150E/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 19koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita "Adinekoen Programa Globala" dirulaguntzaren deialdia adinekoen arloan esku hartzen duten irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, 2024. urterako. DDBN identifikazioa: 744558.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Orobat, xedatzen du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.
Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. Haren II. eranskineko B) apartatuan, "Bermatu gabeko prestazioak" izeneko 13. puntuan, dirulaguntzak ezartzen dira hirugarren adinekoen arloko gizarte-ekimeneko entitateentzat, eta xedatzen da ezen baliabide horien helburua dela hirugarren adinekoen autonomia pertsonala sustatzera eta mendekotasuna prebenitzera bideratutako programak egin daitezen bultzatzea, bai eta programa horiek garatzen dituzten entitateen asoziazionismoa sustatzea ere.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez ezartzen da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzekoa zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Arau horren 17. artikuluak norgehiagokako araubidea ezartzen du. Horren arabera, honako hau joko da norgehiagokatzat: dirulaguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei dirulaguntza ematea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe. Salbuespenez, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, dirulaguntzetarako bideratu den gehieneko zenbateko osoa dirulaguntzaren onuradun diren entitateen artean hainbanatzea proposatuko da.
Azaroaren 28ko 31/2022 Foru Legeak, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzkoak, ezartzen du nahitaezkoa dela klausula sozialak sartzea dirulaguntzen oinarrietan edo horiek emateko arauetan. Deialdi honen xedea adineko pertsonek ahalik eta autonomia mailarik handiena izan dezaten lortzea eta, orobat, desgaitasun edo mendekotasun egoeren agerpena atzeratzea denez gero, bete-betean betetzen da baldintza hori.
Bat etorriz Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako esparruarekin, 2017-2022 aldirako Nafarroako Zahartze Aktiboaren eta Osasungarriaren Estrategiaren oinarriak dira adinekoen eskubideen aitortza, batetik, eta, bestetik, Nazio Batuen printzipioak: independentzia, parte-hartzea, duintasuna, laguntza eta norberaren nahiak egiteko aukera, eta orobat, ekitatea eta aukera- nahiz tratu-berdintasuna, bizitzako alderdi guztietan.
Zahartze Aktiboaren eta Osasungarriaren Estrategiaren xedea da Nafarroako biztanleak ahalik eta gaitasun funtzional handienarekin eta bizi-kalitate onenarekin zahartu daitezen sustatzea, halako moldez non pertsonek ahalik eta luzaroen iraunen duten aktibo, autonomo eta independente.
Bat etorriz Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluarekin, dirulaguntzen deialdi hau ez dago Europar Batasuneko estatu-laguntzen araubidearen menpe, ez baitago distortsiorik ez merkatuan ez lehian. Izan ere, dirulaguntzaren hartzaileak irabazi-asmorik gabeko entitateak dira, hirugarren adinekoen esparruan zerbitzu ematen dutenak, erretiratuen klubak eta adinekoen elkarteak esaterako, eta halakoek ez dute eragin ekonomikorik merkatuan, zahartze aktiboaren programek ez dutelako etekinik sortzen; badute, ordea, berebiziko interes soziala, adinekoen ongizatean eragina dutenez gero.
Ildo beretik, 2030 Agendak biztanleria kalteberenari heltzen dio, hala nola Zahartze Osasungarriaren Hamarkadan (2021-2030), eta gobernuak, gizarte zibila, nazioarteko erakundeak, profesionalak, erakunde akademikoak, komunikabideak eta sektore pribatua biltzeko aukera ematen du hamar urteko jardun bateratu eta lankidetza katalizatzailearen inguruan, adinekoen, haien familien eta bizi diren komunitateen bizitzak hobetzeko.
Azaroaren 9ko 301/2019 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek ematea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 30eko 71/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Deialdia eta bere oinarri arautzaileak (foru agindu honen I., II. eta III. eranskin gisa jasotakoak) onestea, adinekoen arloko gizarte-ekimeneko entitateei dirulaguntzak emateko 2024an.
2. 1.382.086,00 euroko gastua baimentzea 2024rako luzatutako 2023ko gastu aurrekontuko bi partida hauen kargura:
Ikus taula osoa
AURREKONTUKO PARTIDA |
URTEA |
ZENBATEKOA |
920005 93100 4819 231B35 PFEZaren %0,7ko funtsa. Adinekoen elkarteak. Funtzionamendurako dirulaguntzak |
2024 |
624.138,00 euro |
920005 93100 4819 231B36 PFEZaren %0,7ko funtsa. Adinekoen elkarteak. Programetarako dirulaguntzak. |
2024 |
757.948,00 euro |
Programetarako dirulaguntzetarako baimendu den zenbatekotik (757.948,00 euro), 700.473,00 euro erabiliko dira "Programa globala" modalitaterako (II. eranskina) eta 57.475,00 euro, berriz, "Boluntariotza programa" modalitaterako, adinekoen arloan boluntariotza programak egiten dituzten boluntarioen entitateentzat (III. eranskina).
Dirulaguntzei buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58.2 artikuluarekin bat, aipatu partidetan aurrekontu erabilgarri gehiagorik badago deialdiaren ebazpena eman baino lehen, hasiera batean aurreikusitako zenbatekoak handitzen ahalko dira.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluarekin bat, gerakinik baldin bada desgaitasuna duten pertsonen arloko gizarte-ekimeneko entitateei dirulaguntzak emateko 2024. urteko deialdian, eta, betiere, deialdi honen gaineko ebazpena eman baino lehen, %0,7ko funtseko partidak handitzen ahalko dira.
3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.
5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalera, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.
Iruñean, 2024ko otsailaren 19an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)