Aisialdiko begirale edo zuzendarien ikastaroetan parte hartzen duten gazteei diru-laguntzak emateko deialdia

2025ko urtarrilaren 2, osteguna

Monitore edo zuzendari izateko ikastaroak eginda gazteen parte hartzea sustatzen da, eta gazteen elkarte sareak mantendu eta garatzea, baita ondoren gazteak boluntario aritzea sustatu eta lan merkatuan sartzea ere.

130E/2024 EBAZPENA, urriaren 10ekoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita, dirulaguntzak banakako ebaluazio prozeduraren bidez emateko aisialdiko monitore edo zuzendari izateko ikastaroak egiten dituztenei, baldin eta ikastaroak ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza eskolek antolatzen eta ematen badituzte. DDBN identifikazioa: 790384.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak ezartzen duenez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren eskumenekoa da gazteriaren arloko hezkuntza ez-formala, hau da, pertsonaren garapena faboratzen duten jarduera ez-arautuen multzoa, eta gazteen prestakuntzako premiak babestearen aldeko apustu argian.

Ekainaren 21eko 236/1999 Foru Dekretuak onetsi zuen Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola sortzea. Eskola horrek, besteak beste, ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza eskolek sustatutako ikastaroen titulazioak, diplomak eta ziurtagiriak ematen ditu. Gainera, gazteriaren arloko jarduerekin lotura duten titulazioen ikastaroetako programak ezartzen ditu. Bestalde, uztailaren 5eko 56/2023 Foru Dekretuan, aisialdiko hezkuntza eskolak eta horien irakaskuntzak aitortzeko bidea arautzen da.

Monitore edo zuzendari izateko ikastaroak eginda gazteen parte hartzea sustatzen da, eta gazteen elkarte sareak mantendu eta garatzea, baita ondoren gazteak boluntario aritzea sustatu eta lan merkatuan sartzea ere. Komunitate mailan, gainera, haur eta gazteen dinamizazioa bultzatzen du herri eta auzoetan, gazteendako zentroetan eta aisialdiko guneetan.

Hori dela eta, gazteriaren arloko jarduerak erraztu eta sustatzeko, bidezkoa da deialdi berezi bat izapidetzea, dirulaguntzak emateko aisialdiko monitore edo zuzendari izateko ikastaroak egiten dituztenei, baldin eta ikastaroak Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza eskolek antolatzen eta ematen badituzte.

Nafarroako Gobernuaren 2024ko urriaren 2ko Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari deialdi berezia onets zezan, laguntzok banakako ebaluazio prozeduraren bidez emateko.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,

EBAZTEN DUT:

1.a Aisialdiko monitore edo zuzendari izateko ikastaroak egiten dituzten gazteei dirulaguntzak emateko deialdia onestea. Ikastaroek Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza eskolek antolatuak eta emanak izan behar dute, eta haien zati teorikoak 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarte beharko du amaiturik.

2.a Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3.a 50.000,00 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 2025erako gaituko den aurrekontu partidaren kargura, Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 2024rako "Gazteen prestakuntzarako laguntzak" izeneko 340002 34100 4809 232102 partidaren baliokidea izanen dena, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

4.a Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratu ondoren.

5.a Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6.a Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu hartzailetza delegatuari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

Aisialdiko begirale edo zuzendarien ikastaroetan parte hartzen duten gazteei diru-laguntzak emateko deialdia