Nafarroako Gobernuaren adierazpen instituzionala, Langileen Nazioarteko Eguna dela eta

2024ko apirilaren 30, asteartea

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, adierazpen instituzional hau onartu du Langileen Nazioarteko Eguna dela eta, asteazken honetan, maiatzak 1:

"Maiatzaren 1a Langileen Nazioarteko Eguna dela eta, Nafarroako Gobernuak azaldu nahi du babesten dituela lanaren oinarrizko printzipio eta eskubideak, Nazioarteko Lan Erakundeak deklaratutakoak, eta horien alde egiteko konpromisoa duela, ezinbesteko elementuak direlako bidezko garapen ekonomiko eta soziala lortzeko.

Elkartzeko askatasuna eta askatasun sindikala, negoziazio kolektiborako eskubidea egiazki onartzea, bortxazko edo nahitaezko lan mota guztiak ezabatzea, haurren lana modu eraginkorrean indargabetzea, enpleguaren eta okupazioaren arloko diskriminazioa ezabatzea eta lan-ingurune seguru eta onuragarria izateko eskubidea, inoiz baino gehiago defendatzen jarraitu behar dugun balioak dira.

Gizarte Elkarrizketaren bidez egituratzen eta defendatzen dira oinarrizko eskubide horiek, elkarrizketa ezinbesteko elementua baita ezarritako neurriek arrakasta izan dezaten. Horregatik, Nafarroako Gobernuak errespeturik handiena dio gobernuaren, langile-sindikatuen eta enpresaburuen elkarteen artean artikulaturiko elkarrizketari.

Gure erkidegoan enplegua hazten ari da, baina erronkak ere badira, hala nola laneko istripuen aurkako borroka. Testuinguru horretan, Nafarroako Gobernuak politika publikoak egiten jarraituko du Nafarroan bizi diren pertsona guztiek lan duina eta kalitatezkoa izan dezaten, benetako eskubide-, tratu- eta aukera-berdintasuna bermatze aldera. 

Maiatzaren 1eko ospakizuna dela eta, geure gain hartzen dugu lan duin eta enplegu osoko politika aktiboak formulatu eta gauzatzeko konpromisoa, eragile sozial eta ekonomikoekin lankidetzan.

Lan duina izateko eskubidea oinarrizko eta funtsezko eskubidea da pertsona guztien garapenerako, hala nola giza duintasuna eta giza eskubideak gauzatzeko ere. Horregatik, gogor lan egin behar dugu kalitatezko enplegua sor dadila bultzatzeko eta lan-merkatuaren dinamismoari eusteko."

Rueda de prensa completa tras la sesión de gobierno

Nafarroako Gobernuaren adierazpen instituzionala, Langileen Nazioarteko Eguna dela eta
International Volunteer Year 2026