Udal ordenantza, bizikidetza eta eremu komunen babesa arautzen dituena. Behin betiko onespena
Ordenantza honek xede hauek ditu:
1. Ondasun eta eremu publikoak eta hiriko hirigintza eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak babestea, titulartasun publikokoak nahiz pribatukoak, gerta daitezkeen eraso, bestelakotze eta legez kontrako erabileretatik.
Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak udal titulartasuneko zerbitzu edo erabilera publikoko ondasunei buruzkoak dira, hala nola, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, zubiak eta zaldainak, lurpeko pasabideak, aparkalekuak, iturriak eta urmaelak, eraikinak, kultur etxeak, ikastetxeak eta haien esparruak, hilerria, igerilekuak, kirol guneak eta kirol instalazioak eta haien esparruak, bankuak, kale-argiak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak eta landareak, paperontziak, hesiak, udaleko garraio elementu eta ibilgailuak, eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.
Halaber, eta apaintasun publikoari dagokionez, ordenantza honen babes neurrien xede dira beste administrazio publiko batzuen eta erakunde publiko edo pribatuen ondasunak eta instalazioak, baldin badira Burlata udalerriko hiri altzarien parte, herritarrentzat badira edo baldin badira zerbitzu publiko bateko ekipamenduak, instalazioak edo elementuak, hala nola markesinak, edukiontziak, garraioko elementuak, kale-argiak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak, trafikoko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta beladoreak, eguzki-oihalak, jardinerak, objektuak ematen dituzten makina automatikoak, kutxazain automatikoak eta antzeko gainerako ondasunak.
Ordenantza honetan bildutako babes neurriek eraikinetako fatxadak eta beste hirigintza eta arkitektura elementu batzuk, azpiegiturak, eta titulartasun publiko edo pribatuko tresna edo instalazioak ere hartzen dituzte, hala nola atariak, merkataritzako galeriak, patioak, orubeak, igarobideak, lorategiak, heskaiak, landareontziak, kale-argiak, elementu apaingarriak, edukiontziak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak, eremu publikoan kokatuta badaude edo hartatik ikus badaitezke. Izan ere, hiriko ondare eta paisaiaren parte dira, apaindura publikoak eskatzen duen baldintza egokietan izan beharrekoak.
2. Kontzientzia eta jokabide zibikoak sustatzea, prebentzioaren, informazioaren, sentsibilizazioaren eta hezkuntza komunitarioaren bidez, herritarren bizikidetza nahasten duten jarduerak prebenituz.
3. Ordenantza honetan debekatu diren jarduerak zuzentzea, zehatzeko ahalmenaren bidez.
4. Bizikidetzako arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea.
Ikusi ordenantza osoa (kanpoko esteka)