Adineko pertsonak jantokietan sartzeko laguntza ekonomikoak

2026ko martxoaren 23, astelehena

Sareko lana, hau da, dagokion oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin, osasun-zentroarekin, udalarekin, boluntariotzarekin eta erakunde publiko edo pribatuekin lankidetzan aritzea eta koordinatzea, erakundeak hautatzeko irizpidea da.

10/2026 FORU AGINDUA, otsailaren 17koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, adineko pertsonek 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitarte jantokiak erabiltzeko laguntza ekonomikoen deialdia onesten duena, baita haien kudeaketan laguntzen duten entitateak aukeratzeko prozedura ere. DDBN kodea: 888263.

 

Gizarte-zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Orobat, xedatzen du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Martxoaren 20ko 30/2019 Foru Dekretuak, zeinaren bidez aldatzen baita ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onetsi zuen. Foru dekretu horren II. eranskineko B11 apartatuan ("Bermatu gabeko prestazioak"), jantokietarako prestazio ekonomikoak aurreikusten dira adinekoei laguntzeko prestazioen artean. Prestazio horren xedea da adinekoei dirulaguntzak ematea jantokietan menu orekatu bat jateko aukera izan dezaten, prezio onean.

Beraz, deialdi honen xedea da baliabide ekonomiko urriak dituzten adineko pertsonei jantokiak erabiltzeko laguntzak ematea, eguneroko dieta orekatua ziurtatua izan dezaten. Gisa horretara, beren ingurunean bizi kalitate onarekin irautea sustatzen da, haien autonomia indartzen da eta mendekotasun egoerei aurrea hartzen zaie.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Foru lege horren 17.1 in fine artikuluan, dirulaguntzak emateko banakako ebaluazioaren araubidea ezartzen da. Araubide horretan, araudiak edo oinarri arautzaileek eskaerak ebaluatzeko eta dirulaguntza ebaluazio horren arabera esleitzeko irizpideak ezartzen dituzte, eta espedienteak aurkeztu ahala izapidetzen eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.

Aipatutako foru legeak, orobat, aukera ematen du deialdiak aurrekontu ekitaldia hasi baino lehen onesteko, betiere baldintza gisa ezartzen bada, dirulaguntzak emateko, kreditu nahikoa egon behar dela kasuan kasuko ekitaldian.

Lege horrek, bestalde, dirulaguntzak kudeatzeko entitate laguntzailearen figura jasotzen du, eta, zuzenbide pribatuaren menpeko pertsonak direnean, horiek publikotasun, konkurrentzia, berdintasun eta bereizkeriarik ezeko printzipioei jarraitzen dien prozeduraren bidez aukeratu beharra ezartzen du.

Ekainaren 5eko 60/2024 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eskumenak.

Nafarroako Gobernuak 2026ko otsailaren 4an hartutako erabakiaren bidez, baimena eman da deialdi bat onesteko adineko pertsonei laguntza ekonomikoak emateko, 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitarte jantokiak erabil ditzaten. Laguntzak banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz banatuko dira.

Ikusirik espedienteari lotutako txosten teknikoak eta juridikoak, argi dago egokia eta interes publikokoa dela deialdi hau onestea, eta legezkoak direla deialdia eta oinarri arautzaileak.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu zaizkidan ahalmenak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz,

HONAKO HAU AGINTZEN DUT:

1. Adineko pertsonek 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitarte jantokiak erabiltzeko laguntza ekonomikoen deialdia onestea, baita deialdi hori arautuko duten oinarriak ere, foru agindu honi I. eranskin gisa gehitu zaizkionak.

2. Adineko pertsonek jantokiak erabiltzeko laguntza ekonomikoen kudeaketan lagunduko duten entitateak aukeratzeko prozeduraren oinarriak onestea, foru agindu honi II. eranskin gisa gehitu zaizkionak.

3. 55.000,00 euroko gastua baimentzea "Jantokietarako dirulaguntza" izeneko 920005 93100 4809 231B02 aurrekontu-partidaren kargura, edo 2026ko gastu-aurrekontuan horretarako gaitzen den antzeko partidaren kargura, betiere kreditu aski baldin badago.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalera, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

Adineko pertsonak jantokietan sartzeko laguntza ekonomikoak
International Volunteer Year 2026