Carlos Bardají Pascual jaunari 2025eko Nafarroako boluntario izendapena ematea

2025ko azaroaren 20, osteguna

121/2025 FORU DEKRETUA, urriaren 29koa, zeinaren bidez Carlos Bardají Pascual jaunari ematen baitzaio Nafarroako pertsona boluntarioaren 2025eko saria.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 7.16 artikuluan, ezartzen du Nafarroako Gobernuaren eskudantzien artean dagoela ohore eta goresmen sariak ematea, berariazko araudiari jarraikiz.

Nafarroako Boluntariotzari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen 15. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluaren iritzia oinarri harturik, urtero emanen du Nafarroako boluntarioaren saria, helburu duena boluntariotzaren arloan nabarmendu den pertsona fisiko edo juridiko bat aintzatestea, dela boluntariotza-lanetan izandako dedikazioagatik, dela boluntariotza-lanean gizartearentzat eredugarria izateagatik, dela egin dituen boluntariotza-lanek garrantzi berezia izan dutelako.

Azaroaren 28ko 279/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako boluntarioaren saria eta aitortza berezia arautzen dira.

Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren maiatzaren 8ko 22/2025 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako boluntarioaren sarirako 2025. urteko deialdia egin zen.

Jasotako 15 hautagaitzetatik, saria emateko irizpideetan oinarrituta egin den balorazioaren ondoren, Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluak proposatu du Carlos Bardají Pascual jaunari ematea Nafarroako boluntarioaren 2025eko saria, Hope & Progress GKEan egindako boluntario-lanagatik, haren sortzailea izan baitzen. Nabarmentzekoa da Afrikan osasun lankidetzaren arloan egindako ibilbide luzea. Hogeitik gora urtez, profesional-talde bat gidatu du, Senegalera eta Gambiara aldizka bidaiatzen duena sortzetiko malformazioak, tumoreak edo erreduren ondorioak dituzten adingabeei doako arreta kirurgikoa eskaintzeko.

Bere boluntario-taldearen etengabeko ahaleginari esker, Afrikako milaka haurrek kalitatezko arreta medikoa jaso ahal izan dute, ta ongizatea berreskuratu. Era horretan, profesionaltasuna, elkartasuna eta itxaropena uztartzen dituen lana indartu da.

Horrenbestez, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko urriaren hogeita bederatzian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Carlos Bardají Pascual jaunari ematea Nafarroako pertsona boluntarioaren 2025eko saria. Hautagai hori Medicina Abierta al Mundo elkarteak proposatu du.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2025eko urriaren 29an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

Carlos Bardají Pascual jaunari 2025eko Nafarroako boluntario izendapena ematea
International Volunteer Year 2026