Deialdiak langile boluntarioek balorazio-irizpideen barruan parte hartzea aurreikusten du, eta, gainera, boluntarioen prestakuntza eta eguneratzea finantzatzeko aukera ematen du, baita begiraleena ere, programa bakoitzeko 500 euro gehienez ere.
101E/2025 EBAZPENA, abenduaren 19koa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi bat, toki entitateei dirulaguntzak emateko, prebentzioko eta osasuna sustatzeko programa komunitarioak egiteko 2025eko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era arte. DDBN kodea: 871075.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritakoarekin bat, dirulaguntza deialdi honen xedea da toki entitateek ekintza espezifikoak egitea, herritarren parte-hartzearen testuinguruan, prebentzioko eta osasuna sustatzeko programa komunitarioak garatzeko, bat etorriz Osasun Departamentuak osasun politikaren esparru orokorrean sustatzen dituen irizpideekin, eta, bereziki, ekintza horien xedea bada indarreko Osasun Planean eta Nafarroako Osasun Publikoaren Planean (2022-2025) aipatzen diren helburuak betetzea, eta bat badatoz Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (aurrerantzean, NOPLOI) bizimoduei buruz emandako gomendioekin.
Espedienteko txosten teknikoak eta txosten juridikoak adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.
Azaldutakoarekin bat, NOPLOIren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 248/2023 Foru Dekretuaren 10. g) artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat onestea, toki entitateei dirulaguntzak emateko, prebentzioko eta osasuna sustatzeko programa komunitarioak egiteko 2025eko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era arte, bai eta haren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen 1., 2. eta 3. eranskinetan azaldutakoarekin bat.
2. Ebazpen honetatik sorturiko konpromisoei erantzuteko, 170.000 euroko gastua erreserbatu eta baimentzea, 2025eko gastu-aurrekontuko "Prebentzioko eta osasuna sustatzeko programa komunitarioetarako dirulaguntzak" izeneko 520001-51200-4609-313906 partidaren baliokidea izateko 2026ko aurrekontuetan gaitzen den partidaren kargura, kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.
Orobat, 20.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehikuntza eginez gero, dirulaguntzak emateko ebazpenaren aurretik baimendu eta jakitera eman beharko da, eta ez du ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ez eta laguntzak emateko ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea berriz zenbatzen hastea ere.
3. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
4. Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio bidea, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da haren aurka, Osasuneko zuzendari nagusiari zuzenduta. Hilabeteko epea izanen da horretarako, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
5. Ebazpen hau igortzea NOPLOIko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Osasun Zuzendaritza Nagusira, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Osasun Departamentuan Ekonomia eta Ogasun Departamentuak duen Kontu-hartzailetza Delegatura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)