Asoziazionismoa bultzatzeko dirulaguntzak, Pirinioen lurralde-dinamizaziorako

2026ko maiatzaren 25, astelehena

Deialdi honen xedea da norgehiagoka bidez dirulaguntzak ematea irabazi-asmorik gabeko elkarteei, hauek bultzatzeko proiektuak gara ditzaten: herritarren parte-hartze aktiboa; elkarte sarearen garapena, lankidetza eta sareko lana; boluntariotza; hezkuntza; lurraldeko biztanleen, taldeen eta elkarteen arteko koordinazioa, informazioa eta komunikazioa; bai eta Pirinioetako Planaren lurralde eremuko gizarte, ekonomia eta kultura arloko aurrerapena ere, horrela, hirugarren sektoreak planean adierazitako eskaerei eta beharrei erantzuna emateko.

146E/2026 EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, deialdi hau onesten duena: "Asoziazionismoa bultzatzeko dirulaguntzak, Pirinioen lurralde-dinamizaziorako". DDBN kodea: 902955.

Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuan ezarri zen Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren misioa dela despopulazioaren kontrako borrokaren estrategiarekin lotuta dauden neurriak, erronka demografikoari aurre egitekoak eta lurralde egituraketaren aldekoak aztertu, koordinatu, proposatu eta izapidetzea.

Era berean, Erronka Demografikorako eta Lurraldearen Egituraketarako Zerbitzuak, aipatutako dekretuaren 26., 28. eta 29. artikuluetan adierazitakoaren arabera, honako eginkizun hauek ditu, besteak beste: "Pirinioetako Plana bultzatzea eta koordinatzea, Lursarea-Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentziaren eta lurraldeko eragileen laguntzaz" eta "Despopulazioak ukitutako lurralde eremuetan dirulaguntzak kudeatzea, herritarrek aukera izan dezaten oinarrizko zerbitzu publikoak, ekintzailetza, belaunaldi-erreleboa eta landa-ingurunean etxebizitza eskuratzeko, besteak beste".

2017ko maiatzean, "Pirinioetako Mahaia" eratu zen, eskualde horretako toki entitateek (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean jaso bezala) eta Artzibarko eta Orotz-Beteluko udalerriek osatua; mahai horren antolaketa-egituran tokia dute, halaber, inguru horietako erakunde sozialek eta herritarrek. Mahai horretatik sortu zen Pirinioetako egoerari buruzko ponentzia bat eratzeko ekimena, zeina begi onez hartu baitzuen Foru Parlamentuak.

Parlamentuko Ponentziak egindako txostenean jasota daude Nafarroako Pirinioaldeko diagnostikoaren elementu kritikoak: biztanle gutxi eta sakabanatuak, populazio zahartua eta gehienbat gizonezkoek osatua, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen gutxitzea, mugikortasunerako zailtasunak, azpiegitura aurreratuen falta, enplegu falta eta belaunaldi-erreleborik ez egun dauden jarduera ekonomikoetan aritzeko, etxebizitza lortzeko zailtasunak... Horren aurrean, bizimolde berriak hedatzen ari dira, hirikoa eta herrietakoa hurbiltzen dituztenak, eta, horrekin batera, landa eremua sustatu beharreko baliotzat hartzen duen ikuspegia, bertako ondare eta ingurumen aberastasuna, jarduera sektore berriak, herritar taldeen bizitasuna... Horiek guztiak Pirinioetako Lurralde Garapen Jasangarriaren pizgarri izan daitezkeen aukerak dira.

Parlamentuak emandako gomendioetako bat "Pirinioetako Plan Estrategikoa egin eta inplementatzea" da.

Parlamentuaren gomendio horiek aplikatuz, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak zenbait ekimen gauzatu ditu Pirinioetako Plana inplementatzeko, Pirinioetako Mahaiaren jarraibideetan eta erakunde kualifikatuekiko elkarlanean oinarritu den antolakuntza-estrategia operatibo bat erabiliz.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak Pirinioetako Planari dagozkion ekimenetan duen interes publikoaren erakusgarri, Nafarroako Lurralde Estrategiara jotzea besterik ez dago (Nafarroako Parlamentuak 2005eko uztailaren 4an onetsia). Bertan, presentzia berariazkoa eta nabarmena dute Pirinioek, bai Nafarroako Lurralde Ereduaren definizioan (3.3.7 kapitulua, Pirinioak eta beste landa eta natura eremu batzuk), bai lurraldearen kultura berrirako estrategian (4.5.2 kapitulua, Pirinioak).

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

Asoziazionismoa bultzatzeko dirulaguntzak, Pirinioen lurralde-dinamizaziorako
International Volunteer Year 2026