"AUZOLAN" gizarte-intereseko proiektu komunitarioak garatzen dituzten gazteei diru-laguntzak emateko deialdia

2026ko ekainaren 4, osteguna

Diru-laguntzak boluntarioen parte-hartzeari balioa ematen dio, boluntariotza gazteak gizartean aktiboki inplikatzea sustatzeko funtsezko bide gisa ulertzen duelako, gizarte-erantzukizuneko, elkartasuneko eta ingurune hurbilarekiko konpromisoko balioak sustatuz. 11/2011 Foru Legearen ildotik, boluntariotzak, behar sozialei erantzuten laguntzeaz gain, herritarren parte-hartzea eta sare komunitarioen sorrera indartzen ditu, eta eragin positiboa sortzen du bai onuradunengan bai parte hartzen dutenengan. Horregatik, proiektuaren kalitatezko elementutzat hartzen da, agerian uzten baitu bere dimentsio soziala, herritarrak mobilizatzeko gaitasuna eta gizarte kohesionatuagoa eta parte-hartzaileagoa garatzeko egiten duen ekarpena.

80E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita interes sozialeko AUZOLAN proiektu komunitarioak egiten dituzten gazteei dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazio prozeduraren bidez. Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko kodea: 905817.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 31. artikulua herritarren parte-hartzeari buruzkoa da, eta, xedatzen duenez, gazteek gizartean duten parte-hartzea erraztearren eta erantzukizun sozialeko kontzientzia sustatzearren, mekanismoak ezarriko dira partaidetza sozialeko eredu berriak eratzeko ingurune egokia sortze aldera. Bestalde, 32. artikuluan (boluntariotzari buruzkoa), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eskatzen zaio gazteek boluntariotza-jardueretan parte hartzea sustatzeko, batez ere gertueneko errealitate sozialetan, balio sozial handia duen aldetik.

Gazteriak erreferentziazko papera du gizarte justu, inklusibo eta demokratikoagoak eraikitzeko bidean. Hala ere, ikusi da gazteen artean erakundeekiko eta partaidetza-prozesu tradizionalekiko gaitzustea zabaltzen ari dela, kausa sozial eta komunitarioekin konprometituta jarraitzen duten arren. Bestalde, Nafarroako Gazteriaren Institutuak gazteentzako partaidetza-politikak diseinatzeko oinarrizko tresna gisa egindako Gazteen Partaidetzaren Diagnostikoan ondorioztatu zen ezen, gazteen parte-hartzeak pixkanaka behera eginen duela pentsatzen den arren, badagoela gazteen parte-hartze sozial eta aktiboa eraldatzeko prozesu sakon bat, hain formalizatuta ez dauden eta koiunturalagoak diren antolaketa-ereduetarantz.

Horregatik, 2025-2028 aldirako Nafarroako Gazteria Estrategiak, partaidetzaren alorrean diharduen arlo estrategikoaren bidez, lortu nahi du herritartasun aktiboa sendotzea gazteen artean eta, aldi beran, parte-hartze sozialeko modu berrietara egokitzea partizipazio-tresna berriak eta metodologia berritzaileak sustatuz. Hala, partaidetza komunitarioko proiektuen sustapenari eta kolektibo informalen esparrua egokitzeari lotutako helburuak ezartzen ditu, gazteek ekimen sozial, kultural eta ingurumenekoetan parte har dezaten beren auzo eta herrietan. Horretarako, funtsezkoa da administrazioek partaidetzako tresna, espazio eta kanal malguagoak eta ez hain egituratuak eskaintzea, gazteek aukera izan dezaten parte hartzeko eta modu zuzen eta askeagoan interakzioan aritzeko.

Horregatik, gazteen parte-hartzea errazte eta sustatze aldera, Nafarroako Gazteriaren Institutuak dirulaguntza-deialdi hau planteatzen du, elkartekide ez diren gazteen taldeek aurrera ateratako interes sozialeko proiektu komunitarioak laguntzera bideratua. Izan ere, gazteak inplikatu eta bultzatu nahi dira beren ingurune sozial eta kulturalean inpaktu erreala izanen duten partaidetza eraginkorragoetan parte hartzeko.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

International Volunteer Year 2026