381/2023 EBAZPENA, irailaren 28koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntza-deialdi bat onesten baita Nafarroako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleei begira 2023ko irailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitarte eskola-ordutegitik kanpo egiten diren euskarazko kultur jardueretarako. DDBN identifikazioa: 718883.
Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalak aldeko txostena aurkeztu du deialdi bat onets dadin 2023ko irailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitarte egiten diren euskarazko kultur jarduerak diruz laguntzeko.
Diziplina artistikoetako kultur lehiaketak edo ikuskizunek (antzerkia, kantua, musika, bertsolaritza, poesia...) ardatz izanen dute Nafarroako Foru Komunitatean Hezkuntza Departamentuaren eskumenekoak diren Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako unibertsitateaz kanpoko ikasleak, euskara hutsean eginen dira, eta haien azken helburua da herritar guztiei irekitako kultura-ikuskizun bat egitea.
Deialdi honetara biltzen ahalko dira Nafarroako Gobernuko elkarteen eta fundazioen erregistroan alta emanda dauden entitateak (gurasoen elkarteak, fundazioak...).
Bat etorriz Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretuaren artikulu bakarrean xedatutakoarekin, eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat onestea Nafarroako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleei begira 2023ko irailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitarte egiten diren euskarazko kultur jarduerak diruz laguntzeko. Deialdiarekin batera, haren oinarriak ere onesten dira, ebazpen honen 1. eranskinean bildu direnak.
2. Behar den gehieneko gastua baimentzea: 30.000,00 euro, 2024ko gastuen aurrekontuko 420001 42400 4816 322002 partidaren kontura ("Euskarazko eskolaz kanpoko kultur jardueretarako dirulaguntzak"), edo ekitaldi horretarako gastuen aurrekontuan horretarako gaitzen den partidaren kontura, baldin eta partida horretan krediturik badago.
3. Ebazpen hau eta eranskinak www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio ("Berriak"-"Gaur-gaurkoa") eta www.nafarroa.eus ("Tramiteak") webguneetan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari eta Euskara Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko irailaren 28an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)