenduta. Hilabeteko epea izanen da horretarako, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Iruñean, 2024ko martxoaren 21ean.–Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio López Andrés.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

 

Fundazioentzako, gizarte-ekimeneko kooperatibentzako eta irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako dirulaguntzak, pazienteen eta senideen osasun-programetarako