Prebentzio-proiektuen funtsezko betekizunetako bat prozesuaren eta emaitzen adierazleak barne hartzen dituen ebaluazio bat sartzea da. Ebaluazio horretan proiektuan inplikatutako pertsona guztiek parte hartu behar dute: haurrek, nerabeek, profesionalek eta boluntariotza komunitarioak.
108E/2026 FORU AGINDUA, otsailaren 17koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntza deialdia hau onesten baita: "Dirulaguntzak toki entitateentzat, haur eta nerabeentzako prebentzio komunitarioko programak abiarazi ditzaten." Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko kodea: 877459.
Maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legeak, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoak, 63. artikuluan ezartzen duenez, adingabeen arreta integralari dagokionez, lehentasunezkoak izanen dira balizko babesgabetasun-egoerak eta adingabeen garapena kaltetzen duten edo haien eskubideak urra ditzaketen gabezia larriak prebenitzeko jarduketak.
Era berean, foru lege horrek 67. artikuluan prebentzio komunitarioa zedarritzen du, eta zehazten du prebentzio komunitarioa auzoetan, herrietan eta haranetan garatzen diren hainbat arlotako prebentzio jarduerei dagokiela. Arauak dioenez, prebentzio komunitarioa erantzukizun partekatua da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, toki administrazioen eta haur eta nerabeen arloko sare komunitarioen artekoa. Toki administrazioek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren sostenguarekin, beren lurraldean sustatuko dute haur eta nerabeen arloko erakunde komunitarioak abian jartzea eta garatzea, baliabide ekonomikoak, lokalak eta languneak horretara bideratuta.
Azkenik, foru lege horren 68. artikuluko 2. apartatuan ezartzen denez, gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuak deialdi bat eginen du, toki entitateek haur eta nerabeak babesteko prebentzio plan komunitarioak garatu ahal ditzaten.
Erantzukizun partekatu hori gauzatzeko, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak (PAGNA) egokitzat jotzen du toki entitateentzako dirulaguntza deialdi bat onestea, norgehiagokako araubidearen araberakoa, osorik edo partez finantzatzeko haurren eta nerabeen arloko erakunde komunitarioak abian jartzeak dakartzan gastuak, 2026an haur eta nerabeei zuzendutako prebentzio komunitarioko zerbitzuen dinamizatzaileak diren aldetik.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du zer araubide juridiko orokor aplikatu behar zaien onura publikoko edo gizarte-intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei. Arau horren 17. artikuluak ezartzen ditu dirulaguntzak emateko prozedurak, eta bertan adierazten da norgehiagoka bidezkoa izanen dela ohiko prozedura.
Bestalde, hala xedatzen baitu apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berdintasuneko klausulak txertatuko dira balorazioa egiteko, baita beste klausula batzuk ere, hala eragozteko laguntza publikoak ematea sexua edo generoa dela-eta lan-jardunbide baztertzaileak izateagatik edo onartzeagatik zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileei.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 5 bis artikuluan xedatutakoa betez, proposatutako dirulaguntza Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2025-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren II. eranskinean jasota dago. Plan hori Gobernuaren 2025eko apirilaren 30eko Erabakiaren bidez onetsi zen.
Ikusirik espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, adierazten dutenak egokia eta interes publikokoa dela deialdi hau onestea eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, eta Eskubide Sozialetako Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuaren oniritzia izanik, proposatzen da deialdi hau onestea.
Horrenbestez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskumenak baliatuz, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen ekainaren 5eko 60/2024 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak baliatuz, honako hau,
AGINTZEN DUT:
1. Dirulaguntza deialdia hau onestea: "Dirulaguntzak toki entitateentzat, haur eta nerabeentzako prebentzio komunitarioko programak abiaraz ditzaten."
2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:
|
AURREKONTUKO PARTIDA |
EKITALDIA |
ZENBATEKOA |
|
920008-93300-4609-231700: Toki entitateentzako dirulaguntza, haur eta nerabeentzako prebentzio komunitarioko programetarako |
2026 urte |
350.000,00 |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)