Nafarroako Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria den Amparo Lopez jokoarekiko mendekotasuna duten pertsonekin eta haien familiartekoekin bildu da Aralarren egoitzan; hain zuzen ere, ludopatiaren laguntzarako eta prebentziorako Elkartea da Aralar.
Topaketan, parte-hartzaileek euren esperientziak partekatu dituzte, ausazko jokoek pertsona askorentzat ekartzen dituzten ondorio negatiboak agerian jarriz eta askotan “zorrak, familia-gatazkak, beste osasun-arazo batzuk edo lana galtzea” bezalako egoerak ekarriz.
“Ezagutzera eman nahi dugu, beste pertsona batzuekin gauza berak gerta ez daitezen balioko duelakoan”, adierazi dute. Era berean, errehabilitazio prozesuaren ondoren “euren bizitzaren agintea berreskuratu duten” pertsonek hartu dute hitza. “Prozesua gogorra da, baina merezi du”, azaldu du haietako batek.
Bestalde, López kontseilariak ziurtatu du jokoaren inguruko lana Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko ekintzen baitan aurkitzen den ildo estrategiko bat dela, eta, horregatik, Joko eta Apustuen Erregelamendu Orokorra garatu dela. Arau hori, funtsean “kolektibo kalteberak eta adingabeak babestera zein adikzio- nahiz esposizio-arriskuak murrizteko, irisgarritasuna murrizteko eta gizarte-hezkuntzatik eta sentsibilizaziotik babes-faktoreetan eragiteko neurriak ezartzera” bideratuta dago.
Topaketan zehar, bertaratuak bat etorri dira esatean lokaletara sartzeko kontrola “funtsezko neurri bat dela, aurpegiko azterketaren edo NAN elektronikoaren bidez, edo online zein aurrez aurre jokatu ahal izateko kontu edota fitxa bat sortu eta identifikatu behar den sistema baten bidez”.
Era berean, 18 urtetik beherakoak lokaletan sartzen direlako kezkatuta agertu dira, izan ere, jokoari eta jokorako irisgarritasunari buruzko “inkestetan frogatuta” dagoela nabarmendu dute. Bestalde, ludopatien gizarte-inpaktuaz haratago, suposatzen duten gastu publikoa ere nabarmendu nahi izan dute, hortik eratortzen direlako besteak beste, osasun-tratamenduak edo epaiketak.
Nafarroako Jokoaren Erregelamendu berria
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kontseiluari helarazi dio Nafarroako Foru Komunitateko Joko eta Apustuen Erregelamendu Orokorra onartzen duen foru dekretuaren proiektua, eta hark aginduzko txostena noiz egingo zain dago.
Erregelamendu berriaren helburua da adikzio- eta ludopatia-arriskuak prebenitzea, baita adingabeek eta arrisku-taldeek jokoa eskura izatea ere. Hainbat neurri hartzen ditu barne, esaterako joko-lokaletara sartzeko kontrola edo horrelako establezimenduak instalatzeko baimenak ukatzea ikastetxeetatik, jokalari patologikoak errehabilitatzeko zentro ofizialetatik, adimen-desgaitasuna edo buruko gaixotasuna duten pertsonentzako egoitza-zentroetatik, osasun-, kirol-, kultura- eta jolas-zentroetatik hala nola gazteen etxeetatik 400 metro baino gutxiagora.