Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 190.000 euro bideratu ditu, iaz bideratutako 120.000 euroen aldean, tokiko erakundeek sustatutako 19 proiektu gauzatzeko, Pirinioetako 2026ko Planarekin lotutako laguntza deialdiaren barruan. Finantzaketa-ildo horri esker, lurraldean identifikatutako lehentasunak herritarrengandik hurbil dauden jarduera zehatz bihurtzen dira, eta udalerriek eta ibarrek beren beharrei erantzuteko duten gaitasuna indartzen da.
Laguntza-ildo honen deialdia Nafarroako Gobernuak Pirinioekin eta eremu bakoitzaren berezitasunak kontuan hartzen dituen politikarekin duen konpromisoa agerian uzteko erabiltzen duen bideetako bat da. Ebazpenak erakusten du Pirinioetako Plana lekuan bertan egindako jardueretan gauzatzen dela. Udalerriak sute arriskuari aurre egiteko prestatzea, irisgarritasuna hobetzea, etxebizitzaren arazoari aurre egitea, espazio komunitarioak berreskuratzea edo kultura eta turismo jarduera sustatzea dira, besteak beste, abian jarritako ekimenak.
Proposatutako ekintzen lankidetza-izaera ere deialdiaren ezaugarrietako bat da. Izan ere, udalerriek, kontzejuek eta haran bereko erakundeek elkarrekin aurre egin diezaiokete administrazio-mugak gainditzen dituzten beharrei.
Erronkei lurraldetik bertatik erantzutea
Jesús María Rodríguez Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak azaldu duenez, "aukeratutako proiektuek Pirinioetako herri eta haranek erronka ugari dituztela eta, aldi berean, tokiko erakundeek soluzioak proposatzeko duten gaitasuna erakusten dute".
Deialdian jasotzen den lehentasunetako bat suteen prebentzioa eta klima aldaketara egokitzea da. Etxebizitza eta biztanleria finkatzea ere erantzun horren parte dira. Gainera, laguntza-ildo honek bizi-kalitatearekin eta zerbitzuak ematearekin lotutako gaiak ere jorratzen ditu, baita zerbitzu horien irisgarritasuna ere. Kulturak, ondareak eta herrien dinamizazioak ere leku nabarmena dute deialdi honen onuradun izan diren jardueren artean.
Foru Gobernuak egindako inbertsioa Pirinioetako herrietako eguneroko bizitzako gai oso zehatzei eragiten dieten proiektuen aldeko apustu zuzena da. Helburua Pirinioetako tokiko erakundeei laguntzea da, beren erronkei lurraldetik bertatik aurre egin diezaieten eta bizi diren tokiak pertsonen aukerak baldintzatuko ez dituen eredu baterantz aurrera egin dezaten.
Proiektu eta erakunde onuradunak
Deialdiaren ebazpenak diruz lagundutako 19 ekimen biltzen ditu, zerbitzuak hobetzea, suteen prebentzioa indartzea, etxebizitza eskuratzeko erraztasunak ematea eta Pirinioetako herri eta haranak dinamizatzea helburu dutenak:
1. Remondegi etxea jarduera-proiektua — Abaurregainako Udala.
2. Ibañeta egoitza — Auritzeko Udala eta Artziko Udala.
3. Baratxinto Fest, Nafarroako Pirinioetako Arteen Jaialdia (VI. edizioa) — Erronkariko Udala, Uztarrozeko Udala, Burgiko Udala eta Bidankoze Udala.
4. Iratiko Oihaneko Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integrala — Zaraitzuko Ibaxaren Batzorde Orokorra.
5. Zaindu Pirinioak — Orreagako Udala eta Mezkiritzeko Kontzejua.
6. Erronkarin klima-aldaketara egokitzea eta baso suteak prebenitzea, PAMIF (Baso Suteen aurreko Udal Jarduera Plana) prestatuta — Erronkariko Udala.
7. Izaban klima-aldaketara egokitzea eta baso suteak prebenitzea, PAMIF prestatuta— Izabako Udala.
8. Uztarrozen klima-aldaketara egokitzea eta baso-suteak prebenitzea, PAMIF prestatuta — Uztarrozeko Udala.
9. Burgin Klima-aldaketara egokitzea eta baso-suteak prebenitzea, PAMIF prestatuta — Burgiko Udala.
10. Galoze, Espartza Zaraitzu eta Sartzeko Baso Suteen aurreko Udal Jarduera Planak (PAMIF) koordinatuta idaztea — Galozeko Udala, Espartza Zaraitzuko Udala eta Sartzeko Udala.
11. Erronkaribarko Etxebizitzaren Diagnostiko Integrala eta Mapaketa — Erronkaribarko Batzorde Nagusia.
12. Garden irisgarritasuna eta oinezkoen segurtasuna hobetzea eta oinezkoentzako bidean argiztapen autonomoa ezartzea — Gardeko Udala.
13. Herri batek bere eskola arnasten du — Auritzeko Udala.
14. Auñamendiko Adikzioen Tokiko Plana indartzeko komunitate aholkularitzak eta laguntza teknikoa — Orbaizetako Udala eta Bizkarretako Kontzejua.
15. Erroibarko errota zaharren inbentarioa, diagnostikoa eta interpretazio-proposamena egiteko laguntza teknikoa — Erroko Udala eta Orondritzeko Kontzejua.
16. Jaurrietako eskola zaharretan kultura- eta komunitate-erabilerak berreskuratzea — Jaurrietako Udala.
17. Erroibarko bidezidorrak dinamizatzea — Erroko Udala.
18. Bidankozeko ur-hornidurako hodia eta kaltzio-kentzailea berritzea — Bidankozeko Udala.
19. Iratiko Muxumurru idoia hobetzeko proiektua — Zaraitzuko Ibaxaren Batzordea.
Iturri: navarra.es