XXI. mendeko Nafarroa anitz eta askotarikoaren erronkei aurre egiteko Gobernua II. Bizikidetza Plana egiten hasi da

2024ko abenduaren 23, astelehena

Lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok Foru Agindua sinatu du, Nafarroako Gobernuaren II. Bizikidetza Plana burutzeko prozesu parte-hartzaileari eta departamentuartekoari hasiera emateko, Foru Komunitateak datozen urteetan giza eskubideen, bakearen eta aniztasunaren arloan izango dituen erronka nagusien inguruan.

Plangintza honek – I. Plan Estrategikoan (2021-24) egindako lana eta departamentu honek 2015az geroztik zeharka bultzatutako memoria-, bake- eta bizikidetza-politika publikoak hartzen ditu oinarritzat – eremu eta maila desberdinetako aniztasuneko bizikidetzari modu zabal eta irekian heltzea du helburu. Beti ere, Nafarroaren ibilbidea eta errealitatea kontuan hartuta, baina baita Europako eta munduko egungo testuingurua ere, inboluzio-mehatxuz betea.

Foru Agindua prozesu horren lehen egintza administratiboa da, eta datozen hilabeteetan metodologia parte-hartzaile batekin garatuko da, departamentuko Memoriaren eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren kudeaketa zuzenaren bidez, eta Nafarroako Politika Zientzietako eta Soziologiako Doktore eta Lizentziatuen Elkargo Ofizialaren laguntza teknikoaren bidez. Entitate horrekin hitzarmen bat berritu da helburu honekin eta I. Bizikidetza Plana ebaluatzeko.

Izan ere, Ollo lehendakariordeak adierazi duenez, helburua da "lehen plan honen oinarrizko ildoak finkatzea bere funtsezko ardatzetan. Prozesu transbertsal eta parte-hartzaile bat aktibatzea da helburua, bizikidetzaren ibilbide-orria eguneratzera eramango gaituena, errespetutik demokraziaren, giza eskubideen, bakearen eta aniztasuneko bizikidetzaren arloan testuinguru propio, nazioarteko eta aldakor eta zorrotz batean, indarkeria ororen deslegitimaziotik abiatuta ". Hori guztia ahalik eta adostasun handienarekin, koalizio-gobernua sostengatzen duen eta indarrean dagoen akordio programatikoan jasotzen den bezala.

Departamentuaren aurreikuspena – egindakoaren balantzea kontuan hartzeaz gain – plan berria izango denaren oinarriak lantzea da 2025. urtearen hasieran, ondoren partaidetza-prozesu bat egituratu ahal izateko. Prozesu horrek departamentuen arteko barne-maila izango du nahitaez, baita erakundeartekoa ere (toki-erakundeak, Parlamentua, unibertsitateak...), eta gizarteko hainbat eragilerekin harremanetan. Planak diziplinarteko ikuspegia ere izango du, eta bizikidetzako hezkuntza, sentsibilizazioa eta Memoria Kritikoa eraikitzea, baita biktimei laguntzeko beste ildo batzuk ere izango ditu oinarri.

"Gaur, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da Nafarroako bizikidetza soziala eta politikoa sendotzea, berezko arazo historikoak gaindituz eta inboluzioan sarturik dagoen mundu global baten erronka eta mehatxu berrien aurrean", adierazi du Ollo lehendakariordeak, korronte ultraeskuindarrei, albiste faltsuen ugaritzeari, gorrotoaren diskurtsoei eta Foru Komunitatearen elkarbizitzarako mehatxu larria diren tokian tokiko eragina duten beste fenomeno global batzuei erreferentzia eginez.

Bizikidetza soziala eta politikoa kultura-, politika-, hizkuntza- eta genero-aniztasunean...

"Horregatik, II. Bizikidetza Planean memoria kritiko baten politika publikoak jasotzen jarraitu behar dugu, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren alde lan egingo dutenak, giza eskubideen eta askatasun politikoaren aurkako urraketak ez errepikatzea bermatuko duten baldintzak sortzeko, enpatiatik, testuinguru biktimologiko guztietako biktimen eskubideen aitortzatik eta gogobetetzetik abiatuta, diluziorik eta parekatzerik gabe", azaldu du Ollok, diktadura frankistaren, terrorismoaren eta motibazio politikoko indarkeriaren beste biktima batzuen inguruan egindako hainbat neurri eta ekintzari erreferentzia eginez. "Datorren urtean 50 urte beteko dira Franco diktadorea hil zela, eta une egokia da memoriarekiko eta bakearekiko konpromiso hori sendotzeko".

Baina gizarteak biktimekiko duen betebehar horren eta gizarte demokratiko baten alde lan egitearen erronkari, lehendakariordearen iritziz, "Nafarroan gero eta pluralagoa den kultura, identitate, ideologia, lurralde, belaunaldi arteko arlo, jatorri, hizkuntza, erlijio, genero eta abarretan sortzen diren beste erronka batzuk gehitzen zaizkio. Horregatik, II. Bizikidetza Plan honek indartu egingo du lehenengoan aipatzen zen ikuspegi zabal eta integral hori, XXI. mendeko Nafarroako bizikidetza-erronkei buruzkoa”.

II. Planak, horrela, elkarrekiko aitorpenean eta aniztasunaren kontsiderazio positiboan oinarritutako bizikidetza-eredu berrietarako trantsizioa sustatu beharko du. “Azken batean, gure Nafarroa honetan bizikidetzak dituen erronka handiei aurre egin behar diegu, ez baita irla bat ikasi beharreko mundu konplexu eta aldakor batean, baina gure esperientzia ere eman diezaiokegu ", adierazi du Ollo lehendakariordeak Foru Agindu honen sinaduraren harira.

XXI. mendeko Nafarroa anitz eta askotarikoaren erronkei aurre egiteko Gobernua II. Bizikidetza Plana egiten hasi da
International Volunteer Year 2026