Nafar Lansareren gizarte-ekonomiako enpresentzako laguntzek 180 lanpostu sortzen lagundu zuten 2023an

2024ko otsailaren 7, asteazkena

Nafar Lansare - Nafarroako Enplegu Zerbitzuak 2 milioi euro bideratuko ditu aurten gizarte-ekonomiako enpresentzako laguntzen deialdietara. Iaz milioi eta erdi euro eman ziren kooperatibentzako eta lan-sozietateentzako dirulaguntza espezifikoetan, eta 149 enpresak jaso zuten dirulaguntza hori.

SNE-NLk arlo horretan emandako laguntzek 180 enplegu sortzeko bidea eman zuten iaz eta % 40a emakumeak izan ziren. Hala eman du jakitera erakunde autonomoko zuzendari-gerente Miriam Martonek 2023an sortutako kooperatiba berrien harira ANEL Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen Elkarteak antolatutako aurkezpen ekitaldian eta bertan izan da halaber Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusi Iñaki Mendioroz.

Martonek bere esku-hartzean esker ona adierazi du pertsona ekintzaile horiek Nafarroaren garapen iraunkorrari eginiko ekarpenagatik, “kooperatibek kalitatezko lanpostuak sortzen dituztelako, lurraldean mantentzen direlako eta enpleguari nahiz eraldaketa sozialari ekarpena egiten diotelako”. “Hurbiltasuneko eta giza kudeaketako ekonomia bat sustatzen duen eredua da”, nabarmendu du.

Sentsibilizazioa, kide edo inbertsio berriak 

Enplegutik kudeatzen diren laguntzen multzo horrek hainbat aukera aurreikusten ditu: diru-laguntza ezberdinak daude gizarte ekonomiako enpresak sortzeko edo eraldatzeko, laguntza teknikoak barne hartuz; pertsona berriak kide-langile bezala txertatzeko; edo bestela kooperatiben eta lan-sozietateen lehiakortasuna hobetzea lortzearren inbertsioak egiteko.

Bestalde, irabazi-asmorik gabeko erakundeei zuzendutako laguntzak eskaintzen dira, enpresa-eredu horri buruzko sentsibilizazio- eta sustapen-ekintzak burutzeko, helburutzat izanik Gizarte Ekonomiaren zeregina zabaltzea, bere aintzatespena sustatzea hala nola haren printzipioak nahiz funtzionamendua transmititzea. Deialdi ezberdin hauek denbora gutxi barru argitaratuko dira SNE-NLren webgunean.

Nafar Lansareren gizarte-ekonomiako enpresentzako laguntzek 180 lanpostu sortzen lagundu zuten 2023an
International Volunteer Year 2026