Desgaitasuna duten pertsonen arloko gizarte-ekimeneko erakundeentzako dirulaguntzak, 2024. urterako opor-programa inklusiboak eta irisgarriak garatzeko.

2024ko maiatzaren 9, osteguna
Boluntariotzak izatea deialdiaren parte da.

296E/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita 2024. urterako, desgaitasuna duten pertsonen arloan ari diren gizarte ekimeneko entitateek opor inklusibo eta irisgarrien programak garatu ditzaten. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 753476.

 

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Orobat, xedatzen du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Agindu hori Nafarroako Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboaren arabera eman zen, bat etorriz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluan xedatutakoarekin. Agindu hori Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluan xedatutakoarekin lotu behar da; izan ere, horren arabera, botere publikoek desgaitasuna duten pertsonen autonomia pertsonal osoa eta inklusio soziala bermatuko duten politikak bultzatuko dituzte, ingurune zeharo irisgarrietan. Era berean, kolektibo horretako erakundeen parte-hartzea sustatuko dute, legeak ezartzen duen moduan. Bereziki artatuko dira emakumeen eta desgaitasuna duten adingabeen premia espezifikoak.

Martxoaren 30eko 30/2019 Foru Dekretuak, zeinaren bidez aldatzen baita ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zuen. "Bermatu gabeko prestazioak" izeneko II. eranskinean, C) 16 atalean, desgaitasuna duten pertsonen arloan aritzen diren gizarte zerbitzuetako entitateentzako dirulaguntzak ezartzen ditu, eta xedatzen baliabidearen helburua dela desgaitasuna duten pertsonen autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko programak gauzatzea eta horrelako programak garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateetan asoziazionismoa sustatzea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Arau horren 17. artikuluak norgehiagokako araubidea ezartzen du. Horren arabera, honako hau joko da norgehiagokatzat: dirulaguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei dirulaguntza ematea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe. Salbuespenez, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, dirulaguntzetarako bideratu den gehieneko zenbateko osoa dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatzea proposatuko da.

Azaroaren 28ko 31/2022 Foru Legeak, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzkoak, ezartzen du nahitaezkoa dela klausula sozialak sartzea dirulaguntzen oinarrietan edo horiek emateko arauetan. Kontuan izanda deialdi hau desgaitasunaren sektoreko entitateei zuzenduta dagoela, zeinetan deialdi honen xedeko programek helburu baitute berariaz erantzutea desgaitasuna duten pertsonen premiei, haien autonomia eta bizi-kalitatea bermatuta, bai eta mendekotasunari arreta ematea eta aurrea hartzea ere, baldintza hori osorik betetzen da.

Azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari lotutako txosten teknikoak eta juridikoak ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea foru agindu honen I. eranskinean ageri diren oinarriak, zeinen bidez arautzen baita desgaitasuna duten pertsonen arloan ari diren gizarte ekimeneko entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat opor inklusibo eta irisgarrien programak garatu ditzaten 2024an.

2. Horretarako, 130.000 euroko gastua baimentzea, 2024ko gastu-aurrekontuko "Opor inklusibo eta irisgarrien programa" izeneko 920005-93100-4819-231B41 partidaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalera, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2024ko apirilaren 8an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

 

 Desgaitasuna duten pertsonen arloko gizarte-ekimeneko erakundeentzako dirulaguntzak, 2024. urterako opor-programa inklusiboak eta irisgarriak garatzeko.