2026ko Berdinna Sariaren epaimahaiak Murillo el Frutoko "El Cambio" Emakumeen Elkartearen hautagaitza Nafarroako Gobernuari helaraztea erabaki du gaur, haren ibilbidea eta toki eremutik gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko konpromisoa aitortzeko.
Proposamenaren berri emango zaio Foru Exekutiboari, datozen asteetan behin beitko onar dezan, martxoaren 6an, saria eman aurretik, Emakumeen Nazioarteko Eguna (M8) dela-eta antolatutako ekitaldien esparruan.
Edizio honetan zortzi proposamen aurkeztu dira guztira, eta hautagaitza gaur hautatu du Javier Remirez lehendakariordea eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilaria buru izan duen epaimahaiak. Epaimahai osoa honako hauek osatu dute: Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (INAI / NABI), Nafarroako Berdintasun Kontseiluak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) eta iazko sarituak, Esther Erice epaileak (bideo-deiaren bitartez parte hartu du). Proposamena Foru Exekutiboak hurrengo gobernu-bileran onartzea aurreikusten da.
‘El Cambio’ Elkarteak indarkeria matxistaren kontra borrokatzeko eta errespetuzko, berdintasunezko eta bizikidetzako kultura sustatzeko bultzatzen dituen sentsibilizazio-neurriak baloratu ditu bereziki epaimahaiak. Azken ekintzen artean, ‘Se acabó’ bideoklipa nabarmentzen da, A25, Emakumearen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, dela-eta ekoiztutakoa. Bideo hori egiteko, adin, profil eta arlo ezberdinetako 100 pertsona baino gehiagok hartu dute parte, eta Maria Jimenez artistaren abestia abestu dute, piezari izenburua ematen diona, indarraren, duintasunaren eta tratu txarren hausturaren ikur artistikotzat hartzen dena.
Remirez lehendakariordeak nabarmendu duenez, proposamen honek “Berdinna Saria inspiratzen duten balioak” irudikatzen ditu; aldi berean, gogoratu du Foru Exekutiboa “gobernu feminista dela, eta berdintasuna gure ekintza guztia zeharkatzen duen egiturazko politika bat dela”. Era berean, ‘El Cambio’ Emakumeen Elkartea “arlo horretan erreferentea” dela esan du, eta elkartearen lanak lurralde honetan berdintasunean aurrera egiten nabarmen lagundu duela.
Bestalde, Patricia Abad NABIko zuzendari kudeatzaileak nabarmendu du hautagaitza honek tokiko elkarte askok egiten duten lana irudikatzen duela, hurbiltasunetik kontzientziatzeko, bizilagun guztiak inplikatzeko eta espazio publikoa salaketarako eta babeserako leku aktibo bihurtzeko, toki eta komunitate mailan oihartzun oso garrantzitsua izanik. Halaber, Abadek adierazi du garrantzitsua dela era horretako ekarpenak publikoki aitortzea, “bidea irekitzen, kontzientzia sortzen eta berdintasun handiagoko gizartea sendotzen laguntzen baitigute”.
Horrez gain, edizio honetan aurkeztutako hautagaitzen maila altua nabarmendu nahi izan du, “Nafarroako gizarteak berdintasunarekiko duen konpromiso irmoa ez ezik, aurrerapen komun honetan pertsonek eta erakundeek betetzen duten rola ere islatzen baitute”.
‘El Cambio’ Emakumeen Elkartea 1998an sortu zen, adin ezberdinetako 200 bazkide inguru ditu, eta irabazi-asmorik gabeko erakundea da. Elkartearen helburua da gizarte bidezkoagoa eta zuzenagoa sustatzea, gizon-emakumeek eskubide, aukera eta askatasun berberak izan ditzaten. Gaur egun, adin ezberdinetako 183 bazkide ditu.
Helburuen artean, nabarmentzekoak dira jolas-, kultura-, prestakuntza eta aisialdi-arloko jarduerak egitea, Murillo el Frutoko emakumeen garapen pertsonala eta asoziatiboa sustatzearren. Era berean, emakumeen aukera-berdintasunaren aldeko lana egiten du lan-, kultura- eta gizarte-esparruetan, eta beste kolektibo, elkarte eta erakunde publiko batzuekin lankidetzan aritzen da, emakumearentzat positiboak izan daitezkeen ekimen guztietan.
Berdinna 2026 Sarirako ‘El Cambio’ elkartearen hautagaitza elkarteak berak eskatuta aurkeztu da. Epaimahaiak kontuan izan du desberdintasuna murriztera eta emakumeen eskubideak sendotzera bideratutako politikak, ekimenak edo jarduerak bultzatzeko egiten duen ekarpena.
Halaber, erreferentzia moduan aurkeztutako bideoklipa baloratu du, lan egiteko modua herritarren parte-hartzean eta berdintasunaren aldeko lanean oinarritzen dela uste baitu, eta hori hurbiltasun-eremutik. Hautagaitzak berak defendatzen duen bezala, proiektua honako helburu hauekin planteatu zen: “herria egitea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatuz”, genero-indarkeriaren gainean sentsibilizatzea eta Murillo el Frutok emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko duen konpromisoa ezagutzera ematea. Orobat, herritarren parte-hartzea bultzatu nahi izan zuen arlo horretan eta bizikidetzaren, errespetuaren eta askatasunaren erreferente positiboak sustatu, artea eta kultura bitarteko eraldatzaile eta irisgarri gisa erabiliz.
“Emakumeen aurkako indarkeriak gure gizartean giza eskubideen urraketarik iraunkorrenetako bat izaten jarraitzen du, eta, landa-inguruneetan, gainera, biktimek isolamendu, ikusezintasun eta baliabide-eza handiagoa izan dezakete. Hori dela-eta, proiektua hurbiltasunetik kontzientziatzeko, bizilagun guztiak inplikatzeko eta espazio publikoa salaketa eta laguntzarako leku aktibo bihurtzeko sortu da, toki- eta komunitate-mailan oihartzuna izanik”, azaldu du aurkeztutako hautagaitzan.
Bideoklipa 2025eko abuztutik azarora bitarte egindako lanaren emaitza da. Azaroaren 23an aurkeztu zuten herritarren aurrean, eta ekitaldian 200 bat lagunek hartu zuten parte. Grabazioa WhatsApp bidez partekatu da, eta sare sozialetan (Youtube eta Instagram) 6.000 bistaratze baino gehiago izan ditu; era berean, oihartzuna izan du tokiko hedabideetan, eta hezkuntza-lanerako material gisa erabili dute Murillo el Frutoko Raimundo Lanas ikastetxe publikoan eta Tafallako eskualdeko eskoletan.
Gainera, Erdialdeko hainbat erakunderen babes-gutunak jaso ditu; hala nola, Murillo el Frutoko, Zarrakazteluko eta Santakarako Udalenak, Erdialdeko Partzuergoarena eta Zarrakazteluko Oinarrizko Eremuko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearena.
Berdintasunarekiko konpromisoaren aldeko saria
Berdinna Saria 2018an eman zen lehen aldiz, eta horren helburua da Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egin duten lanarengatik nabarmentzen diren erakundeak edo pertsonak publikoki aintzatestea.
Saria emateko, epaimahaiak hainbat alderdi baloratzen ditu; esate baterako, ibilbidea, lanaren irismena, gizartearekiko duen inpaktua eta, jakina, emakumeen eskubideak aitortzeko egiten duten ekarpena, berdintasun handiagoko gizarte eta gizarte errealago bat lortzeko bidean egindako aurrerapenaz gain.
Sariak 3.000 euroko zuzkidura ekonomikoa du, eta urtero ematen da Emakumeen Nazioarteko Egunaren (M8) esparruan.
Aurreko edizioetan, Berdinna Saria jaso dute Nafarroan erreferente diren pertsona eta erakundeek berdintasunarekin duten konpromisoa medio. Horien artean, honako hauek aurkitzen dira: Esther Erice magistratua (2025), Salerosketaren Aurkako Ekintza elkartea (2024), Nafarroako Berdintasunaren aldeko Emakumeen eta/edo Feministen Erakundeen koordinatzailea (2023), COCEMFE Nafarroa (2022), Nafarroako Landa Inguruneko Familien eta Emakumeen Elkartea (2021); Lunes Lilas kolektiboa (2020), Alaiz Elkarte Kolektiboa (2019) eta Blanca Fernandez Viguera ikertzailea (2018). Horien ibilbideekin modu erabakigarrian bultzatu da Foru Komunitate osoan gizarte berdinago bat lortzeko bidean aurrera egitea.