3.000 gaztek parte hartu dute orain arte Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolatutako udako 50 jarduera baino gehiagotan

2023ko uztailaren 27, osteguna

Javier Remirez lehendakariordea eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria eta Carlos Amatriain Nafarroako Gazteriaren Institutuko (NGI) zuzendari kudeatzailea Bertizko ingurumen-boluntariotzako esparruan izan dira gaur goizean, uztailaren bigarren hamabostaldian parte hartzen duten 18 eta 24 urte bitarteko 25 boluntarioek egiten duten lana ezagutzeko. NGIk antolatutako boluntariotzako sei eremuetako bat da. Autonomia-erkidegoen arteko kanpamendu-trukeek, aire zabaleko kanpaldiek eta Gazte Txartelaren jarduera eta sustapenek, NGIk 50 aukera baino gehiago eskaini ditu udan. Aurten, 3.078 gaztek hartu dute parte jarduera horietako batzuetan.

Bisitan, Remirezek eta Amatriainek bertatik bertara ezagutu dituzte boluntarioek Bertizko Jaurerriko Parke Naturaleko lorategi botanikoan dagoen eremu natural batean burututako egokitzapen-lanak. Remirez kontseilariak lanaz gain, belaunaldi berriek ingurune naturala zaintzarekiko duten sentsibilizazioa baloratu du. “Jakin badakigu gazteak gero eta gehiago jabetzen direla ingurune naturala zaintzeko beharraz, eta klima-aldaketaren kontrako borrokan kezkatuta eta konprometituta daude. Horrek inspiratzen du, baita ere, Nafarroako Gobernua 2030 Agendaren bidez esparru horretan garatzen ari den konpromisoa eta lana”.

“Seguru nago esperientzia honek eragin positiboa izango duela norberaren garapenean. Boluntariotza-eremu horiek, NGIk gazteentzako abentura, kirol eta kultur arloan eskaintzen dituen gainerako jarduerekin batera, Institutuak aisialdi hezitzailearen eta komunitarioaren alde egindako apustuaren adibide argia dira, gazteen garapen eta hazkunde pertsonalerako espazio gisa”, ziurtatu du.

Nafarroako Gazteria Institutuak Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuarekin lankidetzan antolatutako boluntariotza-eremuan hamaika erkidego ezberdinetako gazteek parte hartzen dute: Andaluzia, Aragoi, Balear Uharteak, Kanariak, Gaztela-Mantxa, Katalunia, Euskadi, Extremadura, Madril, Murtzia eta Nafarroa.

Ingurumen, arkeologia eta memoria arloko boluntariotza Nafarroan

NGIk antolatutako gainerako boluntariotza-eremuak garatzen ari dira edo udan garatuko dira Urbasa-Andia Parke Naturalean eta Bargotako Monasterioan (Maņeru) eta Nafarroako Pirinioetako Muga Gotortuaren proiektuarekin jarraituko da  Baztango Haranean eta Erronkaribarren. Guztira, autonomia-erkidegotako 150 gaztek parte hartuko dute boluntariotza-eremuen bitartez Foru Komunitateko hainbat lekutako eremu naturalak mantentzen eta ondarea kontserbatzen eta berreskuratzen.

Lehen boluntariotza-eremua ekainaren hasiera aldera egin zen Bargotako Monasterioan. Bigarren eremu batek ekainaren bigarren hamabostaldian jarraitu du lanak egiten, monasterio hori berreskuratzeko; hain zuzen ere, Bargotako monasterio zaharraren indusketa arkeologikoa, Done Jakueren Bidean dagoena Maņerutik igarotzean. Monasterioa XII. mendean eraiki zuten. Monasterioaren egiturak garbitzeko, berreskuratzeko eta dokumentatzeko lanak Kulturako Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundearekin elkarlanean egin dira.

Urbasa-Andia Parke Naturalean kokatutako eremuan abuztuaren lehen hamabostaldian egingo dituzte lanak; hau da, parkeko bidezidorrak eta eremuak garbitzea, sastrakak kentzea, egokitzea eta markatzea, Bertizko eremuan bezala. Halaber, borden itxiturak eta informazio-panelen mantentze-lanak egingo dituzte.

Azkenik, Nafarroako Pirinioetako Muga Gotortuko eremuen, Erronkaribarren eta Baztanen daudenen, helburua da erregimen frankistak 1940 eta 1950 urte artean eraikitako erresistentzia-guneetako bunker-mota ezberdinak berreskuratzea. Horiek guztiak Pirinioetako defentsa-antolamendukoak izan ziren, eta, horiek berrituta, memoria historikoa berreskuratzen eta zabaltzen lagunduko da, Nafarroako Memoriaren Institutuarekin elkarlanean.

Boluntariotza-eremu horien bitartez, elkartzeko eta trukatzeko guneak eskaini nahi zaizkie jatorri ezberdinetako pertsonei. Pertsona horiek elkarrekin biziko dira eta borondatez lan egingo dute bi astez, interes komunitarioko proiektu bat bultzatzeko, izan arlo sozialekoa, ingurumenekoa edota kulturala. Era horretan, boluntariotza-taldeak egin beharreko lanak osatzeko, jarduera kulturalak eta aisialdikoak izango dituzte, eta esperientzia integrala eskainiko dute elkartasuna, elkarrekiko laguntza eta ingurumenaren zaintza bezalako balioetan.

Gazteentzat udako beste jarduera batzuk

Boluntariotza-eremuez gain, NGIren udako programan, Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri ezberdinetako kanpamentuak eskaintzen dira, aire zabaleko kanpaldiak eta 1.400 plaza baino gehiago abentura anitzeko jardueretan. Azken horien artean, honako hauetan egindakoak nabarmendu behar dira: Baztan Abentura Park eta Irrisarri Land, Lizarraldea (river walking eta eskalada), Alloz (Nafarroako Bela Eskolaren eskutik), Euskal Kostaldea (surfa eta urpekaritza) eta Murillo de Gallego (rafting). Horrez gain, aurten, abentura anitzeko eta nautikako beste jarduera bat eskainiko da Irunberrin asteburuan, eta surfeko bigarren bat Laredon (Kantabria).

Era berean, Nafarroako Europako Gazte Txartela dutenek deskontuak eskura ditzakete musika-jaialdietara, Baluarten eskainitako jardueretara eta sormenarekin loturiko tailerretara joateko; esate baterako, Japoniako koadernaketa edo zurezko bitxigintza. Gazte Txartelaren agenda iraunkorrak, bestalde, 304 abantaila ditu elikaduran, ostatuan, erosketetan, kulturan eta aisialdian, kiroletan, ostalaritzan, osasuna eta edertasunean, zerbitzuetan eta bidaia eta garraioetan. Horien artean, aterpekide-txartela doan eskaintzen da Gazteentzako Aterpeen Espainiako Sarera (REAJ) atxikitako aterpetxeetara jotzeko eta horietan deskontuak lortzeko.

Gazte Txartelaren jarduerei eta abantailei buruzko informazio guztia nahiz inskripzioa  iOS eta Android-erakoprestatutako aplikazio mugikor berrian eskura daiteke.

3.000 gaztek parte hartu dute orain arte Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolatutako udako 50 jarduera baino gehiagotan
International Volunteer Year 2026