Nafarroako Osasun Eskolak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) koordinatuta, 13 tailer presentzial, telepresentzial bat eta zineforum saio bat eskainiko ditu urtarriletik maiatzera bitartean, adinekoentzat, gurasoentzat, gaixotasun kronikoak dituztenentzat eta beste pertsona batzuk zaintzen dituztenentzat.
Programazio berria sei udalerritan garatuko da: Agoitz, Bargota, Murchante, Iruña, Gares eta Tafalla. Eskaintza doakoa da, baina parte hartzeko derrigorrezkoa da izena ematea, telefonoz (848 423 450, 8:00etatik 15:00etara) edo bestela escueladesalud.navarra.es webgunean.
Nafarroako Osasun Eskolak herritarrei euren osasuna hala nola ongizatea hobetzeko tailerrak eskaini nahi dizkie bizitzako etapa ezberdinetan edo bizitzen ari diren egoeretan. Saioak irakasle kolaboratzaileekin eta gaian adituak direnekin eskaintzen dira, profesionalak nahiz adinekoak, gurasoak, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak eta beste pertsona batzuk zaintzen dituztenak barne hartuz.
Udalerri ezberdinetatik, tailerrak antolatzen eta zabaltzen laguntzen aritzen dira gizarte-erakundeak, elkarteak, osasun-zentroak, udalak, ikastetxeak, Apymak, etab. Alditan, tailerrak Osasun Eskolaren ekimenez antolatzen dira, eta beste batzuetan berriz, erakundeek eta elkarteek eskatu izaten dituzte.
Gurasoen egunerokotasuna arintzeko gakoak
Gurasoen Eskolak aurrez aurreko hiru tailer planifikatu ditu seihileko honetan. Tailer horietako bakoitzak lau saio izango ditu, “Hazkuntza positiboa: Egunerokotasuna arintzeko gakoak”. Urtarrilean tailer bat egin da eta udazken sasoian plazarik gabe geratu zirenei eskaini zaie. 3 eta 6 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiei zuzendutako tailerretako bat Patxi Larrainzar ikastetxean egingo da, Apymaren eskaria kontuan izanik. Tailer honetan edozein familiak eman dezake izena, eta zentro honetakoak direnei lehentasuna emango zaie. Hirugarren tailerra 6 eta 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiei zuzenduta dago eta Iruñan egingo da.
Zahartze osasungarria
60 urtetik aurrerako pertsonei zuzendutako Adinekoen Eskolak lau tailer dakarzkigu; horietako bi “Osasuntsu Zahartzea” gaiari buruzkoak dira eta zahartze aktiboa eta osasungarria sustatzea dute helburu. Lau saio egingo dira Iruñeko Alde Zaharrean eta Bargotan eta leku horietan bertan “Sexualitateaz ari gara” izeneko beste bi saio eskainiko dira.
Eskola honetako eskaintzak, horrez gainera, ‘Nora goaz?’ dokumentalaren zineforum saio bat dakarkigu. Filma Agoitzen proiektatuko da eta bertaratzeko ez dago izena eman beharrik.
Gaixotasun kronikoak dituzten pertsonentzako laguntza
Pazienteen Eskolak lau tailer mota eskaintzen ditu. ‘Elikadura eta jarduera fisikoa 2. motako diabetesean’ tailerra Murchanten eta Garesen garatuko da. ‘Gaixotasun kroniko bat nola onartu’ eta ‘Gaixotasun baskular batekin bizi’ ikastaroak Iruñan eskainiko dira. Tailer horietako bakoitzak aurrez aurreko lau saio dituzte, zeinetan auto-zaintza hobetzeko jarraibideak eta gomendioak landuko diren.
Otsailean, bestalde, ‘Erretzeari uzteko laguntza’ tailer telepresentziala hasi da. Tailer honetarako izen-ematea etengabe zabalik dago eta interesatutako behar adina pertsona biltzen direnean beste edizio bat antolatuko da.
Besteak eta norbera zaintzea
Amaitzeko, Zaintza Eskola senitartekoak edota hurbileko pertsonak zaintzen dituzten pertsonei zuzenduta dago. Eskolak ‘Dementzia duen pertsona bat eta norbere burua zaindu’ tailerra eskaintzen du Tafallan hala nola Iruñan. Tailer hauetako bakoitzak lau saio dakartza eta Osasun Eskolaren eskaintza osoan bezala, euren artean osagarriak izateagatik, garrantzitsua da tailer bakoitzeko saio orotara joatea.