Nafarroako Kirol Sarien 2025eko herri-bozketa zabalik

2026ko urtarrilaren 2, ostirala

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak (INDAF) Nafarroako Kirol Sarien 2025eko herri-bozketarako epea ireki du. Bozketa gaur, urtarrilaren 2an, hasi da, eta urtarrilaren 15era arte egongo da zabalik, bi egun horiek barne. Partaidetza-prozesu honen bidez, herritarrek urteko Nafarroako kirolean nabarmendutako hautagaitzak aukeratu ahal izango dituzte hainbat kategoriatan, INDAFen webgunean eskuragarri dagoen online bozketaren bidez.

Herri-bozketa hau Foru Dekretu 100/2021aren bidez ezarritako ereduaren barruan kokatzen da, sariak emateko prozeduraren aldaketaren ondoren. Helburua da kirol-komunitatearen eta herritarren parte-hartzea indartzea, Nafarroan kirola garatzen laguntzen duten pertsonen, erakundeen eta proiektuen aintzatespenean. Nafarroako Kirol Sariak urtero ematen dira 1984tik, Nafarroako kirolaren lorpen eta jardun aipagarrienak aitortzeko.

Herritarren parte-hartzerako irekitako kategoriak

Herritarrek honako kategoria hauetan bozkatu ahal izango dute: Klub Onena, Kirol Federazio Onena, Kirolaren Balioak eta, edizio honetan berrikuntza gisa, Eskola Kirol Proiektu Onena. Bozketa Nafarroako Kirol Sarien Batzordeak proposatutako hautagaitza finalisten artean egingo da; batzorde hori INDAFeko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez izendatua dago, eta kirol federazioetako ordezkariek, kirol-prentsa espezializatuko ordezkariek eta Institutuko langile teknikoek osatzen dute.

Kirol Federazio Onenaren kategorian, honako hauek dira hautagai finalistak: Nafarroako Triatloi Federazioa, Nafarroako Pádel Federazioa eta Nafarroako Kick-Boxing Federazioa. Kirol Klub Onenaren kategorian, berriz, C.D. Beti Gazte K.E., Hiru Herri Atletiko Taldea eta Mulier Fútbol Club Navarra lehiatzen dira.

Kirolaren Balioen aintzatespenean, hautagaiak dira Mikel Vidaurre, istripu larri baten ondoren egindako gainditze-ibilbideagatik; Raquel Arias, Valle de Egüés taldeko futbolaria, lehiaketan izandako joko garbiko keinu eredugarriagatik; eta Club Beisbol Toros, beisbolaren esparruan egindako lan integratzaile eta inklusiboagatik.

Bestalde, Eskola Kirol Proiektu Onenaren kategorian, honako hauek dira hautagai finalistak: IES Eunate BHI, Kirolaz Blai proiektuarekin; Aoizko San Miguel HLHI, Juego con mis amigas y amigos y me divierto proiektuarekin; eta Isterria CEE, Isterria Olímpica proiektuarekin.

Bozketa-sistemak NAN bakoitzeko eta helbide elektroniko bakoitzeko boto bakarra onartzen du. Behin botoa emanda, posta elektronikoz bidaliko den estekaren bidez baliozkotu beharko da, behar bezala zenbatu ahal izan dadin.

Hautagaitzei buruzko informazio guztia, baita proposamen bakoitza oinarritzen duten merezimenduak ere, INDAFen webgunean kontsulta daitezke; bertan dago eskuragarri, halaber, bozketarako inprimakia.

Beste sari batzuk eta sari-banaketa gala

Herri-bozketara aurkezten diren kategoriez gain, Nafarroako Kirol Sariek beste aintzatespen batzuk ere jasotzen dituzte, dagokien erakunde eta organoek zuzenean emango dituztenak. Horien artean daude Gizonezko Kirolari Onena eta Emakumezko Kirolari Onena, Gizonezko Talde Onena eta Emakumezko Talde Onena, Gizonezko Kirolari Errebelazio Onena eta Emakumezko Kirolari Errebelazio Onena, Teknikari Onena, Epaile Onena eta Arduradun Onena.

Bestalde, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, Nafarroako Udal Kirolaren Elkarte Teknikoaren aholkularitzarekin, Udal Kirol Zerbitzu Onenaren saria erabakiko du; eta Kirol Ikasketa eta Medikuntzako Zentroak, Nafarroako Jarduera Fisiko-Kirol Hezitzaileen Elkargo Ofizialaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren laguntzarekin, Ikerketa Proiektu Onenaren saria emango du.
Nafarroako Kirol Sarien 2025eko banaketa-ekitaldia datorren otsailean egingo da, Navarra Arenan, Kirolaren Galaren baitan.

Nafarroako Kirol Sarien 2025eko herri-bozketa zabalik
International Volunteer Year 2026