Maiatzaren 17an, larunbata, ospatuko den LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzional bat onartu du kolektibo horren eskubide-berdintasunaren alde lan egiten jarraitzeko asmoa berresteko eta sexu-orientazio eta -identitateagatik eta genero-adierazpenagatik kideek jasaten dituzten gorroto-delituak eta diskriminazio-egoerak detektatzeko eta geldiarazteko neurriak bultzatzeko.
17M, 1990ean ezarritako aldarrikapen-data
17Mak 1990ean Osasunaren Mundu Erakundearen gaixotasunen eskuliburutik homosexualitatea ezabatu zela oroitarazten digu, eta horrek homosexualitatea despatologizatzea ekarri zuen. 2022an urrats bera eman zen transexualitatearekin, ordura arte eskuliburu berean jasoa baitzegoen, buru-nahasteen atalaren barruan.
Aldi honetan zehar, aurrerapen nabarmenak atzeman dira LGTBI+ eskubideen arloan, bai Espainiako Estatuan eta bai Nafarroan. LGTBI+ pertsonei eskubideak aitortzen eta bermatzen dizkieten legeak onartu dira, gizarte-mailan aldaketak eragin dituztenak.
Estatu mailan azken bi hamarkadetako mugarrien artean, honako hauek nabarmentzen dira: 2005eko Kode Zibilaren aldaketa, LGTBI kolektiboko pertsonen arteko elkartze zibilak ahalbidetu zituena; 2007an irekitako aukera, dokumentuetan izena eta sexua aipatzeko erregistro-aldaketa bat egin ahal izateko; edo otsailaren 28ko 4/2023 Legea, transen berdintasun erreal eta eraginkorrerako hala nola LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko. Nafarroan, lehen lege-aurrerapenak genero-identitateagatik ez baztertzeari hala nola hauen eskubideak aitortzeari buruzko azaroaren 19ko 12/2009 Foru Legearen eskutik iritsi ziren, eta ondoren LGTBI+ pertsonen gizarte-berdintasunerako ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legeak osatu zuen.
Adierazpen instituzionala, LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta
Albiste honi buruz gehiago jakin nahi baduzu, mesedez kontsulta ezazu gaztelaniazko bertsioa. Goiko nabigazio barra gorrian alda dezakezu hizkuntza:
"Maiatzaren 17an, LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, LGTBI+ pertsonentzat garrantzi handia duen mugarri historiko bat gogorarazten da. 1990an, homosexualitatea gaixotasuntzat hartzeari utzi zion Osasunaren Mundu Erakundeak. Hori aurrerapauso nabarmena izan zen LGTBI+ pertsonen duintasuna eta eskubideak onartzeko bidean. Transexualitatea, berriz, 2022ra arte ez da despatologizatu. Izan ere, nahasmendu mentalen atalean jasota zegoen OMEren Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenean (ICD-11), 2022an eskuliburu hori eguneratu zen arte.
Hala, gaurko egunean, Nafarroako Gobernuak erabat arbuiatu nahi du LGTBI+fobia dakarren edozein adierazpen, eta berresten du LGTBI+ pertsonen eskubideak defendatzeko, sustatzeko eta bermatzeko duen konpromisoa.
Azken hamarkadetan, aurrerapen handiak egin dira LGTBI+ eskubideen arloan: LGTBI+ pertsonen eskubideak aitortzen eta bermatzen dituzten zenbait lege onetsi dira, bai Nafarroan, bai estatuan, eta horrekin batera gizartean zenbait aldaketa izan dira. Hori guztia, erakundeek eta kolektiboek batera egindako lanari eta konpromisoari esker. Azken horiei aitortu eta eskertu behar zaie lan nekaezina egin dutela.
Hala ere, hainbat lorpen izan badira ere, egungo testuingurura erronka handia da. Azken aldian, gorroto-delitu gehiago erregistratzen ari dira, eta bigarren kausa izatera iritsi dira, Barne Ministerioak gorroto-delituen bilakaerari buruz egindako azken txostenaren arabera. Halaber, gero eta zabalduago eta normalizatuago daude diskurtso antifeministak eta LGTBI+fobikoak, erdietsitako aurrerapen eta eskubideak zalantzan jartzen dituztenak.
Nafarroako Gobernuarentzat, LGTBI+ eskubideak giza eskubideak dira, eta halakotzat babestu eta defendatu behar dira. Horregatik, Nafarroako Gobernuak, adierazpen honen bidez, diskriminazio- eta indarkeria-adierazpen oro gaitzesten du, eta berresten du konpromisoa duela LGTBI+ arloko politika publikoak egiteko, LGTBI+ eskubideak bermatu eta sustatzeko eta Nafarroa erkidego askotarikoagoa eta berdinzaleagoa bilakatzeko."