45/2025 FORU AGINDUA, abuztuaren 26koa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 2025eko Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko proposamenak aurkezteko deialdi publikoa.
Maiatzaren 23ko 38/2018 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Urrezko Domina ematea arautu zen.
Xedapen horretan ezartzen da ezen, orokorrean, erakundeekiko harremanen arloan eskumena duen departamentuko titularrak deialdi publiko bat onetsiko duela urtero, urriaren 1a baino lehen, Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko proposamenak aurkez daitezen.
Hortaz, bidezkoa da 2025. urteko deialdia onestea.
Horrenbestez, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 64/2023 Foru Dekretuak, Lehendakaritzako eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuarekin loturik, esleitzen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. 2025eko Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko proposamenak aurkezteko deialdi publikoa onestea. Deialdiaren oinarri arautzaileak foru agindu honen eranskinean ageri dira.
2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
3. Foru agindu hau epaimahaikide izateko izendatutako pertsonei igortzea.
4. Foru agindu honen eta erantsitako oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko abuztuaren 26an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.
ERANSKINA.–OINARRIAK, 2025. URTEAN NAFARROAKO URREZKO DOMINA JASOTZEKO PROPOSAMENAK AURKEZTEKO DEIALDI PUBLIKOA ARAUTZEN DUTENAK
1.–Deialdiaren xedea.
Deialdi publiko honen xedea da bermatzea herritarrek parte har dezaten Nafarroako Urrezko Domina emateko prozesuan; izan ere, urrezko domina Nafarroako Gobernuak ematen duen ohorezko sari gorena da, gizartea hobetzen, balio demokratikoak sendotzen eta Nafarroa kanpoan proiektatzen nabarmendu diren pertsona, erakunde, entitate eta kolektiboen lana aitortzeko helburua duena.
2.–Hautagaitzak aurkeztea.
2.1. Erakundeek, entitateek, elkarteek eta pertsona fisiko edo juridikoek aurkezten ahal dituzte Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko hautagaitzak.
2.2. Hautagaitzak baztertu eginen dira baldin eta aurkezten badira saria norberarentzat eskatuz edo norberak legez ordezkatzen dituen erakundeentzat.
2.3. Hautagaitzak aurkezteak berekin dakar oinarri hauek goitik behera onartzea, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.
2.4. Aurkezten den dokumentazioan, gutxienez honako hauek sartu beharko dira:
–Eskabide eredua, oinarri arautzaile hauen eranskinean jasotzen dena, behar bezala betea.
–Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko proposatzen den pertsonaren, erakundearen, entitatearen edo kolektiboaren izena, baita harekin edo, horrelakorik egonez gero, haren ordezkariarekin harremanetan jartzeko datuak eta egokitzat jotzen diren dokumentuak ere, epaimahaiak hobeki ezagutu dezan.
–Hautagaitzaren merezimenduak erakusten dituen memoria.
2.5. Hautagaitzak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa), Nafarroako Gobernuaren erregistro bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.
2.6. Eskabidea Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Proiekzio Instituzionalaren eta Nafarroa Markaren Zerbitzuari zuzenduko zaio, "Nafarroako Urrezko Domina" adierazita.
2.7. Hautagaitzak aurkezteko epea 2025eko urriaren 15ean bukatuko da, 14:00etan.
3.–Epaimahaia.
3.1. Konposizioa.
Honako pertsona hauek osatuko duten epaimahaiak aztertu eta baloratuko ditu hautagaitzak:
–Mahaiburua: Nafarroako Gobernuan erakundeekiko harremanen arloan eskumena duen departamentuko titularra.
–Epaimahaikideak:
–Idazkaria: proiekzio instituzionalaz arduratzen den administrazio unitatearen titularra. Hitza izanen du, baina botorik ez.
3.2. Irizpideak.
Epaimahaiak aurkezten diren hautagaitzetatik hiru aukeratuko ditu, honako irizpide hauek kontuan hartuz, lehentasunez:
–Pertsonaren edo kolektiboaren jarduketa eredugarria, herritarrek, oro har, halakotzat hartua gaur egun.
–Gizartearen balio demokratikoei egindako ekarpena.
–Herritarren alde egindako lana eta elkartasunean oinarritutako ekintzen sustapena.
–Gizarte zuzenagoa eta solidarioagoa lortzeko egindako ibilbidea hainbat jarduera-esparrutan: kultura, enpresa mundua, gizarte arloa.
–Genero-parekotasuna, emakumeek gizarteari egindako ekarpena aintzat hartzen duena.
–Hezkuntza, osasuna, ingurumena eta aurrerapen soziala sustatzea.
–Nafarroaren irudia kanpoan sustatzea.
3.3. Sariduna hautatzea eta saria ematea.
Epaimahaiak Nafarroako Gobernuari igorriko dizkio aukeratutako hautagaitzak. Ondoren, Gobernuak, lehendakariaren edo Gobernuko edozein kideren ekimenez, haietako bat aukeratu, eta saria hari ematea onetsiko du, dominaren hartzaileak aurretik onartuta betiere.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)