Nafarroako Estatistika Institutuaren (NASTAT) Nafarroako Biztanleriaren Errentaren azken Estatistikak egiaztatzen du Foru Komunitateak pobrezia-arrisku txikiena duela 2019tik, %22,8ko igoerarekin familien urteko diru-sarreretan. Zehazki, Foru Komunitateko familien urteko batez besteko diru-sarrera garbiak 45.453 eurokoak izan ziren 2024an, eta duela sei urte 37.010 eurokoak.
NASTATek gaur argitaratutako estatistika-oharraren arabera, pobrezia erlatiboaren arrisku-tasa —biztanleria guztiekiko, diru-sarrerak pobrezia-atalasearen azpitik dituen biztanleria islatzen duena eta ez pobrezia absolutua— Nafarroako biztanleriaren %21,4koa izan zen 2024an, aurreko urtean erregistratutakoa baino ehuneko lau hamarren gutxiago. Beraz, 20219az geroztik, tasarik txikiena izan zen, urte horretan hasi baitzen metodologia hori erabiltzen.
Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria den Carmen Maeztuk adierazi duenez, datu horiek Nafarroako biztanleria osoaren errenta errealaren estatistikaren bidez atera dira, eta pobrezia eta pobrezia larriko arriskuan dauden pertsonak gutxiago direla islatzen dute, 2019az geroztik biek tasa txikienak izan baitituzte. Kontseilariak honela nabarmendu du: “beste behin erakutsi da desberdintasuna eta pobrezia hobetu egin direla agenda sozial indartsu eta eraldatzailea duten gobernuak existitzen direnean”.
“Aurrerapenak lortu dira pertsonak politika publikoen erdigunean jartzeko apustu irmoa egin delako, enplegu duina indartzeko eta babes soziala sendotzeko neurriak hartu baitira, eskubideak bermatzeko eta pobreziari aurre egiteko tresna baliagarri gisa”, nabarmendu du Maeztuk.
30 urtetik beherakoen pobreziak behera egin du
Kokapenen arabera, Zangozako inguruan izan zen pobrezia-tasarik txikiena (%16,9); Ebroko Erriberan, aldiz, kopururik handiena izan zen (%29,6).
2023. urteari dagokionean, tasa hori ehuneko puntu bat jaitsi zen 65 urteko eta hortik goragoko gizonen kasuan eta ehuneko zortzi hamarren adin-talde bereko emakumeen kasuan. 16 eta 29 urte arteko pertsonei dagokienez, ehuneko zazpi hamarren jaitsi da, ehuneko zortzi hamarren adin-talde horretako emakumeen kasuan.
Sexuaren arabera, ehuneko 2,3 puntuko aldea egon zen pobrezia-arriskuaren tasan, eta handiagoa izan zen emakumeen artean. NASTATen arabera, 65 urteko eta hortik gorako biztanleriaren arteko aldea da pentsioen bidezko diru-sarrera askoz gutxiago jasotzen dituztela emakumeek gizonek baino, 14.069 eta 22.485 euro, hurrenez hurren. Pentsioak dira adin horretako errenta-iturri nagusia.
Nazionalitateari erreparatzen badiogu, pobrezia-arriskuaren atalasetik beherako pertsonen ehunekoa %15,8koa izan zen Espainiako nazionalitatea zutenentzat, %35,7koa Europa Batasunekoentzat (EB-27), Espainia kenduta, eta %65,7koa EB-27ko nazionalitatea ez zutenentzat.
EINek Espainia osorako egindako Bizi Baldintzen Inkestan lortutako pobrezia-arriskuaren atalasea kontuan hartzen badugu, Foru Komunitateko pobrezia-tasa %16,3ra jaitsi da, Nafarroako pobrezia-atalasea kontuan hartuta erregistratutakoa baino ehuneko 5,1 puntu gutxiago.
Gini indizeak diru-sarreren banaketan dagoen desberdintasuna kuantifikatzen du, eta 30,4koa izan zen, aurreko urtean baino bost hamarren txikiagoa; horrek, hortaz, errenten desberdintasunari dagokionean, egonkortasuna adierazten du. S80/S20 errentaren-banaketa desberdintasun ekonomikoaren adierazlea da, eta diru-sarrera handienak dituen biztanleriaren %20ko errenta osoaren eta diru-sarrera txikienak dituenaren %20aren arteko erlazioa neurtzen du. Bada banaketa hori 6,4koa izan zen, aurreko urtean baino lau hamarren gutxiago. Horrela, jaitsiera txiki bat gertatu zen diru-sarrera handienak dituen biztanleriaren %20aren errenta erabilgarri osoaren eta diru-sarrera txikienak dituen %20aren artean.
Halaber, pobrezia larriaren arrisku-tasa jaitsi da, eta horrek ere daturik baxuena erregistratu du 2019az geroztik. Kalkulua bi modutara egin da, atalase gisa hartuta kontsumo-unitate bakoitzeko batez besteko errentaren %30 eta %40.
Era horretan, %30ari erreparatzen badiogu, pobrezia larriaren tasa 2023ko %7,6tik 2024ko %7ra jaitsi da, eta %40 kontuan hartuta, berriz, 2023ko %11,9tik 2024ko %11,2ra jaitsi da.
Diru-sarrerak, berriz, %6,4 igo dira aztertutako azken ekitaldian
Nafarren diru-sarrera garbiek ere bilakaera positiboa izan dute. Zehazki, Foru Komunitateko etxeek urteko batez besteko 45. 453 euroko diru-sarrera garbiak izan zituzten 2024an; hau da, 2023an baino %6,4 gehiago (42.714 euro).
Pertsona bakoitzeko batez besteko diru-sarrera garbia 17.701 eurokoa izan zen eta kontsumo-unitate bakoitzeko batez besteko diru-sarrera garbia (etxeko diru-sarrera osoa kontsumo-unitate kopuruarekin zatituta lortzen dena) 26.177 eurokoa. Beraz, adierazle horiek %7,8 eta %7,3 hazi ziren, hurrenez hurren, aurreko urtearekin alderatuta.
NASTATek aldeak nabaritu ditu etxeko urteko errenta garbian, hartzaile nagusia gizonezkoa edo emakumezkoa den kontuan hartuta. Hartzaile nagusia gizonezkoa bazen, familiek batez beste 48.944 euroko diru-sarrerak izan zituzten, eta batez ere tarteko errenten eta errenta altuen estratuetan kokatu ziren; hartzaile nagusia emakumea bazen, ordea, etxeko errenta 37.801 eurokoa izan zen, eta estratu baxuetan kontzentratu zen. Etxeen %6,8 12.001 eta 15.000 euro arteko estratuan kokatu zen.