Aurora Beltran abeslaria, Kulturaren Vianako Printzea 2026 Saria

2026ko maiatzaren 22, ostirala

Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismo kontseilariak ostiral honetan prentsaurrekoan azaldu duenez, Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluak Aurora Beltran abeslari nafarra proposatu du Kulturaren Vianako Printzea 2026 Sarirako, musika “adierazpen pertsonal eta kolektibo gisa” defendatzeagatik, “benetakotasuna eta herritarrekiko konexio emozionala alde batera uzten ez duen ibilbide profesionalaren bidez. Era berean, Esnaolak aurreratu du Talentu Artistikoaren Sustapenaren Saria, 30 urtetik beherakoentzat dena, Maria Cristina Morenori eman diotela. Aurten, zazpigarren edizioa izango du Sariak.

Vianako Printzea Sariaren epaimahaia Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseilua osatzen duten pertsonek osatu dute, eta ostiral honetan bildu da Nafarroako Jauregian, sariaren 37. edizioko hautagaitza irabazlea erabakitzeko. Sariaren helburua da Nafarroarekin lotura berezia duten pertsona edo erakunde garrantzitsuek egindako lana saritzea, kulturaren edozein arlotan; hots, sorkuntzan, azterketan edo ikerketan edota hura sustatuz.

Bi sarietarako proposatutako pertsonen izenak prentsaurrekoan jakinarazi dituzte. Bertan izan dira kontseilariarekin batera, Ignacio Apezteguia, Vianako Printzea Erakundea-Kultura zuzendari nagusia, eta Iñigo Perez, Vianako Printzearen hautagaitza irabazlea bultzatu duena eta Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluko kidea.

Esnaola kontseilariak nabarmendu du Aurora Beltran “Espainiako rockaren ahotsik adierazgarrienetarikoa dela, eta 80ko hamarkadan musikaren ibilbidea egiten hasi zenetik, haren ahotsa eta musika indartsu entzun direla bai Nafarroan, bai estatuan, bai nazioartean, bakarka nahiz Belladona edo Tahúres Zurdos bezalako talde ospetsuetan parte hartuz”.

Saria 20.000 eurokoa da, eta abeslariari ekainaren 13an emango zaio Los Arcosko Kultur Etxean, 2026an 850 urte beteko baitira Antso Jakitunak Los Arcosko hiribilduari foruak eman zizkionetik (1176. urtea). Bestalde, Talentu Artistikoaren Sustapenerako Saria gehienez 10.000 eurokoa da, eta irabazleak proiektu artistiko bat abian jartzeko ematen da. Saria emateko ekitaldia ekainaren 3an izango da INAPen eraikinean, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egoitzan.

Aurora Beltran

Aurora Beltran Gila (1964, Iruñea) Potatasen (Beriain) hazi zen. Haurra zenetik, gaixotasun batek markatu zuen, ordu asko eserita egotera behartu baitzuen, eta, horrek eragin nabarmena izan zuen musikarako bokazioan. Denbora hori eramangarriagoa izateko, aitak gitarra bat oparitu zion, eta, horrela, musikarekiko interesa garatzen hasi zen. Hamahiru urte zituela, lehen abestia konposatu zuen, ‘Muerte ven’, beranduago haren ibilbide diskografikoan sartuko zena.

80ko hamarkadan Belladona taldeko gitarrista gisa hasi zen, eta harekin ‘Las mujeres y los negros primero’ albuma grabatu zuen. 1987an, Lolo anaiarekin eta beste musikari batzuekin batera Tahúres Zurdos taldea sortu zuen, eta taldearekin kontzertuak eman zituen Nafarroan eta Espainiako iparraldean. Oihuka etxearekin ere lehen diskoa grabatu zuen.

Taldea desegin ondoren, Beltranek bakarkako lehen diskoa estreinatu zuen 2008an, ‘Clases de Baile’, eta lan horretan Enrique Bunbury, Loquillo eta Carmen París bezalako artista nabarmenen laguntza izan zuen. Halaber, 2008an,  ‘Otra noche sin dormir’ biran parte hartu zuen, Rosendo eta Barricada bezalako artistekin batera, Espainiako eszenatoki garrantzitsuetan barrena, eta animalien defentsarako ongintzako disko batean parte hartu zuen.

2009an Estatu Batuetara iritsi zen haren musika, New York, Boston edo Filadelfia bezalako hirietan zehar egindako biraren bidez. 2011n, bestalde, ‘Museo Púrpura’ albuma grabatu zuen zuzenean, bakarkako etapako nahiz Tahúres Zurdos taldearekin egindako ibilbideko abestiekin, eta ‘Invicta’ kantu argitaragabea ere sartu zuen, 2005ean diagnostikatutako giltzurrunetako gaixotasun kroniko batek markatutako esperientzia pertsonaletik osatua.

Haren ibilbidea aitortzeko, 20212an Aragoiko Musikaren Sari Globala jaso zuen, eta Nafarroako Musikaren Galan omenaldia ere egin zioten.

Maria Cristina Moreno, Talentu Artistikoaren Sustapenerako Saria

Maria Cristina Moreno Vitas (Tutera, 2000) arte historialaria eta ilustratzailea da, egile komikian eta autoedizioan espezializatua. Lanean marrazkia eta narrazio grafikoa erabiltzen ditu gazteen prekarietatea, identitatea, osasun mentala eta sormen-prozesuak bezalako gaiak jorratzeko. ‘La Sociedad de las Ratas’ eta ‘Vida Galleta’ bezalako lanak argitaratu ditu, biak risografiaren teknikarekin eginak, ikuspegi esperimental eta umoristikotik. ‘Vida Galleta’ lanak La Casa Encendidaren Bandeja de Entrada saria jaso zuen eta Fanzimaden Voxel School saria ere bai; epaimahaiak gai sozialak ironiaz eta hurbiltasunez jorratzeko gaitasuna nabarmendu zuen.

Ibilbidean, autoedizioa eta komikia egin ditu eta Madrilgo eta Nafarroako arte gaztearen erakusketa eta jaialdietan parte hartu du. Halaber, Sub25 eta La Semana Mágica proiektu kolektiboetan eta hausnarketa sozialarekin eta osasun mentalarekin zerikusia duten hainbat erakusketatan parte hartu du. Bakarkako lehen erakusketa Tuteran aurkeztu zuen, ‘Conexiones inconexas’, hiperkonektibitatean eta harreman digital garaikideetan oinarritua.

Azken urteetan ildo artistiko esperimentalagoa garatu du, komiki garaikidearen barruan kontakizun bisual intimo eta kontzeptualerako modu berriak ikertuz. Saria ‘Caparazón de Cristal’ proiektura bideratuko da, Apolo eta Marsiasen mitoan inspiratutako eleberri grafikoa. Bertan, sormen-gatazken, artearen izaeraren eta nortasuna eraikitzearekin duen harremanaren inguruko hausnarketa egingo du.

Talentu Artistikoaren Sustapenerako Sariaren epaimahaiak, Moreno hautatzeko, komiki garaikidearen eta ilustrazioaren arloan ahots grafiko propioa sortu izana nabarmendu du, hizkuntza bisual ezaguna eta koherentea garatuz, estetikaren nahiz narrazioaren aldetik. Era berean, guztiz gaur egungoak diren problematikak jorratzeko duen gaitasuna baloratu du, batez ere gazteen prekarietatearekin eta etxebizitza eskuratzearekin loturikoak, belaunaldi oso batek partekatzen dituen kezkekin konektatu baitu, umorea eta sentsibilitate kritikoa erabiliz.

Artistaren proposamena hautatzeko beste arrazoietako bat ibilbidearen koherentzia estilistikoa eta tematikoa izan dira; izan ere, autoediziotik eta egile-komikitik nortasunari, sorkuntza garaikideari eta belaunaldien arteko esperientziei buruzko etengabeko ikerketa egiten du. Orobat, beste alderdi batzuk nabarmendu ditu epaimahaiak; hala nola, proposamen narratiboen eta bisualen originaltasuna eta heldutasuna, abangoardiako formatu eta tekniketara joaz, edo sarituak ilustrazioaren eta narratiba grafikoaren arloan lengoaia artistiko garaikideen alde egindako apustua, komikiaren muga tradizionalak zabaltzen dituzten sortzaileen belaunaldi berri baten barruan kokatuta.

 Aurora Beltran abeslaria, Kulturaren Vianako Printzea 2026 Saria
International Volunteer Year 2026