Dirulaguntzak toki-erakundeei, fundazioei, gizarte-ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei, osasuna prebenitzeko eta sustatzeko programa komunitarioetarako

2024ko apirilaren 25, osteguna

Boluntariotzak izatea eta esleitutako funtzioak aztertzea proiektuak baloratzeko irizpideetako bat da.

Diruz lagundu daitezkeen gehieneko moduluak: boluntarioen eta begiraleen prestakuntza eta eguneratzea: gehienez 500 euro programa bakoitzeko.

3E/2024 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita toki erakundeei, fundazioei, gizarte ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei dirulaguntzak emateko, 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitarte egiten diren osasunaren arloan prebenitu eta sustatzeko programa komunitarioetarako. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 725260.

 

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Dirulaguntzen Foru Legean ezarritakoarekin bat, dirulaguntza deialdi honen xedea da osasunaren arloan prebenitu, sustatu eta mantentzeko programa komunitarioak garatzen dituzten toki erakundeek, fundazioek, gizarte ekimeneko kooperatibek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek ekintza espezifikoak gauzatzea, bat etorriz Osasun Departamentuak osasun politikaren esparru orokorrean sustatzen dituen irizpideekin, bereziki, ekintza horien xedea denean Osasun Plan indardunean eta Nafarroako Osasun Publikoaren 2022-2025 aldiko Planean aipatzen diren helburuak betetzea, eta bat datozenean Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (aurrerantzean NOPLOI) bizimoduei buruz ematen dituen gomendioekin.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.

Azaldutakoarekin bat, NOPLOIren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 248/2023 Foru Dekretuaren 10.g) artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen 1., 2. eta 3. eranskinetan deskribatutakoarekin bat, toki erakundeei, fundazioei, gizarte ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei dirulaguntzak emateko, 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitarte egiten diren osasunaren arloan prebenitu eta sustatzeko programa komunitarioetarako.

2. 269.130 euroko gastua baimentzea ebazpen honetatik eratorritako konpromisoei aurre egiteko, 2024ko gastu aurrekontuetako "Osasunaren arloko prebentzio eta sustapen programa komunitarioetarako dirulaguntzak" izeneko 520001-51200-4609-313900 partidaren kontura.

Orobat, 200.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

3. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio bidea, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da haren aurka, Osasuneko zuzendari nagusiari zuzenduta. Hilabeteko epea izanen da horretarako, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

5. Ebazpen hau igortzea NOPLOIko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Osasun Zuzendaritza Nagusira, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Osasun Departamentuko Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 26an.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Ángeles Nuin Villanueva.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

 

 Dirulaguntzak toki-erakundeei, fundazioei, gizarte-ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei, osasuna prebenitzeko eta sustatzeko programa komunitarioetarako