Nekazaritza-berrikuntzarako lankidetzako proiektu pilotuetarako laguntza

2024ko azaroaren 11, astelehena

324E/2024 EBAZPENA, urriaren 14koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, "Nekazaritza-berrikuntzarako lankidetzako proiektu pilotuetarako laguntza" emateko oinarri arautzaileak eta 2024ko deialdia onesten dituena 2023-2027ko NPEren Plan Estrategikoaren 7162 esku-hartzearen esparruan (Berrikuntzarako lankidetza-taldeak, AEI-Agri elkartearekin loturarik ez dutenak, nekazaritzako produktibitatearen eta jasangarritasunaren arloko proiektu pilotuak egitea sostengatzen dutenak). DDBN identifikazioa: 790673.

 

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan. Bestalde, lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen esklusiboa.

Laguntzak eta haien ordainketak kudeatzeko sistemak ezarrita daude Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2115/2021 (EB) Erregelamenduan, zeinak hizpide baitu Europar Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin beharreko plan estrategikoetarako (NPEren plan estrategikoak) laguntza, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kargura finantzatzen dena. Gainera, 77. artikuluan, berariaz garatzen dira "Berrikuntzarako lankidetza-taldeak, AEI-Agri elkartearekin loturarik ez dutenak" izeneko laguntzak.

Europako Batzordeak, 2022ko abuztuaren 31ko C (2022) 6017 Azken Betearazpen Erabakiaren bidez, Espainiako NPEren 2023-2027 Plan Estrategikoa onetsi zuen. Dokumentu horretan jasotako neurrien artean, sektoreko eragileen arteko lankidetza dago, helburu duena nekazaritza eta landa-eremuak modernizatzea, ezagutza, berrikuntza eta digitalizazioa sustatuta eta amankomunean jarrita nekazaritza- eta landa-eremuetan, eta nekazariek horiek har ditzaten sustatuta, ikerkuntzarako sarbidea, berrikuntza, ezagutza-trukea eta prestakuntza hobetuz.

Dokumentu horrek ezartzen du lortu nahi den helburua 7162 azpineurriaren bidez (Berrikuntzarako lankidetza-taldeak, AEI-Agri elkartearekin loturarik ez dutenak) garatuko dela Nafarroan, eta hura gauzatzeko kreditua ezartzen du, finantzaketa-iturriaren arabera banakatuta: Nafarroako Gobernua eta Europar Batasuna. Gastu publikoaren %25 LGENFek finantzatzen du, eta dirulaguntza gisa ezartzen da, benetan egindako eta ordaindutako kostu diruz lagungarriak itzultzeko.

Neurri horri honako hauek aplikatu behar zaizkio: 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2115/2021 (EB) Erregelamendua, arauak ezartzen dituena Europar Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin beharreko plan estrategikoetarako (NPEren plan estrategikoak) laguntzari buruz, laguntza hori Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kargura finantzatzen baita; eta hori garatzeko Estatuko araudia:

–1047/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Plan Estrategikoaren esku-hartzeak eta Nekazaritza Politika Erkidearen beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen duena.

–1046/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren eta NBEUF eta LGENF nekazaritza funts europarren gobernantza arautzen duena Espainian.

–147/2023 Errege Dekretua, otsailaren 28koa, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan zigorrak aplikatzeko arauak ezartzen dituena eta 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidea Espainian aplikatzearekin lotutako zenbait alderdi arautzen dituzten errege dekretu batzuk aldatzen dituena.

7162 esku-hartzearen esparruan (Berrikuntzarako lankidetza-taldeak, AEI-Agri elkartearekin loturarik ez dutenak, nekazaritzako produktibitatearen eta jasangarritasunaren arloko proiektu pilotuak egitea sostengatzen dutenak) nekazaritzako berrikuntzarako lankidetzako proiektu pilotuei emandako laguntzaren bidez, diruz laguntzen dira nekazaritzako eta/edo basogintzako ETEen eta nekazaritza eta basogintza sektorea ikertzera, esperimentatzera eta garatzera bideratutako entitateen arteko lankidetzako proiektu pilotuak. Laguntza kolektiboa da, talde onuradun batentzat. Interes orokorreko proiektu ez-produktiboak dira, nahitaez zabaldu beharrekoak, onuragarriak direnak batez ere nekazaritza eta basogintza sektorearentzat eta landa-eremuentzat. Era berean, esku-hartzearen bidez diruz lagun daitezkeen onuradunek eta proiektuek bete behar dituzte Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduak adierazitako laguntza kategoriarako ezarritako baldintzak (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa-eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).

Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzuko zuzendariak oniritzia eman du ebazpen honi buruz.

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskumenak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,

EBAZTEN DUT:

1. "Nekazaritza-berrikuntzarako lankidetzako proiektu pilotuetarako laguntza" emateko 2024ko deialdia onestea 2023-2027ko NPEren Plan Estrategikoaren 7162 esku-hartzearen esparruan.

2. "Nekazaritza-berrikuntzarako lankidetzako proiektu pilotuetarako laguntza" emateko oinarri arautzaileak onestea 2023-2027ko NPEren Plan Estrategikoaren 7162 esku-hartzearen esparruan. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean daude jasota.

3. Deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. 1.500.000,00 euroko gastua baimentzea Nafarroako Gobernuaren 2024ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontu Orokorraren "NPEPE LGENF 2023-2027. Beste lankidetza-modu batzuk. Berrikuntzako proiektu pilotuak" izeneko 720007 72300 7700 412104 partidaren baliokide izanen den 2027. urteko partidaren kargura.

5. Oinarri arautzaileak eta ematen diren laguntzak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB).

6. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

Nekazaritza-berrikuntzarako lankidetzako proiektu pilotuetarako laguntza