Deialdiak boluntariotza hartzen du kontuan, eta funtsezko bi eremutan txertatzen du: alde batetik, diruz lagun daitezkeen ekintzen barruan sartzen du, berariaz jasotzen baitu proiektuetan parte-hartze sozialeko, boluntariotzako eta asoziazionismoko jarduerak sustatzea; eta, bestetik, elementu ebaluagarri gisa aitortzen du, puntuazio espezifikoa ematen baitio boluntariotza eta haren funtzioak behar bezala sartzeari, balorazio-irizpideen barruan.
208E/2025 EBAZPENA, azaroaren 27koa, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena toki entitateei dirulaguntzak emateko, 2026. urtean, kulturen arteko bizikidetza eta arrazismoaren nahiz xenofobiaren aurkako borroka sustatzeko proiektuetarako. DDBN kodea: 0000867476.
Nafarroako Gobernuak sustatu gogo du, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren bidez, Nafarroako toki entitateek inplikazio handiagoa izatea Nafarroako hiritargoa osatzen duten askotariko kultura ugarien arteko bizikidetzarako espazioak sortzeko ekimenak sustatzen eta garatzen.
Deialdiak bidea ematen die toki entitate interesdun guztiei berdintasunez parte har dezaten eta, era berean, bermatzen du dirulaguntzak irizpide objektiboei jarraikiz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politikaren esparru orokorrean ezarritako jarraibideen arabera lehenetsiko dira.
Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuaren proposamen txostena jaso da espedientean, baita txosten juridikoa eta kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ere.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat, kulturen arteko bizikidetza eta arrazismoaren nahiz xenofobiaren aurkako borroka sustatzeko proiektuak xede dituena, bai eta deialdiaren oinarri arautzaileak eta balorazio-irizpideak ere, zeinak ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jaso baitira.
2. 161.839,44 euroko gastua erreserbatzea eta baimentzea, 2026ko gastu-aurrekontuan partida honen baliokide gisa gaituko den partida ekonomikoaren kargura: Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren 2025eko ekitaldiko gastu-aurrekontuko 350002-35200-4609-231900 partida, "Toki entitateentzako dirulaguntzak bizikidetza- eta sentsibilizazio-proiektuetarako" izenekoa; hori guztia, baldin eta kreditu nahikoa eta egokia baldin badago.
Kreditu baimendu horri 18.160,56 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez, eta zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko ez da beste deialdi bat egin beharko.
Kasu horretan, aurrekontuaren zenbateko gehigarri hori diru-izendapenik gabe geratu diren proiektuetarako erabiliko da.
3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzura, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzailetza delegatura, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) ere.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)